Amerikako herrialderik pobreenean haurren erdiak larrialdiko laguntza behar du

  • Haitiko egoera 2010etik okerrena da, 2,6 milioi haurrek laguntza behar baitute: 4,7 milioi biztanle daude gosez. Ezegonkortasun politikoak eta koleraren hedapenak eragin dute herrialdearen muturreko egoera.


2023ko otsailaren 08an - 12:29
Azken eguneraketa: 2023-02-09 13:05:14

Haitiko haurren erdia laguntza humanitarioaren menpeko da bizirauteko, horixe kaleratu du Unicefek: gutxienez 2,6 milioi haurrek beharko dute laguntza hori urgentziaz aurten. Herrialdea muturreko egoeran dago, batez ere 2021az geroztik, eta horrek eragin zuzena du herritarren bizi kalitatean. Gosetea zabaldu da herrialdean, 4,7 milioi biztanle baino gehiagok pairatzen dute. Baina hori soilik ez, kolera izurriak eta herrialdeko ezegonkortasun politikoak zaurgarri bihurtu dute herrialdea.

Azken bi urteetan Karibeko estatuak ez du gidaritza argirik. 2021eko uztailean hil zuten Jovenel Moïse presidentea, oraindik argitu gabe dauden arrazoiengatik; eta, ordutik, herrialdeko ekonomia eta agintea ez da lehengora itzuli. Aurtengo urtarrilean utzi zuten kargua aurreko gobernutik geratzen ziren azken hamar senatariek, beren legegintzaldia bukatutakoan, eta, harrezkero, desagertu egin dira herritarrek aukeratutako eta zilegiztatutako gobernu baten zantzuak. Egun, Ariel Henry dago presidente karguan, baina zilegitasun falta aurpegiratzen dio herritarren ehuneko handi batek.

Egoera horrela, talde biolentoen presentzia areagotu egin da kaleetan, hiriburuaren bi herenen kontrola lortzeraino; esaterako, iazko irailean G9 pandilleroen taldeak herrialdeko portu eta petroliontzien helmuga nagusia okupatu zuen, gobernuaren azken neurrien aurka. Kaleetako segurtasun faltak eragin du hiriburuko zenbait eskola zarratzea, edo, zuzenean, suntsitzea. Eskolaratze faltak, ordea, beldurra zabaldu du, litekeena baita haurrak pandilletan errekrutatzea.

Faktore horiek guztiek bihurtu dute herrialdea muturreraino zaurgarri, baina laguntza falta nabaria da; are, nazioarteko laguntza humanitarioko zenbait elkarte herrialdetik alde egiten ari dira, segurtasun faltagatik. Izan ere, erakunde horietako ospitaleetan ere izan dira erasoak, eta bertako langileak babesteko hartu dute erabaki hori.

Historia osorako zorra

2010etik, lurrikara entzutetsu bezain kritikoa izan zenetik, Haitiren egoerak okerrera egin du: ordutik hamahiru urtera jo du goia krisiak. Baina egungoa ez da herrialdeko lehen krisia, ezta gutxiago ere: krisiek eta gorabehera ekonomiko zein politikoek markatutako herrialdea da Haiti, bere independentziatik bertatik. Izan ere, hortxe dago prekaritate kronikoaren gakoetako bat.

1804an independentzia lortu zuenetik, 122 urtez aritu da Frantziari bere “zorra” ordaintzen: independentzia lortzeagatik 150.000.000 franko eskatu zizkion Frantziako Gobernuak, Haitik hamar bat urtean lortuko zituen diru sarrera guztiak. Zor hori zen frantziako kolonizatzaileek “galdu” zituzten lur eta esklaboen truke eman behar zutena. Zorra ordaindu zuten, ondo ordaindu ere; baina horrek baldintzatu zuen herrialdearen lehen mendea, eta garapen ekonomikoa guztiz hutsala bihurtu zuen.

Hasiera horri gehitu behar zaizkio nazioarteko okupazioak –AEBek XX. mendearen lehen erdian egin zutena–, edota diktadurak –François “Papa Doc” eta Jean-Claude “Baby Doc” aita-semeenak mende horretako bigarren erdian–. Mende berriko lurrikara, presidentearen hilketa eta estatu kolpea gehituta, egoera guztiz desegonkorra duen herrialdea geratzen da. Eta horrela da, oraindik ere, Amerikako herrialderik pobreena Haiti.

Irakurri Haitiri buruzko informazio sakonagoa Urko Apaolazaren erreportaje honetan: Esklabotza. Haiti, iraultza eta mendekua.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haiti
Toussaint Louverture Haitiren askatzailea hil zela 220 urte igarota, bere borrokak bizirik dirau Bordelen

Pasa den ostiralean bete ziren 220 urte Toussaint Louverture hil zela, Haitiko 1791ko esklaboen iraultzaren buruzagia. Askorentzat, garai hartako politikari garrantzitsuena izan zen Louverture, ez bakarrik Napoleon Bonaparteren gudarostea garaitu eta Amerikako lehen herrialde... [+]


Solitude ez dago bakarrik

Guadalupe (Karibe itsasoa), 1772 inguruan. Solitude izeneko esklabo mulatoa jaio zen Capesterre-Belle-Eau herrian. 1794an, Haitiko iraultza betean eta Antilletako egoera pil-pilean zela, Solitudek errebelde talde batekin egin zuen bat, Desfoneaux general frantziarraren erasoari... [+]


Esklabotza
Haiti, iraultza eta mendekua

1791ko abuztuan mundua astindu zuen iraultza batek. Eta ez zen Europan gertatu. Esklabotzan oinarrituriko sistema ekonomiko kolonial atlantiarra hankaz gora jarri zuten milaka beltzek Saint-Domingue uhartean: hainbat urtetako borrokaren ostean Haiti herrialde librea sortu zuten... [+]


Eguneraketa berriak daude