Haitiko presidentearen hilketaren ustezko “egile intelektuala” atxilotu du Poliziak

  • AEBetan bizi den Christian Emmanuel Sanon medikua da, ustez, Jovenel Moïse presidentea hiltzeko operazioa agindu zuena. Hilketa antolatu zuten beste bi pertsonaren bila ari da Polizia. Momentuz, 20 atxilotu baino gehiago daude.


2021eko uztailaren 12an - 12:19
Azken eguneraketa: 14:24
Moïse presidentea. Argazkia: Getty images

Haitiko Poliziak igandean iragarri du Moïseren hilketa antolatu zuen gizona atxilotu duela. Christian Emmanuel Sanon 63 urteko medikua da, ustez, operazioa agindu zuen gizona, baina Polizia beste bi “egile intelektualen” bila ari da oraindik. Operazioa martxan jartzeko Sanonek Venezuelako segurtasun enpresa pribatu bat kontratatu zuela uste du Haitiko Poliziak.

Leon Charles Haitiko Poliziaren zuzendari nagusiaren arabera, armak eta munizioa aurkitu dituzte Sanonen etxearen miaketan: 20 kaxa bala, erabili gabeko 24 itu, DEAko hiru txapel —Moïseren etxea erasotu zutenek agentzia honetako kideak zirela esan zuten— eta Dominikar Errepublikako lau plaka. Charlesek gehitu du Poliziak atxilotutakoan, susmagarri batzuek Sanonekin hitz egin nahi izan zutela, egiten utzi zieten lehen telefono deian.

Sanonez gain, beste 22 pertsona daude hilketagatik atxilotuta. The Guardian komunikabideak emandako datuen arabera, horietatik 18 kolonbiarrak dira —sei, Sanonen bizkartzainak— eta beste hiru, haitiarrak. Herrialdeko Polizia funtzionario kolonbiarrekin eta FBIko zazpi agenterekin ari da lanean hilketa nork finantzatu duen ikertzeko: El País hedabideak esan duenez, 2.700 dolar irabazi ditu bakoitzak Moïse hiltzeagatik.

Venezuelarekin lotura

Charlesek azaldu du “hilketa gauzatu zutenak batzeko”, CTU Venezuelako segurtasun enpresa pribatuarekin jarri zela kontaktuan Sanon. Berria hedabideak azaldu du AEBrekin jarduten duen enpresa dela CTU: Nicolás Maduro Venezuelako presidenteak herenegun argitu zuen jabea oposizioko Antonio Intriago dela, “Juan Guaidóren eta Leopoldo Lópezen laguna”.

Hilketa, presidente bihurtzea xede

Christian Emmanuel Sanon 20 urtez bizi izan da Floridan (AEB). Ekainean egin zuen Haitirako bidaia, hegazkin pribatu batean. Leon Charles poliziaburuaren ustez, “helburu politiko garbiekin” heldu zen herrialdera: presidente bihurtu nahi zuen, eta horregatik antolatu zuen Moïseren aurkako erasoa. 2011n zabaldu zuen bideo batean, azaldu zituen Sanonek bere ideiak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haiti
Toussaint Louverture Haitiren askatzailea hil zela 220 urte igarota, bere borrokak bizirik dirau Bordelen

Pasa den ostiralean bete ziren 220 urte Toussaint Louverture hil zela, Haitiko 1791ko esklaboen iraultzaren buruzagia. Askorentzat, garai hartako politikari garrantzitsuena izan zen Louverture, ez bakarrik Napoleon Bonaparteren gudarostea garaitu eta Amerikako lehen herrialde... [+]


Amerikako herrialderik pobreenean haurren erdiak larrialdiko laguntza behar du

Haitiko egoera 2010etik okerrena da, 2,6 milioi haurrek laguntza behar baitute: 4,7 milioi biztanle daude gosez. Ezegonkortasun politikoak eta koleraren hedapenak eragin dute herrialdearen muturreko egoera.


Solitude ez dago bakarrik

Guadalupe (Karibe itsasoa), 1772 inguruan. Solitude izeneko esklabo mulatoa jaio zen Capesterre-Belle-Eau herrian. 1794an, Haitiko iraultza betean eta Antilletako egoera pil-pilean zela, Solitudek errebelde talde batekin egin zuen bat, Desfoneaux general frantziarraren erasoari... [+]


Eguneraketa berriak daude