Arrakala

  • "Ikasturtea hasi berritan, auzoko eskola-umeen zalapartak entzuten nituen nire gelatik: bizitzaren eztanda zen musika hori; bizitza berri trinkotu baten itzulera udazkenaren lehen egunetan. Udazken epel eta hezean, erabatekoa ezingo zela izan jakinda ere, nabarmena genuen normaltasun apur baten irrika. Neguaren atarian, azken aldiko mamuak gero eta ilunago ageri dira berriz ere". Hemen Juan Gorostidi ARGIAko kolaboratzaileak bizi dugun garai kolapilatsuen aurrean egindako hausnarketa.


2021eko azaroaren 24an - 09:07
Azken eguneraketa: 10:12
"The City & The City" nobelarekin egin zuten seriearen fotograma bat.

Azken ia bi urteotan gorriak pasa dituzte ospitaletan, eskoletan, hainbat etxetan. Gaitz hilgarri ezezagun bati hola-hala egin behar izan zaio aurre. Pandemia bat, hildakoak eta gaixoaldia pasa dutenen ondorioak; etxeratze- agindu bortitzak; ekonomiaren geldialdia; beldurraren hedatze ikaragarria… Olatu bat bestearen ostean, urduritasuna, datuen dantza −kutsatuak, ingresatuak, intzidentzia metatua, txertatuak…− orduero, egunero, hemezortzi hilabetez. Nola ez desiratu normaltasun-amiñi bat?

Eta jendearen arteko eztabaida latzak. Irainak ez dira hordituen orduetara mugatu (itxita zeuden tabernak!), egunkari serioen titular eta artikuluetara baizik: negazionistak!, faxistak!, konspiranoikoak!, zakurrak! Giro itsusia, inondik ere; bakoitza berean eta isilik geratzeko gogoa ematen duena: “Pasa dena pasa dela, hobe ahaztea”; “kontu latzagorik ikusiak gara”. Eta zer ekarriko ote etorkizunak. Itzul dadila bakoitza bere zereginetara. Bakea.

Baina beti dago norbait ezetz dioena. Une latz bakoitzaren ostean, zauria zabalik mantentzen saiatzen dena: arduradunak bilatu behar direla, gaitza egiturazkoa dela, oraingoa dela sakoneko aldaketak egiteko garaia. Normaltasuna? Normaltasun horretan dagoela pasa dugunaren jatorria, abisu txiki bat baino ez dela izan hori. Benetako ukatzaileak normaltasuna aldarrikatzen duten horiek direla; gehien-gehienak, alegia.

Esan beharrik ez dago, gogoeta hau aldarte txarrez egina da. Neure burua azken aipatu horien artean jartzeak bihotzerrea eta buruko mina eragiten dizkit. Nork ibili nahi du zaurian aztarrika? Ez izorratu, mesedez; izan dugunarekin, aski da.

Bertsolariak

Euskaldun-jende gehiena agrafoa zen garai batean –ez nuke analfabetoa esango, horrek gaizki-ulertu itzela dakarrelako ustez alfabetatua den egungo jendartean–, liskarrak eta ezinikusiak plazaratzeko ere balio izaten zuten bertsolariek: sekulako injustizia jazo, eta hartaz idazteko gauza zen bati enkargatu bertso-sorta; paperetara pasa, eta plazan saldu; irakurtzen zekienak kantatu, eta hainbatek buruz ikasi… Modu horretan atera ziren zenbait arantza. Gauzak ez ziren funtsean aldatuko, baina jendeak entzun zezala zapalduaren bertsioa…

Modu horretan saiatu zen udan bere abizenari ondo atxikitzen zaion sasiko-Silveira, euskal medikuen artean estimatuen eta goratuenari txakurra deituz. Eta Zubia-zuriak amua irentsi: «Lesakan bada gizon handi bat, / bertsotan aritzen dena, / pandemiaren gorabeherekin / txakurra deitu nauena. / Ederki dakit zer den okerra / eta zer dugun zuzena, / zer dela eta jarri didate / modu hortako izena?». Berripaper guztiek –baita euskara mespretxuz erabiltzen dutenek ere– egin zioten oihartzun, baita gaztelaniara itzulita ere, «El jefe de UCI Felix Zubía responde con bertsos a un insulto negacionista» izan zen Naiz-en titularra. Zer esan El Diario Vasco eta Confidencial digital bezalakoek erabili zuten tonuaz.

«Kaixo Felix ni naiz lesakarra / txakurra deitu zizuna / modu polita ez zela aldez / aurretikan jakituna / baña lortu dut bai lortu ere / horrekin bilatzen nuna / eztabaidari bide eginez / hona nere erantzuna». Normalean 500 bisita baino gehiago ez duen bertsozaleen guneak 5.000 inguru izan omen zituen. Baina hor amaitu zen dena.

«Komunikabideetan Jangoikoa zara / ni berriz leproso bat. / Alde handia da gure erronka / bertso erronka're bada / jeisteko prest bazaude / zerutik plazara / jokatu genezake / ehun bertsotara». Eta niri hauxe bururatu: gauzak bero-bero, bataren eta bestearen lagunek antolatuko ahal zuten txapelketa bat –baietz frontoi handiena lepo bete!–, lau lauren kontra, gai jartzaileak negoziatu ondoren, ofizio guztietara; egun oso baterako euskaldunen arteko festa itzela… Baina berehala freskatu zitzaidan beroaldia (zein lainotan bizi haiz?!). Bertsolaritzak egun duen funtzioa ez da inondik ere garai bateko hura. Euskal kulturaren instituzio ereduzkoa da; eskolen eta txapelketen antolatzailea; euskalgintzaren, kulturgintzaren, naziogintzaren akuilu miragarria. BEC helburu, biba Xilaba eta gainontzekoak!

Halere, sintomatikoa iruditu zitzaidan kontu txiki honekin gertatu zena, eta bataren eta bestearen arrazoibide trinkoa parez pare jartzea otu zitzaidan, horretarako ere –ideiak trinkotzeko, alegia– balio baitu bertsoak. Zubia: «Hil zaizkigunak lau milioi pasa / zenbatu dira munduan, / Euskal Herrian ia sei mila / begiratu inguruan. / Gauza bat daukat oraindik ere / ezin sartuta buruan, / zer dela eta ukatzen duten / izan ez balitz moduan? // Zazpiehun kasu baino gehiago / neure begiz ikusiak, / heriotzaren bidez lezio / asko gara ikasiak. / Batzuk saihestu nahi nituzke nik, / aholkuz adieraziak. / Zer dela eta jasotzen ditut / holako hitz itsusiak?». Silveira: «Negazionista diozunean / argudiotan urria / gelditzen zara, nahiz ta iraina / ez den taktika berria / gaitza inorrek ez du ukatzen / baina bere jatorria / isolatu ez den birus bat da?/ ze igerlek igerria?».

Beraz, ukazioa ez bada kontua, beste zerbaitetan jarri behar azpimarra; eta horra doa Silveira, kontu ilun asko argitzeko ezinbesteko litzatekeen eztabaidara: «Dena ez dela ongi egina / ez da hausnarketa txarra. / Kazetariek zabaldu duten / bertsio bat ta bakarra / zalantzan jarri ezina bera / ez al da bitxi xamarra / zertara dator ados ez dena / ixilarazi beharra? // Zuk telebistan, irratietan /eta egunkarietan / lau haizetara zabaldu duzu / beldurra modu denetan / sentiaraziz bizitza bera /beldurgarria benetan / eta iaz hil ziren adina / hil zen aurreko urtetan // Donostiako ospitaleko / ZIUek nolako sona / hartu duten zu zaren ezkero / bertan buru den gizona / bapatean uy, gogoratu dut / han larri gaixo dagona / eta zu niri bertsoak jartzen / ze gusto txarreko broma // ‘Burua martxan ipini eta / errespetuan hitzegin’ / erabat ados naukazu Felix / zuk botatako hitzekin. / Antolatu zen eztabaida bat / euskal zientzilariekin / zu gonbidatu ta azaldu ez / eta hori gu ezjakin».

Nahikoa litzateke honainokoa bi jarreren arteko talka eta ulertezintasuna konfirmatzeko. Are gehiago: beste behin egiaztatzeko bataren argudioak bestearen posizioa indartzeko baino ez duela balio (negazionista!; txakurra!, alegia); eta “zuekin alferrik da” leloa konfirmatzeko. Hori gutxi balitz bezala, konspirazioaren kontua: «Zenbaitek, baina, gertatuari / Egiten diote uko, / Konspirazio baten azpian / Gaituztela zapalduko. / Ideia latz bat bururatzen zait / Horiek entzun orduko, / Bost mila aldiz ukatu arren / Ez dela desagertuko. // Ez dakit zeinek asmatutako / Gezur bat omen da dena, / Txertoak berriz erdi-pozoia / Guztia galtzen duena. / Dudarik bada, ospitalera / Etor dadila hurrena, / Ikusi nahi ez duen hura / Da itsurik handiena» (Zubia). Silveiraren arrapostua: «PCR-a diagnosian / erabiltzeko hautua / nik bezain ongi dela dakizu / maltzurkeriz gauzatua / hola nahieran darabilzue / intzidentzi metatua / egoera bat marrazteraino / arras manipulatua. // Gorritu gabe aipatze hutsa / asintomatikoena / lehen algara ta gero datoz / haserrea eta pena / mediku batek ez ote daki / ume batek dakiena / ez dela inoiz gaixoa izan / sintomarik ez duena. // Txerto esaten diozun horrek / zer du? barruan zer dakar? / ez du sendatzen, ez du babesten / ta hainbat ondorio txar / sortzen ari da nik ez dut sartu / baña hartu zure bizkar / –idatziz noski– ardura oro / ta txertatuko naiz bihar // Zuk badakizu farmakogintzak / gutxi daukala ‘santa’tik… / iaz Espainian 600 miloi /medikuek hauengandik / jaso zituzten –publikoa da– / nik horrexegatik dakit / Euskal Herrira zenbat iritsi / ote dira hoietatik».

Bistan da hori ez dela eztabaida bat; izatekotan, eztabaida aurreko probokazioa, baina, esan bezala, egungo bertsolaritza ez dago inor haserrarazteko, eta Silveirak eskatutakoak ezin du erantzunik jaso («Hitzak zer duen helburu, haren / baitan da edo ez irain / noski ni ez naiz nere burua / zuritzen hasiko orain. / Ulertzeko gai bazara xapo! / ta bertzela ere bikain / gaizki esanak barkatu eta / zure erantzunaren zain»).

Hor amaitu zen xextra, bakoitza bere burua konfirmaturik eta hurkoen atxikimendu hertsia jasoz. Baina modu sinple eta dorpean bada ere, aipatuak geratu ziren egunero eztabaidaren erdian egon diren hainbat puntu: pandemiaren izaera eta jatorria, neurriko ala neurriz kanpoko erantzunak, eztabaida falta, zalantzazko diagnostikoak, industria farmazeutikoen eta txertoen inguruko susmoak… Bertsio ofizialaren aldarrikatzaileek hori guztia aspaldian jakintzat eta argitzat dutelako itxura egiten dute, eta jendearen gehiengoak erabateko prestutasun otzana erakutsi du normaltasuna erosteko. Bakea nahi dugu, eta Zubiaren azken bertsoak ondo adierazten du sentimendu orokorra: «Nabaria da gauza guztiak / ez direla ondo egin; / agintariek, kazetariek, /eta medikuok berdin. / Gertatu dena onartuz eta / errepikatu ez dadin, / burua martxan ipini eta / errespetuan hitz egin». Baina, zer da edo nor da oker ibili dena, zer onartu beharrekoa, errepikatu ez dadin? Urduritasuna? Irainak eta modu txarrak? Adituei kasu egin ez, eta berean jarraitu duten arduragabeen jarrerak? Txertoari uko egiten diotenak? Ezen aipatu azken bertso horietan nabaria da nagusikeria eta hala moduzko mehatxu ezkutu bat ere: “nahikoa burugabekeria aguantatuak gara! Estatuaren eta Arrazoiaren indarra nolakoa den ikasi beharko duzue beste behin!”1.

Konspiranoiko ukatzaileok

Inpresioa dut ailegatu dela unea horren guztiaren aurrean amorruz eta etsipenez geureari eusten jarraitzen dugunok –egia borobil gutxi eta zalantza asko– etsaiaren iraina geurea egin, eta, negro edo queer laidoekin gertatu bezala, ukatzaileak garela esateko. Bai, konspiranoiko ere bagara, nola ez. Utzi alde batera “zuek zarete benetako ukatzaileak” bezalako salaketak, edo “bertsio ofiziala ez onartzetik datoz paranoia eta konspirazionismo guztiak” dioten jakintsuei aurre egin beharra, edo arduragabe eta soziopata izendapen goxoei gehitzen zaion azken simaur botatzeari aurre egiteko ahalegina: “ultraeskuinari ari zarete jokoa egiten”. Bai, pairatzen dugun egoera errotik ez onartzeak arriskuz betetako zirrikituak edo bideak zabaltzen ditu, eta ondo dakigu horretan tematzen direnek gaizki amaitzeko aukera handiak dituztela –nola amaitu zuten Espartakok eta Rosa Luxenburgok, esaterako; edo gulagetan edo Sinkiang-en psikiatrizatuak izan zirenak edo egunotan direnak–. «Egiten dudan guztiak ez du zentzurik etxea erretzen bada. Hala ere, etxea erretzen denean, beti bezala jarraitu behar da, dena kontuz eta zehaztasunez egin behar da, agian zehaztasun handiagoz ere bai —nahiz eta inor konturatu ez—. Baliteke bizitza lurretik desagertzea, egin denaren oroitzapenik ez geratzea, onerako edo txarrerako. Baina lehen bezala jarraitzen duzu, aldatzeko beranduegi da, dagoeneko ez dago astirik», idatzi du berriki Agamben filosofo madarikatuak. Ez gara suminduko itsukeriaz, koldarkeriaz edo artaldekeriaz. Edo sumintzen bagara, lasaitzeko arnasguneak bilatuko ditugu, eta gureak ez diren sentiberatasunetatik etorriko zaizkigun ahotsak ere entzungo; gure ekina fintzeko, zorrozteko, zabaltzeko, aldatzeko.

Eginahal horretan ez ditugu ahaztuko ere denon esku dauden egitateak, bake-beharraren narkosiak indargabetu ahal ditzakeenak. Meritu handia dute, irainduak eta zigortuak izanagatik ere, gauzak denok ulertzeko moduan esplikatzen saiatzen dihardutenek. Bertsio ofizial eta bakarra zalantzan jartzen dutenez, negazionisten infernura dira kondenatuak entzunak izan aurretik. Ez eman horri buelta gehiago. Nahi duenarentzat eskura dagoelako behar adina informazio pandemiaren kontuan gauzak oso gaizki egin direla jabetzeko2. Baina ez zentzu moralean («Nabaria da gauza guztiak / ez direla ondo egin, / agintariek, kazetariek, / eta medikuok berdin…»). Hobeto esanda, gauzak oso ondo edo ahal bezain ondo egin direla ere esan genezake –bustia bustiaren gainean–; kontua da non jartzen dugun fokua eta zer garrantzi ematen diogun argumentu bakoitzari. Loayssak eta Petruccellik txertoen inguruko aipatu artikuluan garbi uzten dute:

«Pandemia fenomeno natural gisa hauteman bada ere, eta hartutako neurriak konnotazio politiko eta ideologikorik gabekoak balira bezala azaldu, eragiketa “zientifiko” gisa hartutako neurriak, kontrakoa da gertaturikoa. Pandemia fenomeno soziala da, biologikoa edo naturala bezainbeste gutxienez, eta horri aurre egiteko modua estuki lotzen zaie indarrean den gizarte-irudikapenei, aukera politikoei edo premisa ideologikoei. Covid-19aren aurkako txertaketa esperimentala soluzionismo teknologikoaren ideologiaren baitan errotzen da, paradigma edo sinesmen batean, zeinaren arabera giza espezieak hausten dituen gizarte-harremanak eta metabolismo-ziklo naturalak teknologiaren bidez zuzendu baitaitezke. Premisa inplizituetako bat hau da: “oihanak eta basoak suntsi daitezke, eta animalia-espeziak leku gabe utzi daitezke; izan ere, jauzi zoonotikoak gertatzen direnean, laborategietan birus arriskutsuekin esperimentatzen dituzten soluzioak aurkituko ditugu, eta birus batek ihes egiten badu ere, konponduko dugu”».

Funtsean –eta lehen aldiz epidemiologiaren historian–, birus bati aurre egiteko eraso-estrategia militarrak jarri dira martxan. Berdin du berehala ikusi bazen ere modelizazio matematiko baten bidez egindako aurreikuspenak erratuak zirela3. Kanpaina abian zen, eta bere logika sinple eta bakarrean jarraitzen du. Alferrik da kontsideratzea epidemiaren gorabeherak –olatu izendatzen diren horiek, etsai baten erasoaldien moduan ulertuak– epidemia guztietako gorabeheren berdintsuak izan direla. Birusa eta natura bera gure kontrolpean jarri behar bada, pentsatzen eta egiten den guztia logika horren pean ikusiko da; eta medioetan ari diren “aditu” guztiek logika horren morroi eta neskame dira. Hasieratik erabaki zen txertatze unibertsalak konponduko zuela dena, eta logika horretan jarraitzen dugu. Alferrik da kontsideratzea kanpaina horren puntu ahul, eztabaidagarri edo arriskutsuak. Pandemia pasatu eta birus honekin ere bizi beharko dugula onartuko denean ere, izugarrizko garaipen moduan ospatuko da. 2020an munduan izandako heriotzen lehen zioa Covid-19a ez bada izan inon ere –ohi bezala, askoz jende gehiago hil ditu goseak, aire-kutsadurak, bihotzekoek edo minbiziek–, aldarrikatu dute hori, ebidentzia guztien aurka, hartu diren neurriei esker izan dela.

Lehenbizi, terrorea hauspotu zen, eta hura onartzen ez zutenen aurkako errepresio bortitza. Eta ez naiz ari konfinamenduan paseatzera basora atera eta harrapatu zuten gizajoaren aurka erabili zenaz, edo azken asteotan ez-jaiak direla-eta polizia guztien indar erakustaldi bortitzez. Horren guztiaren azpitik edo gainetik, egiturazko errepresio bat dago martxan. Informazio-aukeretatik hasita. Nahikoa da jakitea zer-nolako sare estua dagoen osatua farmazeutiken, munduko medio informatiko monopolizatuen, finantzak gobernatzen dituztenen eta gobernuen artean, ulertzeko “eztabaida zintzo eta anitz baten aldeko” askoren aldarriek irribarre maltzurra pizteko baino ez dutela balio (zer da Silveira Zubiaren aurrean?). Ángeles Maestro medikuak berriki esplikatu duen moduan, «Kapitalismoaren fase honetan, non historiak ezagutu duen kapital-kontzentraziorik handiena dagoen, gizarte-kontrolik handiena gauzatzen da, eta horrek ez du aguantatzen bere garaian iraultza burgesekin bat etorri zen adierazpen-askatasunaren ideia»4. “Komunikazioaren” aroa bizi dugula, alegia. Komunikazio-piramide erraldoi horren maila apalenean dauden medio handi nahiz txikiek ere egunero mailukatzen dizkigute obedientziarako aldarriak, sistema sanitarioaren oinarriari eusten ahalegintzen diren langileen otzantasuna baliatuz. Konspiranoikoa izateaz gain, ergela behar du batek hainbeste jende zintzo eta jatorren tsunamiari aurre egiten saiatzeko.

Orain arte esan dudan guztiak –eta gaiak hamaika hari-mutur dauzkanez askoz ere gehiago zabal zitekeen– ez du helburu “eztabaida publiko zintzoa beste behin aldarrikatzea”. Nire intentzioa gauzatzen ari den arrakalaren inguruan pentsatzea da.

Argazkia: Adli Wahid
Arrakala

Arrakalak konbibentzia deitzen dugun horren ohiko elementuak dira. Etengabe hitz egiten dugu haiei buruz: generoen arteko arrakalaz, azala argiago edo ilunago dutenen artekoaz, klase sozialen artekoez, belaunaldien artekoez… Eta arrakala horien ondoan, eurek sortzen dituzten distantziak txikitzeko edo goxatzeko eraikitzen diren egiturak edo mitoak daude: estatuetatik hasi eta erlijioekin jarraituz, egitura “interklasista”, “intergenero” eta ekumeniko guztiak barne. Baina gozagarri horien gainetik, arrakalei eusteko harresi eta lubaki gotorrak ere eraikitzen dira, armez eta heriotzez hornituak askotan; biolentzia handiz, betiere; alde batekoek edo bestekoek jakintzat eta naturaltzat ematen ditugun tabu sendoez. Egungo hirietan ohikoak dira beren artean ia kontakturik ez duten talde edo multzoak: gure milaka zahar zaindu, eta parkeetan beren haurren urtebetetzeak ospatzen ikusten ditugun immigranteenak eta bertan jaiotakoenak, esaterako. Esparru estankoen maila askotako eraikina da egungo jendartea, nahiz eta gehienok –pribilegiatuenok, behinik behin– joera dugun hiriaren erdigunean bizi garela pentsatzekoa.

Galdera da: Covid-19aren pandemiak sortu edo azaleratu egin al du arrakala berri bat?, eta, galdera horri baiezkoa erantzunez gero, zer motatakoa?, zer nolako ondorioekin? Stefania Consigliere eta Cristina Zavaroni antropologoek idatzi duten artikulu batek5 jarri dit arrasto horretan. China Miévillek 2009an argitaraturiko The City & the City nobela komentatzen hasten dira artikulu horretan. Nobelan, krimen bat gertatu da –krimen hori argitzeko ikerketan sartu den komisarioa da narratzailea–, baina leku bitxi batean gertatu da: Bes?el izeneko hiri-estatu batean, zeinak eremu geografiko bera partekatzen duen guztiz desberdina den Al Qoma izeneko beste hiri-estatu batekin. Halako moldez, non kale bat, eraikin bat edo baita zuhaitz bat ere, aldi berean, estatu batean eta bestean egon baitaitezke. Bi hiriak muga zorrotz batez bereizita daude, eta bakoitzak bere hizkuntza, bere kultura, bere ekonomia guztiz diferentea du. Baina, nola mantendu muga hori leku berberean? Arrakala izena duen mekanismo batez.

Hiri-estatu horietan arrakala esaten zaio infrakzio edo delitu bati, baina baita ere delitu hori zapuzteko antolatu den armada ezkutuari. Hiri bateko nahiz besteko biztanleen hezkuntzaren muinean dago arrakala, eta hori saihesteko beharrezkoa da jendea trebatzea. Hala, haurrek desikusten ikasi behar dute, desautematen. «Leku batzuetan, zuhaitz bakartuak ere badaude, eta, haien aurrean jarrita, Ul Qomako eta Bes?eleko haurrek bata bestearen ondoan igotzen dituzte, gurasoen agindu xuxurlatuei jarraituz, besteak etengabe desikus ditzaten. Halere, gaixotasunak hedatzen dituzten kutsadura-iturri ohikoak dira haurrak. Epidemiologia zientzia konplexua da, bai han, bai gurean ere», dio narratzaileak nobelaren erdialdean. Desikuste hori da –eta horretan bat egiten dute estatu bateko nahiz besteko agintari eta biztanleek– biziraupena ahalbidetzen duen oinarria. Arrakala litzateke desikusi beharrean, ikusten tematzen direnen delitua. Infrakzioa larria denean –ez ustekabeko kontu bat, berehala zuzendua–, izen bera duen –Arrakala, alegia– armada antzeko bat aktibatzen da delitu hori zapaltzeko. Armada hori bi estatuen oinarri izanda ere, haien legeditik at bizi da; ez du uniformerik, ezta beste inongo ezaugarririk ere. Modu honetan deskribatzen du nobelak: «Arrakala ez da ezer. Leku arrunt bat da, kontu sinplea. Arrakalak ez du enbaxadarik, moneta ofizialik edo armadarik; ez du horrekin zerikusirik duen inongo ezaugarririk. Arrakala [delitua] egiten baduzu, Arrakalak [zera horrek] irentsiko zaitu. Arrakala leku huts bat da, polizia amorratuz betea». Beste modu batean esanda, «arrakala egiten duena Arrakalaren esku geratzen da. Erraz desagerrarazi genezake infraktorea. Halere, delitugile horien inguruko zurrumurruak besterik ez dira entzuten. Inork ez du inoiz entzun Arrakalak atxilotu eta “zigorra bete duen” inoren kontakizunik. Guztiz diskretu bihurtzen dira, edo Arrakalak ez du inor askatzen…».

Nobela fantastikoaren eta nobela beltzaren ezaugarri nahasiez eraikitako fikzio arraro horrek (weird fiction) irakurketa-maila asko ditu. Egileak irakurketa alegorikoen aurka dagoela esan du (irakurketa bat non “nobela benetan zertaz ari den” argi gera litekeen); esanahi irekiak edo askotarikoak dituela gustuko. Hortaz, nobela hau “konpondu” gabe geratzen da, eta, nire ustez, horrek balio erantsi bat ematen dio. Baina ez naiz nobelaren labirintoetan eta haien interpretazioetan sartuko. Arrakalaren ideiarekin geratuko naiz.

Horretarako, leku berean eraiki diren bi hiri-estatuen jatorriaren mitoari dagokion beste elementu bat hartu behar kontuan. Nondik sortua da egungo zatiketa? Existitu zen momentu bat bi hiri-estatuak bat eginda bizi zirena? Ez dago horren inguruko ezagutzarik, eta ez da bilatzen ere. Arriskutsua litzateke ikerketa horietan sartzea. Badira, batean eta bestean, unionistak deituriko frakzio txiki batzuk, baina ez dute inongo indar operatiborik; alde bakoitzeko poliziak guztiz kontrolatuak eta zapalduak ditu. Baztertu horien mitologian Orciny izeneko ez-leku batez hitz egiten da:

«Zatiketaren aurreko hiria litzateke; misterio eta estalpe gisa interpretatu beharreko protomito moduko bat. […] Esan zuen Orciny existitua zela, nonbait, Al Qoma eta Bes?elen arteko zirrikituetan, zatiketaren aurrekoak izango zirenak edo, eta hor jarraitzen duela kolonia sekretu gisa, kolonia aparteko bat bizilagunen artean, bi hirietako hiritarrentzat begi-bistan dagoena, guztiek desikusten badute ere, haiek guztiak ikusten dituzten bitartean, Arrakalaren atzaparretatik libro… Ipuinak dira, eta ipuin horietan hitz egiten da arrakala egin eta Arrakalarengandik libratuz ernegatu gisa bizi direnei buruz; beti konspiratzen ari omen dira. Hirien tarteetan, ez dira erbesteratu gisa bizi, baizik eta barne-erbesteratu moduan, justiziatik eta zigorretik ihesi, egitateari buruzko ezjakintasun eskuzabal bati esker».

Eta gauzak are gehiago nahaspilatzeko:

«Behin esan zuen Bes?el eta Ul Qomaren historia guztia Orciny eta Arrakalaren arteko gerraren historia zela… Ez dut garbi, halere, Arrakala eta Orciny etsaiak direnik. Agian elkarrekin egiten dute lan. Edo, agian, mendeetan zehar pilatuz joan den boterea eman diogu Orcinyri, denak hor eserita geratzen garen bitartean, ipuin bat dela esanez. Nik uste dut Orciny dela Arrakalak bere buruari ematen dion izena».

Antropologo italiarrei bezala, irudi eta ideia iradokitzaileak egiten zaizkit horiek, une honetan bizi gaituen egoera deskribatzeko: nahasmendua batetik; muga gero eta zorrotzagoak bestetik: arrakala. Eta nobelan aipatzen den beste hari bati tiraka, ukatzaile askok errepikatzen duten kexu bat etorri zait burura. Kexua da, ezker eta eskuin, denok bat egiten dutela onarturiko diskurtso bakarrarekin; eta are gehiago abertzaleen artean, neurriak nork gogorragoak hartuko norgehiagokan. Nobelak dio elkar desikusten bizi behar duten bi hirien arteko ezikusia eta horrek mantentzen duen tentsioa ezinbestekoak direla estatu bakoitzaren iraupenerako. «Bloke Nazionalekoek –eta kale borrokarako antolatuta dauden Benetako Hiritarrek– gorroto diote Arrakalari, baina hori airea gorrotatzea bezalakoa da, Arrakalarik gabe ez baitago aberririk… Bes?eleko abertzaleak botere-orekaren aldekoen eta triunfalisten artean daude banatuta. Azken horien ustea da Arrakala Ul Qoma babesten ari dela, eta hori dela Bes?el burujabe baten oztoporik nagusiena».

Kulturaren indarkeria

Consigliere eta Zavaroniren aipatutako artikuluan, arrakalarena komentatu ondoren, kultura deitzen dugun horren funtzioaz ari zaizkigu:

«Kultura ez da unibertsal bat, natura estaltzeko erabiltzen dugun errezela, gure nahierara jar edo ken dezakegun jantzia, baizik eta gizaki gisa moldatzeko dugun modua. Kultura gorputzetan, zeluletan, genoman sartzen da; kulturak mundua hautemateko moduari forma ematen dio, gure bulkadak eta erantzun emozionalak egituratzen ditu, eta erregimen fisiologiko eta patologiko jakin baten arabera funtzionarazten gaitu… [Maila horretan erabakitakoak] ez du egiarekin ala gezurrarekin zerikusirik, gure mundu propioa sortzen baitu, eta haren egiak eta gezurrak etengabe sortzen edo egokitzen ditugu… Desikustearen ideia interesgarria da maila horretan, kulturaren betebeharra errealitatearen kaosean ordena bat sortzea baita. Eta indarrean jartzen den egia batek aurrekoa baliogabetzen du: monoteismoak politeismoarekin egin zuen bezala, edo monogamiak poligamiarekin, edo denbora linealak denbora ziklikoarekin… Sortzen dugun munduaren kalitatea baloratzeko konturik adierazgarrienetakoa da inkludituen eta baztertuen arteko harremana; benetakoaren eta irudimenezkoaren artekoa da, agian, munduko kalitateari buruzko daturik erabakigarriena. Mespretxutik errepresiora egon litezkeen aldeekin”.

Haurrak mundu horietara behartuak dira, haiek ez baitaude jaiotzez beren gurasoen mundura egokituak. Nobelan bezala, hezituak izan behar dute besteen munduak desikusteko, aurreindibiduala eta irudizkoa egiazkotik –dagokion mundu funtzionaletik– bereizteko. Halere, jendarte guztiek egokitzen dituzte denbora eta espazio bereziak non onartzen den desikustearen erlaxazioa: ametsen interpretazioan, trantzean, meditazioan, drogen erabileran… Zenbait terapiaren zeregina ikus litekeenaren esparrua zabaltzea litzateke, desikusi behar den horrek desoreka edo sufrimendu handiegia sortzen digunean6. Espazio horiek baliatzean egon liteke jendarte baten malgutasunaren neurria, eta, gureari dagokionez, bistakoa da aspaldian gertatzen ari den zurruntze eta estutzea mugako ziren esparru anitzetan: bidaia oro turismo bilakatu dugu, artea despolitizatu, eta, finean, objektibotasunaren neurri gero eta murriztaileagoak aplikatuz, patologikoa edo siniestroa kontsideratzen den oro azpiratu dugu, horrek berak espektakulu gisa morboa elikatuko duelarik.

Horrek guztiak indarkeria-dosi handiak behar ditu mantentzeko. Norbaitek esana da, lehen munduko herritar guztiok geure mundua ahalbidetzen duten indarkeriaz bat-batean jabetuko bagina, horrek berarekin duen esplotazioa eta krudeltasuna sentituko bagenu, ezingo genioke aurre egin inpaktuari. Zoratu egingo ginateke, edo shockaren inpaktuaz hil.

Bistakoa da larrialdi kolektibo batek –gerra batek, epidemia batek…– aurreko oreka dardararazten duela; normaltasuna izendatzen dugun hori. Eta hau une egokia beharko luke izan jabetzeko zein zutaberen gainean eraikia dagoen gurea. “Zientzia” da irizpide eta erabaki guztien zutabetzat saiatzen dugun oinarria, eta, horri atxikita, “irizpide sanitarioak”. Irizpide horiek objektibotasunaren jantziaz beztitzen ditugu, eta haien arrazoi minimoena zalantzan jartzen duen oro irrazionaltasunaren infernura bortxatua da. Aipatu artikuluaren azken aipamen bat:

«Hori guztia ez da harrigarria, baina ikaratu egiten du. Izan ere, badaude haustura ideologiko handiagoko edo txikiagoko garai historikoak, baina diktadurekin eta totalitarismoekin bat datozenak izan dira gehien iraun, eta batere malgutasunik erakutsi ez duten garaiak. Argiago ikusteko aukera dagoenean begirada baztertzeak esan nahi du mugako polizia erabat barneratu dela, desikustea erabakitzen dugula. Baina, batez ere, maniobra horrek logika bortitz bati erantzuten dio, ur nahasietan bere probetxu ekonomikoa bilatzen duten horien maltzurkeria baino larriagoa, agian. Rage Against The Machine taldearen abesti baten bertsoarekin laburbil daiteke: “Hartzeko beste pilularik ez dagoenez, irentsi gaixotu egiten zaituena”. Gure garaikide askorentzat, krisialditik ateratzeko psikikoki onargarriak diren irtenbide bakarrak hondamendia eragin duen logika berekoak dira. Deprimituta geunden garrantzizko harreman gaiztoengatik? Bada, guztiz bakartuak egon beharko dugu, salbatu nahi badugu. Gure seme-alabek arazoak zituzten pantailekiko mendekotasunarekin? Bada, pantaila baten aurrean denbora guztia pasatzera behartu, eta akabo problema. Gero eta ospitale erraldoiagoak eta oinarrizko zerbitzu ahulagoak genituela? Bada, ospitaleak indartzea da Covid-19ari aurre egiteko bide bakarra. Eta abar».

Susmoa dut sortzen ari den arrakalak ez duela, ohi bezala, soilik jende multzo berri bat demonizatuko eta bazterrean utziko, gehiengoaren mamuak bideratzeko aitzakia ezin hobea eskainiz. Jende multzo horrek –ukatzaileak, konspiranoikoak, txertoen aurkako soziopata kriminalak…– orain arteko sailkatze sozialak, politikoak eta kulturalak are gehiago ahulduko lituzke, eta prezio altu bat ordainarazi gero eta eutsiezinagoa egiten den orekari.

Etxea Sutan

Gipuzkoan gehien irakurtzen den periodikoa dut begi-bistan. Ohi bezala, Realaren azken partidak hartzen du lehentasuna; ondoren, zinemaldiaren hasierak eta lehendakariaren deklarazioek: «Urkulluk Covid-19aren ondoko Euskadiren berpizkundea iragartzen du». Barneko bazter batean, halere, badago beste berri bat: “Planeta tematzen da klima-aldaketari aurre ez egiten” (“El planeta se empeña en tirar la toalla contra el cambio climático”). Nor ote “planeta” delako hori, txoriburu baten moduan tematzen dena? Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren hitzak aipatzen ditu artikuluak: «Gure adituen txostenak ez du zalantzarako tarterik uzten. Denbora agortzen ari da. Glasgowen (CP 26) egingo den 2021eko Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Konferentzia inflexio-puntua izan dadin, herrialde guztiek konpromisoa hartu behar dute 2050ean, beranduenez, zero emisio garbi lortzeko». Pandemiaren geldialdia antzeman ondoren, kutsadurak eta emisioak berriro jo dute goia, eta 2019ko markak gainditzekotan dira.

Andreas Malm, ikerlari eta ekintzaile suediarra, modu patxadatsu eta sakonean Covid-19a eta hondamendi klimatikoaren harremanak eta aldeak aztertzen dituenetako bat da. Pandemia hondamendiaren testuinguruan ulertu behar da, baina bataren eta bestearen pertzepzioa guztiz dira ezberdinak –eta, esan gabe doa, agintariek bataren eta bestearen aurka hartzen (ez) dituzten neurriak–. Gordinki azaltzen du egoera:

«Apokalipsiko zaldizkoek ez dute bakarrik zamalkatzen, izurriteak ez dira singularrean agertzen. Badirudi gure ur-putzuetan ultzerak, ekaitzak, izurriteak, ibai kiratsuak, arrainak eta igel hilak ditugula zain. Lerro hauek idazten ditudanean, 2020ko udaberrian, koronabirusaren pandemian erregistratutako kasuen kopurua milioiaren kota gainditzear dago, ia berrogeita hamar mila hildako daude eta inork ez daki nola amaituko den istorio hau... Irudimenari firmaturiko txekeetako batzuk kobratzen baditugu, sukarra duen jendea bizi den planeta kartsu bat ikus dezakegu: berotze globalari pandemiak gehituko zaizkio; Bonbayn, adibidez, suburbioak itsasoaren azpian geldituko dira jendea pneumoniaz hiltzen den bitartean. Dharaviko auzo txabolistatik lehen koronabirus-kasuaren berri eman berri dute. Han milioi bat lagun bizi dira pilatuta, osasun-instalaziorik ia batere gabe, eta auzoa urez betetzen duten zikloi-itsaskiak gero eta altuagoak dira. Errefuxiatu-eremu batzuetan, labana gurinean bezala sartzen dira patogenoak pilaturiko gorputzetan. Bero handiegia egingo du, eta kutsatze gehiegi egongo dira kalean azaltzeko ere; soroak eguzkipean zartatuko dira, eta inor ezingo da haietaz arduratu»7.

Eta guri zer?; lekutan dugu Bombay! (Baina, ez al dugu mundu guztia immunizatu behar, gu ere gaitzaz libratzeko?). Malmek, egoeraren irakurketa serio baten ondoren, hondamendi klimatikoari aurre egiteko gerrako ekonomia batez hitz egiten du (“Gerra-komunismoaz”, zehatzago). Zer- nolako neurriak hartu behar diren argi dago. Horiek eragiteko botere antolaturik, aldiz, ez da existitzen.

Maiz gertatzen den bezala, joan den udan gure inguruko unibertsitateetako hainbat irakaslek enegarren proposamena plazaratu zuten “Espainiar estatuko erresilientzia ekosoziala lehenbailehen berreraikitzeko talka-plana” izenpean, dagoeneko ehun bat adituren sinadura lortu duena, non ekonomian, energian, fiskalitatean, finantzetan, habitatean, industrian, lan munduan, mugikortasunean, nekazaritzan, hezkuntzan eta kulturan, demokraziaren garapenean, ekologia eta erresilientzian eta nazioartean ezinbesteko diren neurriak zerrendatzen diren. Guztiak zentzu komunak onartzeko modukoak, modu tekniko-aseptikoan adieraziak. Baina hor proposatzen diren hogeita zortzi neurri zerrendatzen baditugu –nik egin dudana– haietako sei jabetza pribatuko eskubide sakratuaren zuzeneko atentatuak direla ondorioztatuko genuke; hamalau, printzipio ekonomiko liberalen aurkako erasoak; beste hainbeste gure zibilizazioaren funtsezko dogma politikoen aurkakoak… Hots, Andreas Malmek aipatzen duen gerra-komunismo ekonomia batera jotzen dutenak. Alderdi bat osatuko balitz programa hori hitzez hitz onartuko zuena PACMAk (“Partido Animalista Contra el Maltrato Animal”) baino boto gutxiago lortuko luke… Guk normaltasuna nahi dugu; El Diario Vasco, El Correo, Diario de Navarra, Berria, Sud Ouest, El País, Le Monde, Tele5 eta EITB dira gure informazio- iturri nagusiak. Eta, noizean behin, protesta egiten dugu bati edo besteri eskua joan zaiolako kutxan edo idazkariaren gonapean, Zanzibarren edo Ertzaintzaren interbentzioren batean, azken ABEE aldi baterako enplegu erregulazioan edo gazteen prekarietatearen “arazoan”.

Azken krisi honek izan ditu kaltetu zuzenak. Jende asko izan da kolpatua maila askotan: heriotzak eta arriskuak kolpatuta, baina baita ere inoiz imajina ere ez zituen egoerak bizi izan beharrak: konfinamenduari lotutakoak, lan-baldintzei, harremanei… Zauri eta orbain horiek hor geratuko dira, baina ez gara gutxi uste dugunak honek guztiak izan duen dimentsioak aurrez pentsatu ez genuen egoera batera bultza gaituela, eta horretan finkatzen ari garela. Bozgorailuetatik egunotan ozen ari direnaren aurka (“dagoeneko pasa da, edo ia pasa da; segi betikora”), pandemian bizi izandakoa ez da, zoritxarrez, tokatu zaigun enegarren krisialdi hutsa. Aitzitik, nire eta beste zenbaiten inpresioa da etxea sutan dagoela. Eta hori desikusi gabe, barne-erbeste batera gara bultzatuak, eta min handia ematen digu horrek. Negazionista izanagatik, ez dugu min hori ukatuko.

Egoerak arrazoi askorengatik aztoratu gaitu, baina, partikulartasun guztien gainetik, zera azpimarratuko nuke nik: “osasuna” eta “gaixotasuna” funtsezko kontu politikoak bihurtu direla. Eta ez naiz kudeaketaz ari –pandemiaren kudeaketaz, osasungintzaren kudeaketaz–, baizik eta konturik intimoena –bizitza, heriotza…– premiazko eta lehen mailako arazo politikoa bihurtu dela, eta jokoz kanpo harrapatu gaituela azaleratze horrek. Horregatik dar-dar egiten dute zimenduek gure eraikuntza politiko eta sozialetako eraikinak pitzatu arte. Horregatik ere sentitzen dugu normaltasunera itzultzearen irrika: “osasuna gauza bat da; politika, beste bat” hortzak estututa aldarrikatu beharra (“Hau emergentzia nazionala da, alderdikeriak alde batera uzteko unea” diote eskuin espainol eta frantsesek nahiz ezker abertzaleko eledunek).

Etxea erretzen ari denean lehen aipatu dudan Agamben filosofoaren artikulu baten izena da8. Filosofo eztabaidatua baina errespetatua zen pandemia arte, eta 2020ko otsailean L’invenzione di un’epidemia argitaratu zuenetik –eta dozenaka dira horren ondoren idatzi dituen artikuluak– erabateko lintxamendua jasan behar izan du medio guztietan. Nire ustean, inork gutxik bezala seinalatu du egoeraren larria, eta, horregatik, Etxea erretzen ari denean artikuluko hainbat aipurekin amaituko dut gogoeta hau:

«Zenbat denbora darama etxeak erretzen? Zenbat denbora egon da erretzen? Duela mende bat, 1914 eta 1918 artean, zerbait gertatu zen Europan, osorik eta bizirik zirudien guztia sugarretara eta eromenera bota zuena. Hogeita hamar urte geroago, sua jabetu zen berriz guztiaz, nonahi, eta, harrezkero, erretzen jarraitu du, apalago, itzalita, errautsen azpian ia, baina bizirik. Agian, sutea askoz lehenago hasi zen: gizateriak salbaziorako eta aurrerabiderako zuen bultzada itsuak bat egin zuenean suaren eta makinen boterearekin. Hori guztia ezaguna da, eta ez da errepikatu behar. Aitzitik, galde egin behar da nola bizitzen eta pentsatzen jarraitu ahal izan genuen dena erretzen zen bitartean; zer geratu zen suaren erdian edo ertzetan. Nola arnastu genituen sugarrak, zer galdu genuen, zer hondakini edo zein inposturari heldu gintzaizkion. […]

Orain, sugarra formaz eta izaeraz aldatu da; digital, ikusezin eta hotz bihurtu da, baina horrexegatik dago oraindik hurbilago, gu inguratzen uneoro, gure gainean. […]

Itsukeria are etsigarriagoa da, naufragoek beren hondoratzea gobernatu nahi baitute, eta esaten dute dena teknikoki kontrolpean mantendu daitekeela, ez dagoela jainko edo zeru berri baten beharrik –debekuak, adituak eta medikuak baino ez–. Izua eta doilorkeria.

Zer litzateke otoitz edo sakrifiziorik egiten ez zaion jainkoa? Eta zer litzateke ordena eta inposizioa ezagutzen ez dituen legea? Eta zer da hitz bat ezer ordenatzen edo adierazten ez duena, baizik eta printzipio batean eusten dena edo, agian, printzipioa bera baino lehen dagoen zerbaitetan?

Azkenean, bizirik gabe sentitzen den kultura bat hondamena gobernatzen saiatzen da, salbuespen-egoera iraunkor baten bidez. Jünger-ek mobilizazio orokorrean ikusten zuen gure denboraren funtsezko izaera, eta ikuspegi horretatik aztertu behar da gaurkoa ere. Jendea mobilizatu egin behar da, une oro larrialdi-egoeran sentitu behar dugu, eta egoera hori ahalik eta zehatzen arautu behar dute hura erabakitzeko ahalmena dutenek. Baina iraganean mobilizazioaren helburua jendea hurbiltzea eta pilatzea bazen ere, egun, aldiz, isolatu eta elkarrengandik urrundu nahi gaitu mobilizazio orokorrak. […]

Botereak sortu duen bizitza soilari (“nuda vida”) kosta ahala kosta eusten saiatuta ere, eta botereak ahal dituen gailu guztiekin kontrolatzen saiatu arren –ez bakarrik poliziarekin, baita medikuntzarekin eta teknologiarekin ere–, bizitza, definizioz eutsiezina denez, itzuri egingo zaigu beti. Bizitza soila gobernatzea da gure garaiko eromena. Bere izate biologiko hutsera murriztutako jendea ez baita horrezkero pertsona; jendearen gobernua eta gauzen gobernua bat datoz une horretatik.»

Pentsamendu ilunak, etsigarriak, zalantzarik gabe, baina horrek ez liguke etsipenerako baimenik eman behar. Gu guztiok Europako sugarretan sortuak gara, eta joan den mendeko azken hamarkadek burbuila narkotiko baten baitako lozorroan geundelako inpresioa eman badigute ere, lehertu da burbuila hori, eta, beste sasoi gorrietan bezala, norberak erabaki beharko du non eta nola kokatu.

Horra Agambenek berak irailaren 17ko postean proposatu duena:

«Italia, Mendebaldeko laborategi politikoa den aldetik, non potentzia nagusien estrategiak aldez aurretik muturreko moduan lantzen diren, egoera txarrean dagoen herrialdea da gaur egun, bai politikoki eta baita gizatasunean ere, eta eskrupulurik gabeko tirania hantuts eta irmo bat masa batekin elkartu da. Terrore sasi-erlijioso batek harrapatu du jendea, eta inoiz askatasun indibidual gisa ulertu zen ura ez ezik, giza harremanen epeltasun guztia ere sakrifikatzeko prest agertzen da. Baimen sanitarioarekin −greenpass delakoa− normaltasunera itzultzen ari garela sinestea guztiz inozoa da. Hirugarren txertoa ezartzen ari den bezala, beste txerto batzuk ezarriko dira, eta, agintariei baliagarri bazaie, larrialdi-egoera berriak eta eremu gorri berriak deklaratuko dira. Eta zuhurtziarik gabe obedientziara makurtu direnak horren prezioa ordainduko dute.

Baldintza horietan, berehalako erresistentziarako tresna posible guztiak alde batera utzi gabe, disidenteek pentsatu behar dute beharrezkoa dela beste jendarte moduko bat sortzea jendartearen baitan, etsaigoaren eta distantziaren jendarte barruan lagun- eta auzo-komunitate bat eratzea. Klandestinitate berri horren formak, erakundeetatik ahalik eta autonomoenak izango direnak, esperientziaren arabera noiz edo noiz baloratu eta aldatu egin beharko dira, baina haiek bakarrik bermatu ahal izango dute giza biziraupena, modu kontzientean ala ez, autosuntsiketara bideratu den mundu batean».

Bozgorailuek –dagoeneko, guztion intimitateraino heldu direnetik, ez dituzte plazan instalatu beharrik– alerta nahiz normaltasuna oihukatu arren, beste zerbaiterako unea iritsi da. Krisi pandemikoak, krisi ekologikoak, krisi ekonomikoak eta sozialak areagotu baino ez dira egingo; areago, azeleratu egingo dira, pasa diren hilabeteotan gertatu moduan. Eta horrek arrakala berriak sortuko ditu, eta areagotuko.

Ez da lokartzeko ordua, ezta desesperatzekoa ere.

 

Artikuluaren oin-oharrak:

1 Hitzok idazten ari nintzela jaso nuen Espainian lehen aldiz medio batek antolatua zuela eztabaida bat non parte hartuko zuten alde bateko (Madrilgo medikuen kolegioko zuzendariak, 2020ra arte osasun ministroa izandakoak eta EHUko errektore ohi ezagunak) zein besteko adituak (bere iritzi publikoarengatik espedientatuak dauden pare bat mediku eta beste). “Posible ote da?”, galdetu nion neure buruari. Ez, ez zen posible izan. Hasteko, EHUko errektore ohia ez zen agertu, eta, lehenengo gai arantzatsua agertu orduko, ildo ofizialeko ordezkariak aulkitik altxa, eta alde egin zuten suminduta: «Ez gara gu izango txertaketaren eraginkortasuna zalantzan jartzen duten negazionista sasizientifikoen konplize!». Jarraitu zuten besteek, eta eztabaida jasotzen zuen bideoak ez zuen 24 ordu iraun Youtuben (100.000tik gora aldiz ikuskatua izan ondoren). Aurrerago lotuko natzaio “Komunikazio” arazoari.

2 Azpimarratzekoa da, ildo horretan, Paz Francések, José R. Loayssak eta Ariel Petruccellik beste hainbat kolaboratzailerekin argitaraturiko Covid-19. La respuesta autoritaria y la estrategia del miedo. Argigarria ere liburu horrek izan duen jazarpena eta zentsura. Baina, beste askok bezala, aurrera jarraitzen dute bidean; Covid-19: una vacunación controvertida artikuluarekin, esaterako −Hordago-El Salto aldizkariaren webgunean argitaratu zen, baina hurrengo egunean erretiratu.

3 Londresko Imperial Collegek aurkeztutako eredu matematikoaz ari naiz (ikus Francés eta abarren aipaturiko liburuan 199. orrialdetik aurrera).

4 Aski da irakurtzea irailaren 7an Maestrok argitaratu zuen artikulua xehetasunak ulertu ahal izateko: Políticas de exacerbación del miedo y censura en la gestión del Covid (“Covidaren kudeaketan beldurra eta zentsura areagotzeko politikak”). Bertan, zehazki esplikatzen da bai zentsuraren gaia –isilarazitako lehen mailako zientzialarien zerrenda laburra ere eskaintzen da–, bai eta sarean instalatu den sistema ere: «Estrategia orokor bat jarri da abian, BBCren gidaritzapean Trusted News Initiativen (TNI) zentralizatua. TNI 2019an sortu zen, baina bultzada handia hartu zuen OMEk Covid pandemia-egoera deklaratu eta bi astera. Helburua: “txertoen gaineko desinformazio kaltegarriari aurre egitea”, “ikerketa-proiektu garrantzitsu bat” iragartzearekin batera. TNIko kideek berehala ohartarazten dute eduki desegokia non dagoen, eta eduki hori “azkar berrikusiko da, desinformazioa berriro ez argitaratzeko”. Sinpleki esanda, ezabatu egingo da. Enpresa horiek dira herrialde bakoitzean bazkide egokienak bilatzen dituztenak. Espainiako estatuan, Newtral Facebook-Whatsapp sareko morroi da, eta Maldita, berriz, Google-Youtuberena».

5 2021eko uztailaren 7ko Disvisioni. Servitù volontaria e cecità selettiva ai tempi del Covid-19az (“Desikustea. Borondatezko morrontza eta itsutasun selektiboa Covid-19 garaian”).

6 Pandemia-sasoian inposatu diren neurri eta uste irrazional asko ikuspuntu horretatik begiratu behar direla uste dut. Aire zabalean musukoa erabiltzera behartzea, esaterako, edo, are larriagoa dena, haurrak “bonba biralak” kontsideratzea, haiek ezer pairatu ez eta mundu guztia kutsatzeko gai. Orain, haiek ere lehenbailehen txertatu behar direla azpimarratzen da, berezko duten sistema immuneak babesten baditu ere. Badirudi txertoa hartzea katolikoen artean bataioa hartzeak izan zuen funtzioa betetzen ari dela, funtzio sakramental bat; hau da, salbaziorako bide ezinbesteko gisa (nire amak ezin zituen bere haurrak ferekatu bataiatuak izan bitartean…). Horregatik bihurtu da zigortu beharreko delitua txertoa zalantzan jartzea, erlijio bakarreko sakramentu bilakatu delako. Gai honi buruz, ikus La medicina come religione (gaztelaniaz ere, edo frantsesez).

8 Quando la casa brucia jatorrizkoa (gaztelaniaz ere argitaratua ). Gerora liburuxka bati izena emateko erabili da, eta Quand la maison brûle izenarekin frantsesez ere argitaratua izan da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 shockean adi
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


2022-03-29 | ARGIA
COVID-19aren aurkako pilulak iritsi dira Hego Euskal Herrira

Hego Euskal Herrira pilulaz betetako 722 kaxatxo iritsi dira, COVID-19a larri pasatzeko arrisku handiko gaixoentzat zuzenduta. Europar Patasunak COVID-19arentzako ahotik hartzeko gomendatu duen lehen pilula antibirikoa da Pfizerren Paxlovid eta Espainiako Gobernuak 253 milioi... [+]


2022-03-15 | ARGIA
Indarkeria matxista pandemian: erailketa gutxiago eta suizidio gehiago

Pandemiaren eragina indarkeria matxistan azterketa kaleratu berri du Espainiako Gobernuak. Bertan ondorioztatu dute eraildako emakume kopurua gutxitu egin dela, hauek kontrolatuta eduki dituzten denbora gehitu izanaren ondorioz. Baina emakumeen suizidioak gizonenak baino gehiago... [+]


2022-02-22 | ARGIA
Hipra txerto katalana merkaturatzear denean, patenteak kentzeko eskatu dute hogei erakundek

Merkatura ateratzear den Hipra txertoari patenteak kendu diezazkiola eskatu diote hogei erakundek Espainiako Gobernuari. Izan ere, Kataluniako multinazional honek COVID-19aren aurkako txertoa egiteko entsegu klinikoetarako diru publikotik gutxienez 15 milioi euro jaso ditu.


2022-02-20 | Estitxu Eizagirre
Eneritz Zubiaurre, COVID-19aren aurkako txertoak kaltetua
"Txertoa hartu nuenetik ia urtebetera, oraindik ez naiz gai bizitza normala egiteko"

Eneritz Zubiaurre irakaslea da, eta lan eremu horretan egin zen gizarteko lehenengotako txerto deiari erantzunez, ziztada hartu zuen 2021eko martxoaren 14an. Astra Zeneca egokitu zitzaion. “Inork, ezta txertoa jarri zidan erizainak ere ez zidan ohartarazi izan nitzakeen... [+]


Eguneraketa berriak daude