Apirilaren 12an izango da Intxaurrandieta eta Errazkinen aurkako epaiketa

  • Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatua zela eta Ainhoa Intxaurrandieta GHK kontsortzioko lehendakaria, 2013an Donostialdeko erraustegia geldiarazi izanagatik epaituko ditu Madrilgo Kontu Auzitegiak. Oraingo GHKren batzarrak onartu zuen salaketa jartzea, eta bertako lehendakari eta Ingurumen diputatu den Jose Ignacio Asensiok egin zuen proposamena.


2018ko otsailaren 23an - 10:02
Argazkia: Dani Blanco. Argazkia: Dani Blanco.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Margarita Mariscal de Gante instruktore, eta Denis Itxaso eta Arcadio Benitez demandaren lekuko

Auzipetuek irailerako espero zuten epaiketa, baina agerikoak ez diren motiboengatik, apirilaren 12an jarri da data. Ainhoa Intxaurrandietak otsaileko Larrunen honela baloratu du epaiketa: "Hauxe da Madrilen epaituko dena: herritarrok, desberdin pentsatzen dugun alderdietako kideok, ba ote dugun elite ekonomikoari etekin izugarriak sortzen dizkien azpiegiturak geratzeko zilegitasunik. Kasu honetan oso argi geratzen da, ezta? EAJk eta PSEk Madrilen salatu gaituzte eta hango auzitegian, gure kasuaren instruktorea, Margarita Mariscal de Gante da, PPko Justizia Ministroa izan zena, Aznar presidente zenean. Argi dugu juridikoki bikain egin genituela gauzak eta beraz, auzia politikoa dela".

Apirilaren 12ko saioan, Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandietari galdeketa egingo diote eta Denis Itxaso eta Arcadio Benitez ariko dira demandak proposatutako lekuko gisa. Benitez Eibarko zinegotzia da (PSEkoa) eta Debabarrena Mankomunitateko lehendakaria.

Denis Itxaso joango da kontrako lekuko gisa, Arcadio Benitezekin batera.

Denis Itxaso GHKko kontsortzioko lehendakari-orde izan zen 2007-2011 epealdian eta horrela definitua du berak epe horretan egindako lana, gipuzkoairekia webgune instituzionalean: "Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Plan Integrala abian jartzea. Horretarako sortutako Sozietate Anonimoaren kudeaketa ekonomiko, tekniko eta juridikorako taldeak sortzen parte hartzea. Hiri hondakinen tratamendurako teknologiak eta instalazioak bilatzea, 365 milioi euroko aurrekontuarekin. 30 urterako plan finantzarioak diseinatzea eta Europako Inbertsio Bankuaren nahiz banku pribatuen finantzazioa bilatzea".

41-100 milioi euro arteko zigor eskaera pertsonala

Hauxe da Errazkin eta Intxaurrandietari, bere ondasun pertsonalekin erantzuteko demandak eskatzen dion zigorra: batetik, Carlos Ormazabalek (EAJ) Ingurumen diputatu eta GHKko lehendakari zela sinatutako swapek sortu duten gastua (gaur arte 31,7 milioi euro) eta bestetik, FCC buru zuen Aldi Baterako Enpresa-Elkartearekin kontratua eteteak ekarri zuen indemnizazioa (8,2 milioi) ordaintzea. Bi hauen baturatik eta beste hainbat gastutatik, prentsak zabaldu du 41 milioi euroko zigorra dela eskatzen dena, baina demanadak swapek hemendik aurrera sortuko duten gastua ere ordaintzeko eskatzen du, eta hori zenbat izango den ez dago jakiterik, 100 milioi eurotik gora iristea ez da zentzugabea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako erraustegia
Eguneraketa berriak daude