Antipolitika politikaren izenean legebiltzarrean

  • Iñigo Urkulluk eta lau sailburuk Zaldibarko krisiaren inguruko agerraldia egin zuten Gasteizko Legebiltzarrean iragan asteartean. Bost orduko saioa zuzenean eta batzar aretotik bertatik jarraitzeko ariketak gauza bat erakutsi dit: EAEn politikaren tronu eta egoitza nagusia omen den legebiltzarrean ez da politikarik egiten; erregea biluzik dago. Eta inork ez du jantzirik ikustea espero.


2020ko otsailaren 25an - 12:32
Iñigo Urkullu lehendakaria, iragan asteartean Gasteizko Legebiltzarrean. Argazkia: Irekia.eus.

Oposizioak behartuta eta gobernua osatzen duten bi alderdien arteko tentsioek ahalbidetuta egin zuten agerraldia lehendakariak eta sailburuek. Teorian, gertatuen eta egindakoen azalpenak ematera. Baina azalpen gutxi entzun zen 3. batzorde aretoan. Urkulluk orbanik gabeko kontakizuna irakurri zuen bere lehen mintzaldian: Lehen minututik hartu ziren beharrezko neurri guztiak; koordinazioa akats gabea izan zen; familiekiko arreta hurbila eta integrala; herritarrekiko gardentasuna erabatekoa. Tonu arroan akats ez orokor ez zehatz bakar bat ere onartu gabe, oposizioa alderdikeriagatik kritikatu eta batasunerako deia egin ostean, apaltasun itxuraz itxi zuen berbaldia: “Autokritikarik egiteko inongo arazorik ez dut”. Zehaztuz jarraian “asko sentitzen” zuela... “egin ahal izan ditugun akatsak”. Finean, dena bikain egin dugu, baina arrazoirik gabe bada ere zer edo zerk mindu bazaitu, barkatu. Hara zer autokritikoa eta umila naizen.

Ingurumen sailburu Iñaki Arriolak bide beretik jo zuen. Ordurako publikoa eta agerikoa zen kontrol ezaren inguruan inongo azalpenik edo onarpenik ez. Sailak dena ondo egin zuen eta gabeziarik egotekotan enpresaren ardura da. Zalantzarik bazegoen, bigarren errondan are argiago mintzatu zen: “kontzientzia oso lasai” du Arriolak maila pertsonalean, eta bere sailaren jardunean “orban bakar bat ere” ez da egon. Osasun sailburu Nekane Murga azalpen teknikoetan luzatu zen, baina galdera behin eta berriz errepikatu bazioten ere ez zuen aipatu zergatik esan zitzaien herritarrei airearen kalitatea ona zela oraindik ere emaitzen esperoan zirenean. Urkullu izan zen hitz hartzen azkena, berriz ere egindakoen bikaintasunean zentratuz eta berriz ere amaieran ondo neurtutako autokritikara bueltatuz. Oraingoan bai, lehen aldiz akats konkretu bat onartuta: “Kontrol neurriak ez dira nahikoak izan” –erantzukizuna Arriolaren eta Ingurumen Sailaren bizkar utziz horrela–.

Oposizioko alderdien galderei ez erantzutearena orokorra izan zen. Bai lehendakariaren partetik, baita lau sailburuen aldetik ere. Gogora dezagun, azalpenak ematea zela agerraldiaren funtsa. Osagarritasun klabean, Gobernua osatzen duten EAJ eta PSEren ordezkariek erasora jo zuten modu lotsagarrian. Edo, hobe esanda, lotsarik gabe: PSEko Pastorrek azalpenak eman nahi izan zituen lehena Arriola alderdikidea izan zela esan zuen –eskaera egin zuen legebiltzarrean jakinik haren jarduera etena geratuko zela ordu batzuetara–. Aipatu gabe EH Bildu seinalatu zuen zabortegiari baimena eman zion alderdi bezala –besteak beste Lander Arbelaitzek xehetasunez azaldu duen bezala, gezur borobila da hori eta EH Bilduk alkatetza hartu baino bi aste lehenago sinatu zuen EAJren agintepeko Udalak baimena–. Egibarren azken-aurreko iruzkina batasunaren eta elkarlanaren aldekoa izan zen; azkena oposizioari “jarrera miserablea” izatea aurpegiratzeko.

Azalpenak ematera joan, eta oposizioaren galdera nagusiei erantzunik eman ez. Gardentasun ariketa bat beharko lukeena gezurrez, egia erdiez eta esan gabekoez osatutako txipiroi tinta bilakatua. Politika ariketa kolektibo bat beharko lukeena –polis-ari, publikoari dagokionaren inguruko eztabaida irekia–, politikaren bahiketa ariketa bihurtua.

"Giroan, keinuetan, begiradetan usaintzen da inork ez duela beste ezer espero: ez lehendakariak eta sailburuek, ez oposizioko zein gobernuko legebiltzarkideek, ez kazetariek, ez ordezkari politikoen ur pitxerrak tarteka betetzera hurbiltzen ziren langileek"

Baina kezkagarriena ez da hori. Kezkagarria hori erabateko normaltasun giroan ematea da, hain sakon errotua ezen oharkabean garatzen den. Giroan, keinuetan, begiradetan usaintzen da inork ez duela beste ezer espero: ez lehendakariak eta sailburuek, ez oposizioko zein gobernuko legebiltzarkideek, ez kazetariek, ez ordezkari politikoen ur pitxerrak tarteka betetzera hurbiltzen ziren langileek. Saioaren hasieran arnasten zen bestelako sentsazio bat, zita berezia zen oso eta ikusmina handia zen –kazetarien kopurua eta estatusa lekuko–, baina laster inposatu zen normaltasun demokratiko astuna. Pentsa zein izan behar duen areto horietako giroa egunerokotasun arruntean.

Inork ez duenez politikarik espero legebiltzarretik, ez bada merkadoteknia eta politika alderdikoia –eta hedabideon politika informatiboa berehalakotasunean, titularrean eta berri motzean oinarrituta dagoenez– exijentzia kolektiboaren langa zoruan dago eta eguneko berria Urkulluk akatsak onartu zituela izan zen, bi esaldi neurtuei esker. Baita Zaldibarko krisia zorroztasun kritikoz jarraitu duten hedabide zenbaitetan ere. Ño. Harrokeria ariketa, apaltasun keinuan zuritua; antipolitika politikaren izenean: gaitza aspaldi zabaldu zitzaigun organismo sozialean eta gure gorputzetan, eta orain apenas dugu alerta piztu eta defentsak aktibatuko dizkigun antibirusik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zaldibarko zabortegiaren krisia
Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


Zaldibarko zabortegira hondakinak baimenik gabe isurtzeagatik Lapurdiko bi enpresa zigortu dituzte

Baionako Auzitegiak ezarri duenez, Basusarrin dagoen Etcheverry-Mindurri enpresak 150.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta Donibane Lohizuneko CBA Artolak 100.000 eurokoa.


2023-10-03 | ARGIA
Zaldibarko zabortegiaren behin-behineko zigilatzea ere Jaurlaritzak ordainduko du

Enpresari eskatu dio lan horiek egiteko Arantxa Tapiaren sailak, baina Verter-ek ez du erantzun. Lanek “bospasei” urterako ziurtatuko dute zabortegiaren egonkortasuna, 750.000 euroko aurrekontuarekin.


Eguneraketa berriak daude