Azken hilketa matxista salatzeko mobilizazioak egingo dira

Maguette Mbeugou, indarkeria matxistak Euskal Herrian eraildako azken aurreko emakumearen hilketa gaitzesteko manifestazioa, Bilbon (Argazkia: Ecuador Etxea)

2018ko urriaren 25ean - 10:28
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Urriaren 16an Iruñeko Kale Nagusiko 55. zenbakiko lehenengo solairuan izandako sutean larriki zauritu zen Yolanda, 50 urteko emakumea. Sutea honen bikotekideak eragin zuen, zeina kartzelaratu egin duten. Iruñeko emakumeen kontrako indarkeria auzitegiko titularrak honen fidantzarik gabeko behin-behineko espetxeratzea komunikatu zuen astelehenean, emakumea hiltzeko saiakera egitea leporatuta. Gizonak genero indarkeria aurrekariak ditu, Yolandak honen kontra salaketa jarria zeukan, eta ekainera arte urruntze-agindu bat izan zuen indarrean.

Gertakaria gaitzesteko, mobilizazioak deitu ditu Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak. Iruñean asteazkenean egin zen elkarretaratzea, 20:00etan Udaletxe plazan. Ordezkari politikoek, beraien partetik, eguerdiko 12:00etan minutuko isilunea egin zuten.

Ostegunean Bilbo, Donostia eta Gasteizen egingo dituzte mobilizazioak: Bilbon manifestazioa egingo da, 19:00etan Arriagatik; Donostian elkarretaratzea deitu dute, 19:00etan Boulebardean; eta Gasteizen 19:30etan egingo da elkarretaratzea, Andra Mari Zuriaren plazan. Baliteke herri gehiagotan ere zabaltzea antzerako deialdiak.

 

 


Indarkeria matxista kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...