Pasa den astean barrakoiak ezarri dituzte Baionako Justizia Epaitegiaren parkingean. Baionako prokuradore Samuel Vuelta Simonek baieztatu egin du sare sozialetan bizi zabaldu den susmoa: G7ko gailurraren aurkako protestetan aurreikusten dituzten atxilotu ugariak sartuko dituzte barrakoietan.
Sare sozialetan zabaldutako argazkietan ikusi daitekeenez, Baionako Justizia Epaitegiaren parkingean hamaika barrakoi ezarri dituzte. Berria azkar zabaldu da asteburuan. Epaitegiak gainezka egin dezakeelakoan, barrakoiek G7ko gailurraren aurkako protestetan atxilotuak izango diren herritarrak hartzeko funtzioa dutela salatu dute pertsona eta mugimendu askok.
Igandean uste horiek baieztatu zituen Baionako prokuradore Samuel Vuelta Simonek, Liberation egunkarian: “Epaile aurrean deklaratu behar duten pertsonak hartzeko prefabrikatuak dira”. Prokuradoreak barrakoien bertuteak azpimarratu ditu. Barrakoiek atxilotuen “segurtasun eta erosotasun baldintzak” bermatzen dituztela ziurtatu du. “Aire egokitua, bainugela eta abokatuekin elkarrizketa izateko aretoa” dituztela ere idatzi du, eta barrakoi bakoitzak “hamabost pertsona baldintza egokietan” hartu ditzakeela.