Ayiti-Haiti, globalizazioaren arragoa 1492tik

  • Azkentzea izan da Haitirentzako urtarrilaren 12ko lurrikara, errematea. Ekonomian, kulturan, egitura sozialetan, ekologian... hirugarren munduko herritar eta nazio askok bizi duten erabateko hondamendiaren adibide muturrekoa zen Haiti aspalditik. Hala jarraituko du, ezustekorik ezean.

2010ko urtarrilaren 24a

Cristobal Colon 1492an iritsi zenean La Española bataiatuko zuen ugartera, bertan ia 500.000 herritar biziko ziren, Taino etniakoak, Arawak multzoko hizkuntza batean mintzo zirenak, egitura politiko, sozial eta ekonomikoen jabe. Dena galduta, inbaditzaileen kontrako borrokan hil zuten Anacaona erregina barne, hogei urte beranduago 10.000 besterik ez ziren. Gainerakoak espainiarrek ekarritako gaixotasun berriez gain urre meatzeetan derrigortuta egin beharreko esklabu lanek eta kolono berrien tratu basatiak suntsitu zituzten.

Bertakoek Kiskeya deitu herrialdean geroztik gertatua munduko hamaika lekutan aurki daiteke, Kongon bezala Bolivian, baina nekez jokatu du europarrok zibilizazioa deitu dugun horrek munduan beste inon Haitin bezain errukigabe.

Jatorrizko Taino jendea kasik desagertuta, Espainiako Carlos I.ak 1517an agindu zuen La Española birpopulatu zezatela Afrikatik eramandako esklabu beltzekin. Bigarren hondamendia erantsiz –Afrikaren odolustea– lehenbizikoari. La Españolan ugari omen zen urrea ateratzeko presa zeukaten espainairrek... eta are presa handiagoa enperadorearen bankero germaniarrek urre hura kobratzeko, konkistarako aurreratutako kredituen trukean.

Hain handia izaki hango urre, esklabu eta gaineratikoen trafikoa, Kariberako ataria zen La Españolako itsas hegia bihurtu zen klase guztietako pirata, bukanero eta kortsarioen paradisu. Horien artean aipatzen da Jean Lafitte, askok Port-au-Princen jaiotzat baina beste batzuek Baionan sortutzat jo izan dutena.

1697an Espainiaren eta Frantziaren artean zatiturik, gaur Haiti dena Saint Domingue deitu zen luzaz, eta Frantzia osotik –tartean Sud-Ouest deitutik– joandako 30.000 kolono bertaratu zen. Laster bihurtuko zen Frantziaren kolonietan emankorrena, klima eta lurzoru aberatsen jabe izaki, hartan azukre, kafe eta indigo produkzioak txit oparoak zirelako. Etekinen trukean, Afrikatik eten barik ekarri behar ziren esklabuak, plantazioetan bizi laburra zutelako, ugazabek ematen zieten tratu basatia zela medio.

1789an Frantziako Iraultza gertatzean Saint Domingueko beltz askok uste izan zuten esklabutza bertan amaituko zitzaiela. Hala ere 1791ean matxinatu behar izan zuten, eta Pariseko Konbentzioak 1793an onartu zuen esklabutzaren amaiera.

Matxinada haren buru Toussaint l’Ouverture esklabu ohia izan zen. Hona beste paradoxa bat: gerrako teknikak armada frantsesean ikasiak zituen Estatu Batuen independentzia gerran ingelesen kontra laguntzera joanda.

Baina Napoleon Bonapartek bere burua enperadore izendatu ondoren esklabutza berrezarri zuen –Frantziako jakobino askok gaur ahaztu nahiko luketen arren– eta haitiar beltzek bigarren aldiz oldartu behar izan zuten. Honetan engainuz preso hartuta hil zuten frantsesek Toussaint l’Ouverture eta haren laguntzaile Jean Dessalinesek sinatu zuen gerra. Bidean hil ziren 100.000 beltz eta 20.000 kolono.

Hondamendien laborategi

Ez da ahaztu behar Estatu Batuetan bertan esklabutza indarrean zegoela garai hartan. Gerrak egitura ekonomiko osoa –esklabutzan oinarritua– deuseztaturik, esklabu libratu berriak oinarrizko jakintzarik gabeak izaki, bideragarritasuna aurkitzen ez zeukan errez estatu berriak. Baina inperio kolonialek oraindik pittin bat gehiago okertu zezaketen Haitiko bizimodua.

1825ean Frantziak armada bidali zuen Haitira independiente jarraitzekotan baldintza berriak ezartzera: 150 milioi libera urrezko ordaindu beharko zituen. Haitiarrek odolez irabazitako askatasuna bigarrenez eskuratu behar zuen, dirutan. Gainerako estatu indartsuek erabateko boikota ezarri zieten, gainera.

Haitik 200 urteotan 32 kolpe militar jasan ditu, eta diktadore bakan batzuez at inongo agintarik ez du lortu betekizuna era egonkorrean burutzerik. Tartean AEB bihurtu zen Ameriketako potentzia nagusi, XIX. mende bukaeratik behin eta berriro esku hartuz Haitiko bizimoduan. Zeharka, beti; zuzenean, armada bidalita, sarritan.

1914an, herrialdean bizi zen borroka giroa aitzakiatzat hartuta, Alemania, Britainia Handia, Frantzia eta AEBetako armadek inbaditu zuten Haiti. Amerikarrak 1934 arte geratuko ziren bertan. Alde egin zutenean, Haitik falta zituen batetik Banku Nazionaletik marineek eraman zituzten 500.000 dolarrak eta bestetik AEBetako bankuekiko Haitik hartu zuen 40 milioi dolarreko kredituaren katea.

1957tik 1986a arte luzatuko zen Duvalier familiaren aginte totalitarioa. François Papa Doc estraina eta Jean-Claude Bébé Doc gero agintari terrore erabilitzaile basatiak izan ziren; garai haietan munduan famatu egin zen haien armada pribatua, Tonton Macoutes deitu matoi eta gorilaz osatua.

Duvaliertarren agintea 1986an bukatu zen, demokrazia eta bizimodu duinagoa eskatzen zituzten herritarren mobilizazioak ikusirik AEBko gobernuak Frantziarekin negoziatu zuenean Bebe Doc eta haren ingurukoen atzerriratzea.

1986tik gaurdainoko Haitiren bilakaera politikoa esplikatzeko gizon baten lan, indar eta kontraesanak azaldu beharko genituzke: lau aldiz presidente izatera heldu eta lautan agintetik bota duten Jean-Bertrand Aristide apaiz ohiarena. Beste Net Hurbil bat osorik beharko litzateke.

Haiti mundu honetako infernua dela esan da. Ziurrenik zehaztasun gehiagoz idatzi liteke Haitin arragoa edo laborategi batean bezala bildu direla azken 400 urteotan munduko jende txiroenei ezarri zaizkien zapalkuntza guztiak.

Gaur egun herritarren %1ek pilatzen du Haitik daukan aberastasun osoaren erdia, eta jendeen %80 egunean 2 dolar baino gutxiagorekin bizi da. Egitura politiko, ekonomiko, sozial eta kulturazko guztiak atzerriko esku hartzeen poderioz behin eta berriro suntsitu zaizikio. 1.309 milioi dolar zor ditu. Aspalditik dago industriarik eta kasik artisautzarik ere gabe.

Azken hamarkadotan nekazaritza suntsitu diote, AEBetatik merke inportatuz han subentzioz lagunduta produzitutako janariak eta baserritar haitiarrak arruinatuz. Hemeroteketan aurki daitezke hormonaz hazitako oilaskoek Haitiko haurretan egindako kalte ikaragarriak. Laurogei urteren buruan zuhaitzik gabe geratu da, mixeriaren mixeriaz.

Argi esanda: Haitik ez dauka ez itxaropenik eta ez etorkizunik. Baldin eta potentzia handiek erabakitzen ez badute mundu osoarentzako dela kaltegarria milioika herritar infernuetan sartuta edukitzea.

Argazki oina: Allyson Ingerman-ek kudeatzen duen Imgihe this gunetik hartutako argazkia: emakumea buztinezko opilak prestatu eta lurrean zabaltzen ari da, eguzkitan lehortu, eta saltzeko... janaritzat. Haitiar askok umetatik buztinezko opilak kontsumitzen dituzte, janaririk ezean goseak eragindako tripako minak goxatzeko. Gosetea oso zabalduta dago Haitiko hiri-txabolategietan. Duela hogeitabost urte arte bertako janaria bertan sortzen zen arren, Munduko Bankuak ezarritako politika neoliberalen ondorioz gaur Haitik elikaduraren hiru laurdenak inportatu behar ditu, baina nola ordaindurik ez dauka. AEBk honuntza bidali dituzte, laguntzen atalean sartuta, soberakinak eta baita gai susmagarriak ere, milaka haur gaixoarazi zituzten oilasko hormonaztatuekin ikusi zen bezala.

Lotura interesgarriak:

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Haiti  |  Munduko Bankua

Haiti kanaletik interesatuko zaizu...
2018-07-17 | ARGIA
Dimititu egin du Haitiko lehen ministroak austeritate neurrien aurkako protesten ondorioz

Jack Guy Lafontant Haitiko lehen ministroak dimititu egin du Nazioarteko Diru Funtsak behartutako austeritate neurriek protesta handiak eragin ostean herrialdean. Zehazki, gasolinaren prezioa igotzen saiatu ziren joan den astean, eta honek haserre handia eragin zuen.


2018-07-10 | ARGIA
Protesta gogorrek atzera bota dute Haitin erregaiaren prezioa igotzeko gobernuaren asmoa

Haitiko hiriburu Port-au-Prince protesta handien lekuko izaten ari da, herrialdeko Komertzio eta Ekonomia ministerioak ostiral gauean iragarri ostean erregaiaren prezioaren igoera nabarmena, Nazioarteko Diru Funtsak inposatutako austeritate neurrien parte gisa.


2016-10-25 | Ainhoa Bretos
Haitiko egoera larriaz ohartarazi du Mugarik Gabeko Medikuak GKEak

Matthew Urakana Haititik igaro eta bi astera 1,4 milioi biztanle inguru daude laguntza beharrean, Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak azaldu duenez. Elikagai arazo larriak direla eta, kolera agerraldi berri bati buruz ari dira medikuak. Malaria, dengea, pneumonia eta halako gaixotasunak hedatzeko arriskua dago.


2016-10-12 | Ainhoa Bretos
Kolera eta gosetea zabaltzen doaz Haitin urakanetik astebetera

Urriaren 4an Matthew Urakanak Haitiko hainbat herri astindu zituen. 473 hildako eta 339 zauritu eragin zituen, Herri Babeseko Erakundeak egindako azken txostenak azaltzen duenez. 900 inguru izango lirateke hildakoak, aldiz, Gobernuz Kanpoko Erakundeen datuen arabera.


2012-10-31
Sandy Urakana: New York, New York, New York... eta Haiti?

Sandy urakana mundu osoko hedabideek nola jorratu duten kritikatu du Daniel Schneidermann kazetari frantziarrak Rue 89 gunean. Modu berezian kontatu du Haitin 52 hildako eragin dituen ekaitzari buruz informatu ordez, kazetariak New Yorken gertatuko zenari begira jarri direla, Karibeko irlako egoera erabat ahaztuz. Artikulua euskaraz irakur dezakezu segidan.


2012-01-15
Haiti 2010-2012: ez laguntzarik, ez esperantzarik

Haitin 2010eko urtarrilaren 12ko lurrikara hain hilgarri suertatzea hango hazkunde ereduak eragin zuen: berrehun mila hildako (edo gutxiago, edo 300.000... oraindik datu argirik ez da) eta herrialde osoa txirtxilaturik. Baina potentzia handiek laguntza hazkunde eredu oker berarekin antolatu dutenez, Haitik okerragorako bidean darrai.


2010-05-11
Haiti: Lurrikararen irudi gogorretatik harago, bizirik

Kainabera GKE-ak antolatuta, Haitiri buruzko hitzaldia eskaini zuten hilaren 6an Elorrion Xabier Madariaga EITBko kazetariak eta Irune Martinez eta Ainhoa Oceja Haiti Plataformako kideek. Beste lurrikara batzuekin alderatuta Haitikoak eragin bortitzagoak zergatik izan dituen eta lurrikara haren berri komunikabideek nola eman zuten azaldu zuten hizlariek. Jarraian irakurri dezakezuen kronika Kainaberako kideek bidali digute.


2010-03-14
Regis Debray, Villepin eta Haitiren 21.000 milioiak

Claude Ribbe idazle frantsesak azaldu berri du Frantziak lagundu ziela AEBei 2004an Haitin gehiengo zabalak hautaturik agintean zegoen Jean-Bertrand Aristide eraisten. Dominique de Villepin lehen ministro frantsesaren arrebak eta Regis Debray famatuak burutu omen zuten operazioa.


2004-09-16
Haiti eta Lula da Silva izango dira La Citako protagonistak
Irailaren 27tik urriaren 3ra bitartean egingo da Miarritzeko La Cita Latinoamerikako zinemaren jaialdia. Hamahirugarren edizioak Haiti eta Lula da Silva izango ditu protagonista. Sail ofizialean hamar film luze lehiatuko dira Urrezko Eguzkia eskuratzeko. Film laburren atalean berriz, sei lan lehiatuko dira.

Azkenak
Eguneraketa berriak daude