Euskal Herria Bizirik ekimena aurkeztu dute, azpiegitura handien aurka eta landa eremua zaintzearen alde mobilizatzeko

  • Hainbat eragile ekologistak bat egin dute indarrak metatu eta mobilizazio bateratua deitzeko. "Natura benetan babesteko politikak" exijitzeko, manifestazioa egingo dute maiatzaren 20an Gasteizen.

Produkzio sistema berregituratzeko moduko politikak eskatu ditu Euskal Herria Bizirik plataforma sortu berriak. (Argazkia: Araba Bizirik / ALEAtik hartuta)

2023ko otsailaren 22an - 10:00
Azken eguneraketa: 11:46

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hogei eragile ekologista elkartu dira Euskal Herria Bizirik-en, naturaren ondarea eta landa eremua zaindu eta defendatzeko, eta azpiegitura proiektu handien aurka jarduteko. Tartean dira, besteak beste, Ekologistak Martxan, AHT Gelditu, AHTaren Kontrako Asanblada, Arabako Mendiak Aske, Gipuzkoako Mendiak Aske, Enkarterri Bizirik, baita tokiko hainbat talde ere, eta Lapurdiko, Nafarroako Beherako, Nafarroa Garaiko eta Zuberoako eragileen atxikimendua ere jaso dutela adierazi dute.

Lehen hitzordu nagusia maiatzaren 20rako ezarri dute: manifestazioa Gasteizen. Horrez gain, apirilaren 22rako Erdiz Bizirik plataformak Iruñerako deitu duen manifestazioa babestu du Euskal Herria Bizirikek, eta jakinarazi, asteburu honetatik hasita, bilerak egingo dituztela hainbat eragile ekologistarekin –lehena larunbat honetan, Ziordian–.

"Azpiegitura berri ugariren eraso bortitza"

"Kezkagarria da ikustea nola inbertitzaile handiak gure lurraldera datozen berriz ere, ingurune naturala hondatzen jarraitzeko eta orain arte kontserbatu diren baliabide natural urriak lapurtzen segitzeko", adierazi dute manifestuan. AHTarekin urteak eta urteak daramatzate lanean agintari politikoek eta erdi egina dagoen arren amaierarik ikusten ez zaion proiektua da, baina horrez gain, azken urte eta hilabeteetako balizko azpiegitura handiengan jarri dute fokua, zentral eoliko eta fotovoltaikoetan.

"Trenbide proiektu eta azpiegiturak, zentral eolikoak edo fotovoltaikoak eta horiei dagozkien banaketa-lineak, erraustegiak, negutegi industrialak eta animaliak hazteko ustiapen intentsiboko fabrikak. Horiek guztiak agertzen dira Euskal Herriko mapan, jada martxan dauden proiektuak edo laster gauzatzekoak direlako. Proiektu horiek eremu komunalak eta laborantza lurrak bereganatzen dituzte, gure lurraldea egituratzen duten eta bizitzari eusten dioten ekosistemen desagertzea dakartelarik". Hala ohartarazi dute oharrean, eta uste dute halako proiektuek landa eremua eta bertako bizimodua "apurka-apurka desegitea" ekarriko duela, komunitate txikiak eta baserriak "desagerraraziz".

(Informazio gehiagorako, ikus Estitxu Eizagirrek ARGIAra ekarritakoa: Eusko Jaurlaritzak aurreikusten dituen energia berriztagarrien proiektuen mapa).

Horrez gain, azpimarratu dute diru publikoa patrika pribatuetara eramateko abiatzen dituztela halako proiektuak, bai politikari askok baita enpresa handiek ere. Horregatik, legeak "korporazio handien interesetara" egokitzen dituztela adierazi dute.

Produkzio sistema berregituratzeko aldarria

Euskal Herria Bizirik plataformaren ustez, trantsizio energetikoa edo deskarbonizazioa bezalako terminoek "ez dute zentzurik" gaur egungo krisi ekosoziala "eragin duten berberek behin eta berriz erabiltzen dituztenean".

Uste dute kontsumo neurrigabea bultzatzen duela merkatuaren logikak, eta hura aldatu gabe ez dela krisi ekosoziala gaindituko. Horregatik eskatu dituzte produkzio sistema berregituratzeko moduko politikak, "produkzio sistema ondasun komunala hobetzera" bideratzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal Herria Bizirik
2024-04-15 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan mobilizazioa
"Ez da trantsizioa, espekulazioa da"

Euskal Herria Bizirik sareak antolatuta eta 84 eragilek deialdiarekin bat eginda, 2.200 pertsona manifestatu dira "Lurraren defentsan" Azpeitian, apirilaren 13an. Goizean bertaratu direnek lau tailer eta mahai-inguru baten bidez aztertu dituzte zein diren berdez... [+]


2024-04-10 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan mobilizazio eguna apirilaren 13an Azpeitian
“Enpresen eskuetan gaude eta politikan ez dago horri galga jarriko dion inor; hori are larriagoa da”

Lurraren defentsan mobilizazio eguna deitu du Euskal Herria Bizirik sareak apirilaren 13an Azpeitian, "lurraldeari eta landa-eremuari eraso egiten dioten makroproiektuekiko arbuio sozial zabala erakusteko". Deitzaileekin bildu gara.


2024-04-08 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan topaketak eta manifestazioa deitu ditu EH Bizirikek larunbata honetan Azpeitian

Lurraren defentsan Euskal Herria Bizirik sareak manifestazioa deitu du apirilaren 13 arratsaldeko 18:00etan Azpeitian, "lurraldeari eta landa-eremuari erasotzen dioten makroproiektuekiko arbuio sozial zabala erakusteko". Goizean gaiari lotutako hainbat tailer eta... [+]


2024-03-18 | ARGIA
EH Bizirik elkarretaratze zaratatsura deitu du Europako industria eolikoaren kongresuaren aurrean

Martxoaren 20an Barakaldoko BECen egingo du Europako industria eolikoak bere urteroko kongresua, "Wind Europe" deitu diotena. 10:00etan atarian elkarretaratze zaratatsua deitu du EH Bizirik sareak.


2024-03-12 | Estitxu Eizagirre
Jorge Riechmann
"'Trantsizio energetikoa' lematzat duen bizimodu inperialak ez gaitu infernutik aterako"

Ekologismoa trantsizio energetikoaren dilemen aurrean gaiaz mintzatu da Jorge Riechmann ekologista ezkertiar antikapitalista Gasteizen, Araba Bizirik taldeak antolatuta. Adrián Almazán unibertsitateko irakasle eta Araba Bizirik taldeko kideak gidatu du solasaldia... [+]


Eguneraketa berriak daude