ARGIA.eus

2021eko uztailaren 28a

Ariel Henry izendatu dute Haitiko presidente

  • Claude Joseph lehen ministro ohiak hartu zuen agintea uztailaren 7an, Jovenel Moïse presidentearen hilketaren ondotik. Asteartean aurkeztu du dimisioa Josephek.

Iraitz Madariaga Etxebarria
2021eko uztailaren 22a
Ariel Henry Haitiko presidentea. Argazkia: Haitilibre.com

Ariel Henry izendatu dute Haitiko presidente asteazken honetan. Claude Joseph lehen ministro ohiak uztailaren 7tik bete izan du kargua, Jovenel Moïse presidentearen hilketaren ondotik. Asteartean, dimisioa aurkeztu du Josephek, eta kanpo harremanetako ministroa izango da hemendik aurrera.

Uztailaren 21ean, Puerto Príncipen egin du lehen agerraldia de facto izendatutako presidenteak. Pandemiaren ondoren bi aldiz atzeratu eta gero, irailean hauteskundeak egingo dituela azaldu du: Moïseren agintaldian presidentetzarako hauteskundeak, parlamenturakoak eta udaletako bozak zeuden deituta hil horretarako.

Henryk “batasuna” eta “egonkortasuna” lortzeko ordua dela esan du. Bestalde, nazioarteko laguntza eskatu du herrialdea jasaten ari den krisiaren aurrean, bereziki, Moïseren hilketa eta gero sortu den botere hutsunearengatik.

Hilketa baino bi egun lehenago, Moïsek lehen ministro izendatu zuen Henry: Claude Josephek ordura arte betetzen zuen postua. Halere, ez zen inbestidura saiorik egin, eta Henry ez zen kargura heldu. 

Hilketa ikertzen

Uztailean zehar, 26 pertsona atxilotu dituzte Moïseren hilketa leporatuta. Oraindik 10 susmagarriren bila ari da Haitiko Polizia, eta presidentea izandakoaren etxea zaintzen zuten 23 guardiak ikertzen ari dira, izan zezaketen inplikazioa aztertzeko.

Herrialdeko segurtasun indarrek oinarrizkotzat jo dute erasoa finantzatzeko erabilitako bideak ikertzea, “egile intelektualak” aurkitu ahal izateko. Hilketaren hurrengo astean, Christian Emmanuel Sanon medikuari leporatu zioten erasoa, eta Venezuelako CTU enpresa pribatuari (ustez, oposizioarekin eta AEBekin loturak dituena) hartu zuten finantzazio bidetzat.  

Orain, ihes egindako beste hiru lagun ikertzen ari da Polizia: Antonio Emmanuel Intriago Valera, CTUko zuzendaria; Joseph Felix Badio, Justizia Ministeritzak kudeatutako ustelkeriaren aurkako organismo bateko langilea; eta Dimitri Hérald, Moïse bizi zen Presidentearen Jauregiko segurtasun zuzendaria.

Worldwide Capital Lending Group AEBetako mailegu enpresa ere ikertzen ari dira, ustez, finantzazioa eskaintzeagatik.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Haiti  |  Haiti

Haiti kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude