Espainia ere ez da Eurovisionen izango, Israelek parte hartzen badu

  • RTVE irrati-telebista kate espainiarreko Administrazio Kontseiluak astearte honetan onartu du erabakia. Jaialdiaren antolaketan pisu handia duen “Big Five” deituriko herrialdeen artean, Espainia da lehena iragarri duena Eurovision utziko duela Israelek parte hartuz gero.

Espainiak bidalitako ordezkariak, aurtengo Eurovision jaialdian.

2025eko irailaren 16an - 14:18
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Erabakiak izan ditu hamar boto alde (PSOE, Sumar, Podemos, ERC eta EAJk Administrazio Kontseilurako proposaturiko ordezkariak), lau kontra (PPrenak) eta abstentzio bat (Juntsenak). Berriki, Espainiako Gobernuko hainbat kidek adierazi dute Espainiak ez lukeela Eurovisionen parte hartu beharko, giza eskubideen defentsan. Berdin kirolari lotuta: Vueltan Israelgo txirrindulari taldeak parte hartzeagatik izandako protesten ostean, Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak esan du kirol lehiaketetatik kanporatu beharko litzatekeela Israel: "Zergatik kanporatu zuten Errusia Ukrainako inbasioaren ondoren, eta ez dute Israel kanporatu Gazakoa eta gero?".

Eurovisionera itzulita, Herbehereak, Irlanda, Eslovenia eta Islandiak aurrez hartutako erabakiarekin bat egin du orain Espainiak. Horiez gain, oraindik ez dute beren parte-hartzea baieztatu Belgika, Finlandia, Danimarka eta Norvegiak. Espainiaren erabakiak badu garrantzia, izan ere, Europako Irrati-Telebisten Batasunak (UER) antolatzen du jaialdia, eta UER finantzatzen duten bost herrialde nagusietako bat da Espainia.

Ezin da ahaztu, gainera, duela urte batzuetatik Eurovisionen babesle nagusia Israelgo kosmetiko marka bat dela, Morroccanoil

Ikusi beharko da nola eragingo duen erabakiak, UER antolatzaileak aukera baitu Israel lehiaketatik kanpo uzteko. Israelgo irrati publikoko zuzendaritzak dagoeneko garbi utzi du haiek ez diotela parte hartzeari uko egingo: “Ez dago arrazoirik ekitaldi kultural honetan Israelek parte-hartzaile garrantzitsu izaten jarrai ez dezan, ekitaldia ezin da politiko bihurtu”.

Ezin da ahaztu, gainera, duela urte batzuetatik Eurovisionen babesle nagusia Israelgo kosmetiko marka bat dela, Morroccanoil, eta berau agertzen dela baita ere 2026an egingo den 70. edizioko iragarkietan.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#5
Gorka Bereziartua
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Israeli boikota
Eguneraketa berriak daude