Arkaitzerrekako isurketan Cesar Gimeno eta Ekondakin inputatu ditu Donostiako instrukzio epaitegiak

  • Zubietako erraustegian isurketa toxikoa izan zen 2020ko maiatzean eta Arkaitzerrekan arrain ugari hil zituen eragindako kutsadurak. Orain, Donostiako Instrukzioko 5. epaitegiak auto bat kaleratu berri du eta bertan Guardia Zibilari zehazten dio zein bi ikerketa egin behar dituen. Horrez gain, jende gehiago inputatu du: egun ikertutako hamalau pertsona eta lau enpresa daude, tartean, Cesar Gimeno eta Ekondakin.


2022ko ekainaren 14an - 09:52
Azken eguneraketa: 10:57

2020ko maiatzan Arkaitzerrekan hildako arrain ugari agertu ziren eta ingurunea ikertu zuen Guardia Zibilaren Ingurumen Unitate Zentral Operatiboak (UCOMA). Auziari lotuta, 2022ko urtarrilaren 13an Ekobaleko hainbat langilek eta GHK-k inputatu moduan deklaratu zuten. Orain, GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez, auto bat kaleratu du (2022ko maiatzaren 31ko data daramana) erraustegiaren funtzionamenduan ea delitu ekologikorik egon ote den ikertzen ari den Donostiako 5. Instrukzioko Epaitegiko magistratuak. Auto horrek ikerketa aktibatu du, GuraSOSen hitzetan "geldituta" zegoena: zehazki, magistratuak erabaki du Guardia Zibilari bi ikerketa agintzea.

Magistratuak Guardia Zibilari agindu dio aingira batean agertutako substantzien jatorria ikertzeko

Guardia Zibilak bere ikerketa txostenean dio "kloroalkanoak oso konposatu toxikoak” dela eta “minbizia sor dezaketela gizakiarengan eta beste kalte larri batzuk osasunean eta ingurumenean”, eta, aldi berean, substantzia hori “debekatua dagoela 2004az geroztik EBn”. Magistratuak Guardia Zibilari agindu dio “hildako aingira baten ehunean agertutako kloroalkanoen (0,885 mg/kg) eta metalen maila handiaren jatorria edo emisio-iturria aurkitzeko”. GuraSOSek adierazi duenez, kloroalkanoaren "jatorria errauskailuan dagoela zehaztuko balitz, epaitegiak jarduera geldiarazteko agindu lezake".

Bestalde, magistratuak Guardia Zibilari eskatu dio ikertu dezala garai horretan erraustegiaren segurtasun-egoera zein zen: “Kutsatzaileak ez sakabanatzeko, isurketarik ez gertatzeko edo langileen eta ingurumenaren segurtasuna bermatzea helburu duten zer obra, segurtasun-sistema, funtzionamendu- eta segurtasun-proba, instalazio eta gainerako neurri zuzentzaile edo segurtasun- eta kontrol-neurri zehatzak, egin gabe, instalatu gabe edo behar bezala funtzionatzen dutela frogatu gabe zeuden gertakarien unean eta azkenean zein datetan ezarri diren zehaztea”. GuraSOSek oroitarazi duenez, "2020ko otsailetik %70-80ra bitartean funtzionatzen zuen instalazioak, obrak amaitu gabe, beharrezko probak egin gabe eta martxan jartzeko baimenik gabe".

GuraSOSek "ontzat" jo ditu epaileak eskatutako ikerketa, "nahiz eta guk eskatutako proba guztiak ez diren onartu". Asmo horrekin aste honetan apelazio-errekurtso bat aurkeztuko du Probintzia Auzitegian.

Cesar Gimeno, Ekondakin eta Ekobal inputatuak

Magistratuak hiru inputazio pertsonal berri gehitu ditu. Horien artean dago Cesar Gimeno, bide ingeniaria eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatu eta GHKko lehendakariaren "eskuin-eskua" (GuraSOSek aditzera eman duenez). Izan ere, Iñaki Arriola 2009-2013 legegintzaldian Garraio sailburua izan zenean, Eusko Trenbideen Sarekeko zuzendari nagusi izendatu zuen Asensio eta lehendakariorde etxekutibo, berriz, César Gimeno. Inputatu berri den Cesar Gimeno ate birakarien "adibide" dela oroitarazi du GuraSOSek: Campezo eraikuntza-taldeko zuzendari nagusi izana, hortik aipatutako Eusko Trenbideen Sareko lehendakaritza exekutibora pasatu zen eta Campezo enpresak bereganatu zuen AHT egiteko Bergara, Beasain eta Ezkio-Itsaso tarteen esleipena.

Donostiako Instrukzio Epaitegiak inputatu berri duen beste entitate bat Ekondakin da. Bera da erraustegia egiteko eta kudeatzeko kontzesioa duena eta bere parte dira Meridiam enpresa inbertitzailea, hondakinak tratatzeko Urbaser multinazional txinatarra, LKS eta eraikuntza enpresa hauek: Altuna eta Uría, Moyua eta Murias.

Ekondakin inputatzearekin batera, Ekobal izeneko erakunde instrumentala ere inputatu du epaileak. Ekobal, Ekondakin enpresak sortu du, hurrengo 30 urteetan errauste plantak jardun dezan. Halaber, SBE (Steinmuller Bakoc Enrionment) enpresa alemana ere inputatu du: enpresa horrek labeen teknologia ekarri zion proiektuari eta Boldrochi multinazional italiarra ere inputatu du, ikertutako kubetaren instalazioan parte hartu baitzuen.

.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako erraustegia
Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-11-17 | Irutxuloko Hitza
GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiaren ikuskaritza bat eskatu du batzar nagusietan

GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiarekiko duten jarrera ukatzailea aurpegiratu zieten foru agintariei asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. GuraSOSen bozeramaile eta abokatu Joseba Belaustegik azaldu zuenez, egungo arazoen aurrean beste alde... [+]


Jose Ignacio Asensio ikerketapean dago, ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik

Ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat egin ote duen eta dokumentuak faltsutu dituen ala ez ikertzeko eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak, GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez.


Sutea piztu da berriz Zubietako erraustegian

Donostiako suhiltzaileek jakinarazi dutenez, erraustegiko biolehortze-plantan gertatu da ezbeharra.


Eguneraketa berriak daude