EH Bizirik elkarretaratze zaratatsura deitu du Europako industria eolikoaren kongresuaren aurrean

  • Martxoaren 20an Barakaldoko BECen egingo du Europako industria eolikoak bere urteroko kongresua, "Wind Europe" deitu diotena. 10:00etan atarian elkarretaratze zaratatsua deitu du EH Bizirik sareak.


2024ko martxoaren 18an - 12:21
Azken eguneraketa: 15:55

"Multinazionalen zein inbertsio-funtsen mesedetan lan egingo duten eta gure natura eta landa-eremua suntsituko duten makro proiektuen inposizioari aurre egiteko asmoz" indarrak batu dituztela azaldu du Euskal Herria Bizirik sareak, hedabideetara igorri duen oharrean. Energia berriztagarriak eraikitzeko prozesu azkarra bizi dugula oroitarazi dute: "Bai makroproiektu hauek instalatzeko eskaeren ugaltzeak zein onartzeke dagoen Energia Berriztagarrien Arlokako Lurralde Egitasmoan aintzat hartzen diren proposamenek, 150 instalazio inguru eraikitzea ekarriko dute. Funtsean, hauek mendietan eta nekazaritza-eremuetan kokatu nahi dituzte eta gure naturan, ekonomian, historian zein kulturan eragin zuzena izango dute. Hau guztia, gainera, gizartearen iritzia aintzat hartu gabe, gehiengoak proposamenari uko egingo liokeela kontuan hartuta".

Enpresari eta politikarien aurrean bi aldarrikapen

Barakaldoko BECen Europako industria eolikoak urteroko jardunaldia antolatu du. EH Biziriken hitzetan, "berdez makillatutako burbuila ekonomiko berria elikatu nahi duten munduko enpresarien eta politikarien bozeramaileak elkartuko dira". Bi aldarrikapen plazaratu nahi ditu EH Bizirik sareak enpresari eta politikari horien aurrean:

Batetik, "proiektu mota hauek instalatu ahal izateko baimenak eta Lurralde Egitasmoaren egungo izapidetzea berehala etetea eskatzen dugu". Hori eskatzeko argudiatu dute "kulturan, naturan, ekonomian eta historian eragin negatiboak dituela, gure lurraldea eskaintzaile hoberenari saltzen diogula edo behintzat hipotekatu". Bai erredakzioan zein garapenean gizartearen parte hartzea "erabakigarria izango den" beste egitasmo bat bideratzea eskatu du EH Bizirik sareak.

Bestetik, eskatu du "natur baliabideen suntsipen sistematikoa geldiaraztea". EH Bizirik sareak gogorarazi du bederatzi muga biofisikoetatik sei gainditu direla: "Egonkortasun ekologikoaren itzulerarik gabeko arriskuaz kontziente izanik, ingurugiroarekin erlazionatzeko modua oinarritik aldatzearen beharra aldarrikatzen dugu!". Paradigma aldatzea "premiazkoa da" EH Bizirikentzat eta paradigma berriaren ezaugarriak zerrendatu ditu: "Pertsonak eta natura sistemaren erdigunean kokatuko dituena, politika guztietan osasunaren kontzeptua txertatuko duena eta ondorioz, larrialdi klimatikoaren testuinguruan balio ekologikoak erabakigarriak izatea kontuan hartuko duena". Iragarri du aldarrikapen hau apirilaren 13an Azpeitiko egingo duten manifestazioan oso presente egongo dela.

"Gizarte eztabaida oinarri duen diseinua defendatzen dugu", adierazi du sareak: "EAEko gizartearen kontsumoak eta horniketak zentroan jarriz, orube urbanizagarrietan sostengatzen diren irtenbideetan oinarrituz eta energia sortzeko deszentralizazioaren eskema baliatuz". Bide horretan makroproiektuei "ezetz borobila" ematea "berebizikoa da" EH Biziriken ustez. "Energia berriztagarriak bai, baina ez horrela! Makroproiekturik ez!" egin du aldarri.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Parke eolikoak
2024-05-24 | Estitxu Eizagirre
Hernani, Arano eta Elduain arteko mugetan bost haize errota jarri nahi dituen proiektuaren atzean Endesa dago

Enigma Green Power enpresak "Ikatz Gane" deitu dion proiektu eolikoa egiteko "aldez aurreko administrazio-baimena" eskatu du. Bost haize errota jarri nahi ditu. Enigma Green Powerren jabe bakarra Arena Green Power da, eta honen kargudunen artean da Endesa.


Balmasedako zentral eolikoaren proiektua atzera bota dute, "gutxiago eragingo" duen beste bat egiteko

Kolitza mendiaren magal batean eraiki nahi zituzten haize erroten proiektua atzera bota du Eusko Jaurlaritzak, hala adierazi du Balmasedako alkateak. Baina horren ordez, "eragin gutxiago" duen beste zentral bat aurreikusi dute inguru bertsuan. Maiatzaren 26an Euskal... [+]


2024-05-09
Siemens Gamesak "doikuntzak" iragarri ditu eta kezka areagotu da langileen artean

Energiaren sektoreari loturiko konpainiak bere zuzendari nagusia aldatu du, doikuntzak iragartzearekin batera. Euskal Herriko lantegietan ia 3.000 langile aritzen dira eta sindikatuak kezkatuta agertu dira, kaleratzeak ekar litzakeelako erabakiak.


Galizian 13 parke eolikoren proiektuak geldiarazi ditu justizia auzitegiak, ingurumenean izan ditzaketen ondorioengatik

Berriztagarriek Galizian ere sukarra bizi dute eta proiektu ugari justizia auzitegietan dira momentu honetan. Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiak haietako hamahiruren gaineko suspentsioa agindu du, eta horretarako bere irizpideak egokitu ditu Espainiako Auzitegi Gorenak... [+]


Eguneraketa berriak daude