Arrasateko kooperatiben sortzaile izan zen Ormaetxearen biografia kaleratu dute

  • Ostegun goizez aurkeztu zuten Donostian Ormaetxea. Kooperatibismoa, bizitza osoaren ardatz liburua, José María Ormaetxea Arrasateko kooperatibetako sortzaile taldeko kidearen biografia. 2019an hil zen Ormaetxea, 92 urterekin. Arratsaldean Arrasaten egin zuten aurkezpena, hura sortzaile izan zen Laboral Kutxaren egoitza nagusian. Goizeko zein arratsaldeko ekitaldiak jarraitu ahal izan ziren sarean zuzenean.


2021eko azaroaren 05an - 11:19
Azken eguneraketa: 13:10
Goizeko ekitaldia Donostiako Koldo Mitxelena aretoan. Ezkerretik hasita, Iñigo Ucín, Armin Isasti, Isabel Uribe eta Amalia Ormaetxea. (Arg.: Dani Blanco)

Liburuaren egile Isabel Uribe eta Armin Isastik azaldu zuten proiektu gaitza izan dela liburu hau egitea, batetik Ormaetxea ez zelako bere biografia haizatzearen zale eta, bestetik, pandemiak ere bidearen erdian harrapatu zituelako. Isasik kontatu zuen liburuaren proposamena egin zionean, Ormaetxeak ezezko biribilarekin erantzun ziola, “nire bizitza oso tristea izan da eta ez da inoren interesekoa”.

Azkenean, ostera, eta bereziki bere emazte Maite Ceciagak bultzatuta, amore eman zuela aipatu zuen Isastik Arrasateko aurkezpenean. Isastik 48 urte egin ditu lanean Mondragoneko hainbat eremutan, eta gertutik ezagutu zuen Ormaetxea; gaur egun erretiratua dago eta eskultore lanetan ere aritzen da. Proiektua luzea eta gogorra izan dela aipatu zuen, eta une batzuetan amore ematekotan ere egon zela zehaztu: “Isabeli eskerrak jarraitu genuen, eta eskertu behar diot etengabeko bultzada hori”.

Isabel Uribe mexikarra da, Guadalajarakoa, 1999an hurbildu zen Arrasatera eta bertan egin zuen bere doktore tesia, Mondragon Unibertsitatean. Biografia hau elkarrizketa formatuarekin aurkeztu da eta egin ere elkarrizketa bidez egin zen. Uribek azaldu zuenez, 2018an ekinda, Ormaetxearekin hamabost elkarrizketa sakon egin zituzten ondorengo urteetan, eta haren gertukoekin beste hamahiru, guztira 70 bat ordu grabatuak. José María Arizmendiarretaren dizipulutzat zuen bere burua Ormaetxeak, sakon miresten zuen, baina biak tandem bat ziren. Arrasateko kooperatibetako eredua bakarra da munduan, koherentea, eta hori hobeto ikusten da baldin bazatoz desberdintasun handiagoak dituzten gizarteetatik”.

Ormaetxea, batez ere egile

Arrasateko ekitaldian beste hainbat pertsonak ere laudatu zuten Ormaetxearen irudia, haien artean, Iñigo Uncín Mondragoneko presidenteak, Txomin Lorca Laboral Kutxako presidenteak eta Lurdes Idoiaga Lagun Aron urtez luzez aritutakoak. Guztiei eskerrak eman zizkien Amalia Ormaetxeak, omenduaren alabak, aitak liburua gustura irakurriko zuela erantsiz.

José Maria Ormaetxea ULGOR eta Caja Laboraleko sortzaileetakoa izan zen eta Arrasateko kooperatibetako lider erreferentzialenetakoa. Liburuak, funtsean, esperientzia horri buruz dihardu. 1999an ARGIAk Larrun aldizkarirako antolatu zuen mahai-inguru baten parte hartu zuen Ormaetxeak, Antton Mendizabal Tonino zenarekin, Jon Sarasuarekin eta Javier Salaverriarekin. Liburu honetan, eta atzoko ekitaldian ere, argi azpimarratzen da haren egile izaera, eta mahai-inguru hartan ere hark nabarmendu zuen ikuspegi hori, bereziki Antxon Mendizalek eta Jon Sarasuak egiten zituzten hausnarketen aurrean:

"Niri bizitzan gauzak zehaztea egokitu zait, harriak jartzea alegia. Orduan, ez ditut oso ondo ulertzen esaten dituzuenak. Pentsatzeko modu sakona eta zintzoa duzuela ikusten dut. Baina kooperatiba bati —Fagor elektratresnak, Eroski, Euskadiko Kutxa, Danobat…— ikuspegi teknologikotik munduko enpresa onena izatea eskatzen badiogu, makina onenak egin ditzala, gainera munduan zehar salmenta kokagunean izan dezan esportaziorako, eta bazkideari motibazioa eskatzen badiogu berea den enpresa nazioarte mailan lehiakorra izan dadin, zer gehiago eskatu behar diogu bada? Horrez gain, ia politikoa den inplikazioa eskatzea mundu desberdin bat egiteko… Ez da ados ez nagoela, ez dut uste hori egitea posible denik".

Gogor ospea zuen Ormaetxeak. "Exigentea zen –azpimarratu dute liburuaren egileek– bai bere buruarekin eta bai ingurukoekin ere". Arrasateko ekitaldiaren amaieran, galderen txandan, partehartzaile batek galdetu zion Isastiri ea zein materialekin egingo lukeen Ormaetxearen eskultura: "Bera fundizioan hasi zen lanean eta, beraz, moldea egurrean egingo nuke, eta gero, burdinurtu xaflakorrez bete". 

Argazkia: TUlankide

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kooperatibagintza
2024-04-09 | Euskal Irratiak
Iñaki Etxeleku: "Gure estatutuek espekulazio merkatutik kanpo ezarri dute gure etxebizitza kooperatiba"

Bizitegi molde kooperatiboak zabalduz doaz Ipar Euskal Herrian. Euskal Hirigune Elkargoko azken biltzar nagusian Nicole Etxamendi, Itsasuko hautetsiak "Bizi lagun" kooperatibak kontutan hartu behar zirela eta alternatiba ona direla azpimarratu zuen.


Ertzeko bizitzen auto-eraketa sareak eta KoopFabrika

Niretzat Talaios kooperatibaren eta Olatukoopen bitartez kooperatibismoan eta ekonomia eraldatzailean jardutea zer den galdetzen didatenean, erantzuten dut izan dela lanaren eta kolektiboaren bitartez emantzipaziorako bideari ekiteko aukera. Eta bide horretan, oso garrantzitsua... [+]


2023-10-29 | Jon Torner Zabala
Nola jan espazioa, espazioa jan duenari?

Martxoaren 22an, Frantziako Tourra hasteko 100 egun falta zirenean, Bilboko San Mames estadioan lur hartu zuen Juan Mari Aburto alkateak. Hainbat lagunek osatutako tropelaren erdian zihoan, Bilbaobizi alokairu-zerbitzuaren logoa zuen bizikleta elektriko gorri batean, erakusteko... [+]


Marinaledako lur komunalak espekulatzaile pribatuen eskuetan gera daitezkeela ohartarazi dute

Andaluziako Marinaleda herrian dagoen Los Humosos lursaila saldu nahi du Andaluziako Juntak. Duela hamarkada batzuk lur horiek okupatu zituztenetik kooperatiba baten bidez landu dituzte hango jornalariek, baina 2021an desalojatzeko agindua jaso zuten eta horri jarritako... [+]


Transmisio eta berreskurapen kooperatiboaren beharraz

Uztailaren hasieran jakin dugu gure herrian langileon etxe askotan ospakizunerako ezinbesteko izan diren pastel eta gozoen De Paula lantegia itxiko dutela. Erretiroa hartuko omen dute gozogileek, eta noski, erretiroa hartuko duten langileek deskantsurako eskubide osoa dute,... [+]


Eguneraketa berriak daude