1.400 hildako baino gehiago eragin ditu Haitin larunbatean egondako lurrikarak

  • 7,2 magnitudeko lurrikarak herrialdea suntsitu du. Erreskate taldeak hondakinen azpian harrapatutako biztanleak ateratzen ari dira oraindik. Ospitaleak kolapsatuta daude, eta ur eta janari eskasia dago. Datozen orduetarako laguntza lanak zailduko dituen eurite gogorrak aurreikusi dira gainera.


2021eko abuztuaren 17an - 08:54
Azken eguneraketa: 10:59

Haitin larunbatean egondako lurrikarak 1.419 hildako eta 6.000 zauritu inguru utzi ditu, herrialdeko Babes Zibileko Agentziak astelehenean emandako datuen arabera. Halere, zifrek gora egin dezakete: erreskate taldeak lanean ari dira oraindik, ez dute lortu suntsiketa handiena jasan duten guneetara sartzea eta azken orduetako euriteek gehiago zailduko diete lana.

7,2 magnitudeko lurrikararen epizentroa Les Cayes hiritik 30 kilometrora egon da. Hirigune hori izan da kaltetuena, eta erreskate taldeak bertan bildu dira. Hegoaldeko departamentuko beste herri askotan isolatuta gelditu dira, lurrikarak eta euriteek zubiak eta errepideak moztu dituztelako.

Ospitaletara iristea lortzen duten zaurituak ere ezin dituzte behar bezala artatu. Jerry Chandler Haitiko Babes Zibileko Agentziako zuzendariak Reuters-i adierazi dionez, oso disfuntzionalak diren instalazioak daude Haitin, beharrezko bitartekorik ez daukatenak, eta funtzionalak diren ospitalak, berriz, pazientez gainezka daude. 

Sterens Yppolyte praktiketako medikua da Les Cayeseko Immaculate Conception ospitalean, eta The Guardian hedabideari adierazi dio ume eta adineko asko artatzen ari direla. Besoak edo hanka hautsiak dituzte gehienek, eta lurrikarak kaltetutako eraikinetatik erortzen diren hondakinek eragindako zauriak dauzkate. “Egin ahal duzuna egiten duzu, baina ez dago mediku ortopediko nahikorik”.

Erreskate lanetako taldeak, berriz, hondakin artean harrapatutako biztanleei laguntzen ari dira. Datuen arabera, 13.000 etxe inguru suntsitu ditu lurrikarak, eta hondakinez gainezka utzi ditu bideak. Herritarrak kanpadendetan pilatu dira, kaleetan, haien etxebizitzak eroriko diren beldur. Laguntza taldeak bizileku egokiagoak antolatzen ari dira, eta ur eta janari eskasiaren aurrean, hornitze lanak burutzen dabiltza.

Euriteak, datozen orduetan

Larunbateko lurrikararen ondoren eurite gogorrak egon dira Haitin. Aurreikuspen meteorologikoen arabera, astelehen gauean eta astearteko lehen orduetan espero da ur kopururik handiena. Grace zikloi tropikala lurrikarak suntsitutako guneetatik igaro daiteke: bertan, uholdeak eta luiziak sortzeko arriskua dago, errepideak blokeatu eta erreskate lanak zailtzeaz gain.

2010eko lurrikara

Duela 11 urte, 200.000 pertsona hil zituen lurrikara bat egon zen Haitin. 7 magnitudeko astindua izan zen, larunbatekoa baino leunagoa, baina Port-au-Principe hiriburu populatutik gertuago egon zen epizentroa. 2010eko hondamendia eta gero nazioarteko laguntza heldu zen, baina zenbait arazo egon ziren kudeatzerako orduan: ustelkeria kasu asko salatu ziren, laguntza humanitarioko gobernuz kanpoko erakundeek finantzazioan nahi izan zuten bezala erabili zutelako, Berria hedabideak jaso duenez.

Oraingoan, gobernutik kudeatuko da finantzazioa. Nazioartetik heltzen diren laguntzak Segurtasun Zibileko Sailak kudeatuko dituela iragarri du Ariel Henry Haitiko presidenteak. Helburua “modu ordenatuan” jardutea dela gaineratu du.

Haiti krisian dago

Asteburuko hondamendi naturalak arazoak gehitu baino ez dizkio egin Amerikako herrialde txiroenari. Krisi ekonomiko sakonaz gain, ezegonkortasun sozial eta ekonomikoa bizi dute Haitin. Ekainaren 7an, Jovenel Moïse presidentea zena tiroz hil zuten bere etxebizitzan (besteren artean, Christian Emmanuel Sanon medikuari egotzi zioten egiletza intelektuala, eta Venezuelako CTU enpresa eta AEBetako mailegu enpresa bat ikertu zituzten finantzazio bide izatea leporatuta). Ariel Henry presidenteak uztailaren 21ean hartu zuen kargua. Hauteskundeak datorren hilerako deitu dira Haitin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Haiti
Toussaint Louverture Haitiren askatzailea hil zela 220 urte igarota, bere borrokak bizirik dirau Bordelen

Pasa den ostiralean bete ziren 220 urte Toussaint Louverture hil zela, Haitiko 1791ko esklaboen iraultzaren buruzagia. Askorentzat, garai hartako politikari garrantzitsuena izan zen Louverture, ez bakarrik Napoleon Bonaparteren gudarostea garaitu eta Amerikako lehen herrialde... [+]


Amerikako herrialderik pobreenean haurren erdiak larrialdiko laguntza behar du

Haitiko egoera 2010etik okerrena da, 2,6 milioi haurrek laguntza behar baitute: 4,7 milioi biztanle daude gosez. Ezegonkortasun politikoak eta koleraren hedapenak eragin dute herrialdearen muturreko egoera.


Solitude ez dago bakarrik

Guadalupe (Karibe itsasoa), 1772 inguruan. Solitude izeneko esklabo mulatoa jaio zen Capesterre-Belle-Eau herrian. 1794an, Haitiko iraultza betean eta Antilletako egoera pil-pilean zela, Solitudek errebelde talde batekin egin zuen bat, Desfoneaux general frantziarraren erasoari... [+]


Eguneraketa berriak daude