Auzotik kanpora, berriro


2023ko urtarrilaren 25an - 12:59

Gasteizen ohitu egin gara eskola publikoa bigarren mailako elementua izatera auzo berrietan. Salburua eta Zabalganako eskola publikoen eraikuntzetan izandako atzerapenek ehunka familia etengabeko borrokara kondenatu dituzte. Barrakoiak, joan-etorriak eta espazio faltak etengabeak izan dira familientzat eta seme-alabentzat. Gainera, arduradun politikoen gezurrak eta harrokeria pairatu behar izan ditugu.

Baina Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako lurralde ordezkaritzaren arduragabekeriak ez du mugarik: Salburuako institutuak urte askotako atzerapena pilatu du. Ondorioz, gure seme-alabak auzotik kanpo lekualdatu dituzte berriro. Eskolatzea amaitzean (2 eta 17 urte bitartekoa), Errekabarriko ikasle askok auzoan bi edo hiru urtez bakarrik ikasi ahal izango dute.

Lekualdatutako ikasle askok hiru kilometro inguru egin beharko dituzte egunero institutura iristeko DBHn, eta bost kilometro Batxilergoa egiteko

Institutu berriaren lanek duela urte batzuk amaituta egon behar zuten. Hezkuntza Saileko arduradunen azken konpromisoa izan zen Salburuan bizi diren ikasleek auzoan beren ibilbidearekin jarraitu ahal izango zutela, eta horretarako, obra 2021ean amaituta egoteko konpromisoa hartu zuten. Errealitatea da 2024ko irailera arte ez dela erabilgarri egongo. Kudeaketa negargarri horren ondorioz, lekualdatutako ikasle askok hiru kilometro inguru egin beharko dituzte egunero institutura iristeko DBHn, eta bost kilometro Batxilergoa egiteko!

Egoera horren aurrean, Errekabarriko familiok bilera bat eskatu genien ikastetxeetako ordezkariari eta zuzendariari. Proposamen argia, erraza eta egingarria eraman genuen sortuko diren kalte guztiak gutxitzeko: institutuko obraren atzerapenengatik Ekialde institutura lekualdatu diren ikasleak auzoko institutura itzuli ahal izatea, behin hura eraikita dagoenean, ibilbide akademikoa bertan jarraitzeko.

Gure harridurarako, Aintzane Arrese ordezkariaren eta ikastetxeen zuzendariaren itxikeria erabatekoa izan zen. Administrazio-kudeaketa txiki bat baino eskatzen ez duen proposamen baten aurrean, ezezkoa negoziaezina izan zen.

Errekabarriko familiok borrokan jarraituko dugu, ez dugu etsiko. Auzoko eta gertuko eskola publikoa aukeratzen dugu, eskola baten bertuterik handienetakoa hurbiltasuna dela uste dugulako. Obren atzerapenak ez du erremediorik, baina gure seme-alaben heziketak bai, eta horregatik, borrokan jarraituko dugu.

Errekabarriko Guraso Elkartea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude