"Arazo handia dago enpresa ertain eta txikietan, ez baitute Planik ezta neurririk ere"

  • LAB sindikatuak salatu du EAEn industria eta eraikuntzako 5.200 enpresa egonik, soilik 160 ekintza Plan jaso dituztela koronabirusaren aurrean langileen segurtasuna bermatzeko. Plan horien %11k soilik betetzen du Jaurlaritzak emandako aholkuak. EAEko enpresen %65ean ez dagoela ordezkaritza sindikalik azpimarratu du, eta enpresa hauetako bakar batek ere ez duela Prebentzio Plana negoziatzeko eskaerarik egin. Egoera honen aurrean ikuskaritza lana ez dela nahikoa izaten ari adierazi du eta Jaurlaritzari exigitu dio "langileen osasun egoeraren jarraipena egiteko beharrezko neurriak har ditzala".


2020ko apirilaren 28an - 07:48

"Alarma egoera ezarri zenetik, langileon osasuna ez da egon neurri politikoen erdigunean" salatu du LAB sindikatuak. Arantza Tapia kontseilariak aktibitatea berriro martxan jartzeko Gidaren arrakasta goraipatu du baina sindikatuaren ustez "porrot hutsa izan da".

Datu hauek eman ditu hori argudiatzeko LABeko Industria Federazioko idazkari den Eulate Zilonizaurrekoetxea-k: "LAB sindikatuak COVID19-aren aurkako 160 ekintza Plan jaso ditu, EAEn industria eta eraikuntzako 5.200 enpresa inguru daudenean. Horietatik %11-k jaso du gure teknikarien onarpena, Jaurlaritzak bere Gidan zerrendatzen zituen ezaugarriak soilik kontutan izanda. Beste %20 batek zuzenketa edo hobekuntzaren bat behar du, eta hori enpresetan jakinarazten ari gara. Gainerakoak onartezinak dira, bai guztiz ez nahikoak direlako (%34) edota kasu asko eta askotan Gobernu Espainolaren edota Jaurlaritzaren Gidako neurriak bere horretan kopiatu dituztelako (%35). Hau da, aholku orokorrak dira, lan zentro bakoitzeko behar eta errealitatera egokitu gabekoak. Beraz, ez dute ezertarako balio".

Enpresa txiki eta ertainetan egoera okerragoa

LABeko kideak adierazi duenez, "enpresetan hartzen ari diren neurriak ez dira Gida horren ondorio izan, datuak argi adierazten dute hori, baizik eta langileek enpresetan eragiteko izan duten gaitasunaren ondorio. Konpromiso eta borroka horren ondorioz, nahiz eta enpresa askotan planik ez egon, COVID19-aren aurkako neurriak hartzen ari dira, baina batez ere enpresa handietan. Arazo handia dago, ordea, enpresa ertain eta txikietan, ez baitute ez Planik ezta neurririk ere ez (edota guztiz ez nahikoak dira)".

"Arazoa are eta larriagoa da ordezkaritza sindikalik ez dagoen enpresetan, langileak guztiz abandonatuta daude" adierazi du sindikatuak eta datu hau eman du: EAEko enpresen %65ean ez dagoela ordezkaritza sindikalik, "eta gehien-gehienak enpresa txikiak dira". Ordezkaritzarik gabeko enpresetan Plana negoziatzeko kontaktuak eskatu zizkien Eusko Jaurlartizak aurreko astean, baina "ordezkaritzarik gabeko enpresa batek ere ez du Prebentzio Plana negoziatzeko eskaerarik egin. Zer gertatzen ari da ordezkaritzarik ez dagoen eta COVID-19-aren aurkako Planik ez daukaten enpresa horietan guztietan?".

Ikuskaritza gehiagoren beharra

Ikuskaritza lana ez dela behar bestekoa adierazi du sindikatuak: "Administrazioko zenbat teknikarik egin diote jarraipena edo begiratu dute langileen laneko egoera zein den? Zenbat txosten edo azterketa daude eginda?". Salaketa jartzea ez dela eraginkorra gehitu du: "Salaketak jartzeko mekanismoek ez dute erantzuten, berandu dabiltza eta ditugunetan, enpresetan gertatzen dena bertatik bertara ikusi gabe idatzitako ebazpenak izan dira. Osalanek salaketak jaso, baina arazoak konpondu gabe jarraitzen du. Noren aurrean eta zertarako egin behar ditugu salaketak hau bada ondorioa?".

Ikuskaritza lan handiagoa eskatu du: "Ez da inspektore baten arazoa, erabaki politikoa da. Zenbat ofiziozko jarduketa egon dira alarma egoera ezarri zenetik? Behin eta berriro esan dugu Lan Ikuskaritza zein Osalanen langile gehiago behar direla; bestela langileak lan zentrotan dauden bitartean, inspektoreek telefono bidezko harremana besterik ez dutelako". Zera gaineratu du: "Gure kaleak kolore guztietako poliziaz beteta ikusten ditugun egun hauetan, ez ditugu ez inspekzioko ez Osalan-eko ezta Gobernuaren funtzionariorik langileen osasuna berma dadin enpresetan ikuskatzeak egiten".

Datuak publiko egitea eta enpresei zigorrak ezartzea eskatu du LABek

"Covid19-aren aurkako zenbat Plan daude Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan? Zenbat inspektore daude aktiboan herrialde bakoitzean?". Datu horiek guztiak publiko egitea eskatu du sindikatuak. Eta Planak onartzen ez dituzten enpresentzat ondorioak eskatu ditu: "Jaurlaritzak argi esan dezala, zein neurri eta zein zigor egongo diren Covid-19aren aurkako Plan duinak eta osatuak ez dituzten enpresetarako. Baita, egunak lanean ibilita ere, oraindik Planik ez dukaten enpresetarako ere".

Jarraian, azalpen hauek eta LABek Jaurlaritzari egin dizkion eskaera zehatzak ikusgai bideoan:


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 shockean adi
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


2022-03-29 | ARGIA
COVID-19aren aurkako pilulak iritsi dira Hego Euskal Herrira

Hego Euskal Herrira pilulaz betetako 722 kaxatxo iritsi dira, COVID-19a larri pasatzeko arrisku handiko gaixoentzat zuzenduta. Europar Patasunak COVID-19arentzako ahotik hartzeko gomendatu duen lehen pilula antibirikoa da Pfizerren Paxlovid eta Espainiako Gobernuak 253 milioi... [+]


2022-03-15 | ARGIA
Indarkeria matxista pandemian: erailketa gutxiago eta suizidio gehiago

Pandemiaren eragina indarkeria matxistan azterketa kaleratu berri du Espainiako Gobernuak. Bertan ondorioztatu dute eraildako emakume kopurua gutxitu egin dela, hauek kontrolatuta eduki dituzten denbora gehitu izanaren ondorioz. Baina emakumeen suizidioak gizonenak baino gehiago... [+]


2022-02-22 | ARGIA
Hipra txerto katalana merkaturatzear denean, patenteak kentzeko eskatu dute hogei erakundek

Merkatura ateratzear den Hipra txertoari patenteak kendu diezazkiola eskatu diote hogei erakundek Espainiako Gobernuari. Izan ere, Kataluniako multinazional honek COVID-19aren aurkako txertoa egiteko entsegu klinikoetarako diru publikotik gutxienez 15 milioi euro jaso ditu.


2022-02-20 | Estitxu Eizagirre
Eneritz Zubiaurre, COVID-19aren aurkako txertoak kaltetua
"Txertoa hartu nuenetik ia urtebetera, oraindik ez naiz gai bizitza normala egiteko"

Eneritz Zubiaurre irakaslea da, eta lan eremu horretan egin zen gizarteko lehenengotako txerto deiari erantzunez, ziztada hartu zuen 2021eko martxoaren 14an. Astra Zeneca egokitu zitzaion. “Inork, ezta txertoa jarri zidan erizainak ere ez zidan ohartarazi izan nitzakeen... [+]


Eguneraketa berriak daude