Erritmo eta doinu alaiak entzun ditugu pasilloaren bukaeran. Musikari jarraika egongelara iritsi gara, baina mahaiak ertz batera apartatuta daude, dantza-gela da gaurkoan. Hainbat pertsona dantzan dabiltza: aurrera eta atzera, ezker, eskuin, galletak jaten eta hegazkinean bueltaka, hegan, dantzan.
“Azpeitiko Gautenako eguneko zentroan gaude, gaur dantzako klasea tokatzen da, astearte arratsaldero bezala. Ikusten den bezala oso gustura etortzen gara denok eta saiatzen gara koordinazioa lantzen batez ere”, Julen Irure Gautenako hezitzaileetako batek egin digu ongi-etorria.
Gautena autismoaren espektro nahastea duten pertsonen familien elkartea da. Azpeitian (Gipuzkoa) Helduen Zentroa eskaintzen du elkarteak, eta erabiltzen duten pertsonek dantzako klasea izaten dute asteartero Uxoa Ibarreta dantza irakaslearekin: “Niretzako erronka bat izan da. Dantza baino askoz ere gauza gehiago lantzen ditugu. Gorputzari begiratzen diogu. Barruan daukagun hori adierazteko, gordeta dagoena kanpora ateratzeko balio digu dantzak denoi. Batez ere burua asko lantzen da”.
Erlazionatu, komunikatu
Behin baino gehiagotan aldarrikatu izan dugu dantza gorputz hizkuntza dela, komunikatzeko beste tresna bat, eta gaurkoan berretsi ahal izan dugu. Dantza-klasean parte hartzen duten hainbat pertsonek badituzte hizkuntza berbalerako zenbait zailtasun, baina dantzari esker elkar ulertu gara inongo arazorik gabe.
Gautenako pertsonez gain beste zenbait pertsona ere etortzen direla arratsaldeko klase hauetara azaldu digu Julen Irurek, “dantza komunikatzeko beste erreminta bat da guretzat. Gautenakoez gain Azpeitiko beste pertsona batzuk etortzen dira klaseetara, alderantzizko inklusioa litzateke. Horrela, harreman sarea zabaltzen dugu dantzaren bitartez; dantza bada harremanak egiteko modu bat”.
Duela hiru urte hasi ziren klaseekin. Hasiera hartan talde batekin, baina erantzun ona ikusita, egun, bi talde osatu dituzte. “Dantzak arrakasta izateko arrazoi nagusia transmititzen duen alaitasuna da, mugimendu ezberdinen bidez lortzen da giro hori”, dio Irurek.
Uxoa Ibarreta hamar urterekin hasi zen areto dantzak ikasten; dantza latinoak dantzatzen eta irakasten dihardu egun. Dantza eta musika horiek dira bere lanerako hizkuntza, “horrenbeste ezagutzen ditudan erritmoak, musikak eta mundu hori erakutsi nahi dizkiet”. Komunikatzeko hizkuntza dantza da, ezin hobeto ulertzen dira dantzan, “ez du ematen baina pila bat laguntzen du dantzak. Gauza gutxirekin, mugimendu sinple eta erdi jolasen bidez oso ondo pasatzen dute, musika ezagun zein ezezagunekin”.
Gorputzaren eta buruaren zaintza
Dantza komunikaziorako zein harremanetarako bide izateaz gain gorputza eta burua zaintzeko modu paregabea da. Orokorrean, egunerokotasunean gorputza ez dela horrenbeste lantzen uste du Ibarretak. Denontzat dela beharrezkoa iruditzen zaio, “beraz garrantzitsua da hemen astean ordubete edukitzea ondo pasatzeko gehienbat gorputza landuz”. Gorputza ezagutzeko eta koordinazioa lantzeko balio dutela klase hauek dio: “dantzaren bidez mugitzen gara eta gorputzeko atalak ezagutzen ditugu. Hasieran mugitzen ez zekitena pixkanaka mugitzen ikasi dute, eta burua ere dantzan asko-asko lantzen da”. Ibarreta saiatzen da koreografia txikiak egiten, gehienetan bera aurrean jarrita imitazio bidez, “gelditu eta pausoak lasai azaltzen dizkiet barnera ditzaten, eta hurrengo hastean badakite zer egingo dugun. Azkenean, imitazioa eta memoria ariketak dira”.
Gorputza eta erritmoa erdigunean ipini eta dantzaz gain yoga eta musikako klaseak ere egiten dituztela Gautenan azaldu digu Irurek. “Iruditzen zaigu koordinazio lanketa handia egiten dela dantzaren bitartez eta horri eutsi nahi diogu. Lantzen diren musika eta mugimenduen bitartez gorputzeko zati denak erabiltzen dira. Yogan gorputzeko atalen luzaketak, muskuluen erlaxazioa, autokontrola... bilatzen ditugu. Musikan, dantzan bezala, koordinazioa lantzen da. Gehienbat perkusioa erabiltzen dugu, gure musikako klaseen oinarria erritmoa baita”.
Gizartearekiko elkarreragin mugatua, komunikaziorako arazoak edota aktibitate eta interes mugatuak izan ohi dituztela autismoa duten pertsonek irakurri dugu, baina esan genezake dantzako ordubeteko saioan itzulinguru ederra eman diegula denon artean oztopo horiei. Harreman berriak egin ditugu, gorputza mugitu dugu guretzat bereziki egunerokoak ez diren erritmo eta doinuetan, errutinatik irten gara, eta ordubetez irribarrea aurpegitik ezin kenduta aritu gara dantzan; alaitasuna kutsakorra da eta dantza transmisore hobeezina.
Elkarrizketa ilustratzeko erabili dugun argazki nagusia 1970eko hamarkadan hartua da. Erratzuko plaza festetarako apainduta ageri da, ezpelez atonduriko ohiko eszenatokiarekin eta etxetik etxera zintzilik, dilindan dauden xingolekin. Urrunean bi soinulari agertzen dira, Maurizio... [+]
Adina ez dela dantzan aritzeko oztopo agerian utzi dute Errenteria-Oreretako Beti Bizkor elkarteko euskal dantza taldeko kideek. Dantzaren onurak argi erakusten dituen testigantza esanguratsuak jaso ditu Ikerne Zaratek Oarsoaldeko Hitzan argitaratutako Adina ez dadin ekiteko... [+]
Biteri Kultur Etxean egin dugu zita Pepi Arrospiderekin (Hernani, 1952). Izaskun Auzmendirekin (Arribe, 1964) agertu da, biak San Joan konpartsako kideak. Telefonoa. Auzmendirena da, hizketan hasi da, baina Arrospide adi-adi dago. Ia sartu da telefonora bera ere. Segituan... [+]
“Guk entseatu egiten genuen, mutilei erakusten genien, parrilarako laguntza behar zutenean hor egoten ginen, baina gero sekula ere ez genuen dantzatzen plazan, ezta burutik pasa ere”. Oihane Auzmendi Iturbe (Legazpia, 1977) Sustraiak dantza taldeko dantzaria da,... [+]
Aitzindariak elkartea Aitzina Biga ikuskizuna prestatzen ari da. Ehun parte-hartzailetik gora izango dira dantzan, musikan, antzerkian, kantuan eta bertsotan apirilaren 19an Maulen aurkeztuko den ikuskizunean. Uztaila bitarte, beste lau emanaldi izango dira: Miarritze, Arrasate,... [+]
Azaroan estreinatu zuen bere lehenengo lana Nagore Tamayo dantzariak (Tolosa, 2000): Nondik abiatu inora izena du, eta Natalia Belén dantzariarekin batera gorpuztu du. Bere herrian egin dugu hitzordua, Zumardi Handian.
Festa egiteko musika eta kontzertu eskaintza ez ezik, erakusketak, hitzaldiak, zine eta antzerki ikuskizunak eta zientoka ekintza kultural antolatu dituzte eragile ugarik Martxoaren 8aren bueltarako. Artikulu honetan, bilduma moduan, zokorrak gisa miatuko ditugu Euskal Herriko... [+]
Iurretan 1995ean andreek soka-dantza nola plazaratu zuten idatziz jasoa du Jon Irazabalek. Izan ere, 1837ko San Migel jaietan emakumeek osatutako aurreskua dantzatu zela ikusita, arrasto haiei jarraika, kopla doinuz lagundutako soka-dantza ikasi eta kaleratu zuten Iurretako... [+]
Dantzaren munduan gabiltzanok askotan errepikatzen dugun ideia da dantza efimeroa dela. Elhuyar hiztegiak espainoleko "efímero"-ren ordaintzat ematen ditu honakoak: efimero, suntsikor, galkor, iragankor, iraungikor, ilaun. Ez dut gogoan nori irakurri nion... [+]
Azken urteetan Lapurdiko kontserbatorioan euskararen eta diziplina tradizionalen presentzia handitu da eta euskal dantzako ibilbideari forma ematen ari dira; irailean hasi da lehen zikloa. “Herri Elkargoa sortu zen Iparraldean eta nahi zuten herri musika eta herri... [+]
MOOR KRAD
Nork: Ertza konpainiak.
Noiz: urriaren 3an.
Non: Getxoko Muxikebarri aretoan.
---------------------------------------------
Bi urte atzera izan nuen Moor Krad obraren berri; hain zuzen, Ertza konpainiako kideek dantza pieza sortu eta estreinatu zuten... [+]