Amasa-Villabonan lehen etxafuegoa

  • Fshh, pun! eta hasi dela. Txapelketa Nagusia, alegia. Lau urtez behingo bertsozaleak eta astea joan, astea etorri plazak betetzen dituztenen bilgunea. 970 lagun alajaina, lehenengo saioan: hasterako bono, sarrera eta gonbidapen guztiak saldu eta banatuta. Arrakasta zenbakitan.


2013ko irailaren 30an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Jon Martinek lortu du puntu gehien lehen kanporaketan. (Argazkia: XDZ)

Aste erdirako igarri zitekeen betekadatxoa izango zela igande bazkalondoan. Behar-Zana pilotalekuan zen hasiera batean aurrenengo saioa, baina ez izan nonbait behar zena. Txikitxoa aukeran. Azkenean, Olaederra kiroldegian jarri dio abiapuntua Txapelketa Nagusiak.

Saioa bero hasi zen, eta hasterako. Uralitazko teilatupean esku-orriekin abanikatzen hau, hura eta haranzkoa. Bertso Egun batean kantatu zuten bezala, Pantojak ere ez luke egingo hobeto. Esan bezala, jendea erruz, bertsolarien zain jarrita. Epaileak ere hantxe: ezkerretik eskuinera -eta ez da eufemismo politikoa-, Mikel Fernandez, Mirari Azula, Mikel Beaumont, Martin Aramendi, Iñaki Aurrekoetxea, Jon Abril eta Eneritz Azkue. Bakoitzari berea, hemendik errekonozimendua: lan gogorra, eta inoren gustukoa ez izan arren, beraien kargu daukatena. Ez behintzat nire gustukoa, gehienetan. Inaxio Usarraldek finalen batean esan zuen, maite zaituztegu.

17.30ak pasatxotan, Jon Zaldua gai-emailearen gidaritzapean, badatoz bertsolariak: Alaia Martin, Odei Barroso, Fredi Paia, Iker Zubeldia, Nerea Elustondo eta Jon Martin. Detailetxoa: azken lauak, 1981eko kintakoak. Kinta ona.

Ohikoa den bezala -ez beti, gogoratu azken Gipuzkoako puntu erantzunak-, agurrekin eman diote hasiera. Alaia, Odei, Nerea eta Jonek doinu minorretan: doinu tristeetan. Fredik eta Ikerrek tonu maiorretan, alaiagoetan. Bakoitzaren bertsokera hasieratik doinuetan ere markatuta. Kasualitatea? Ez dut uste.

Eta gero, saio puntuagarria. Ez naiz hasiko hemen bertsoak transkribatzen, ez gaurkoan behintzat, laster jarriko dituzte eta han-hemenka zintzilik litezkeen formatu guztietan. Hala ere, ariketaz ariketa, inork ikusi nahi balitu, bereiziko nituzkeenak hauek: zortziko handian, Fredi Paia eta Iker Zubeldia, uda pasatzera gurera etorri eta orain bueltarako hegazkinaren zain dauden bi ume sahararren paperean, sinesgarri eta bizi. Txikira paso, akaso arriskatu eta Zubeldia eta Elustondorena gomendatuko nuke, esku naizen honetan. Puntu erantzunak nahiko txukun oro har, baina aparteko distirarik gabe, joskeraz ondo, esanez, baina inongo momentutan lehertu gabe. Hamarreko txikikoen garaian, bertsoaldirik onenak eta borobilenak, guztiek egin dute bertsotan. Ahal baduzue, entzun itzazue guztiak. Eta nire baitako eztabaida ere hemen piztu da.

Kartzelako ariketara joan aurretik, aldamenetik hasi zaizkit galdezka, Iker Zubeldiak hamarreko txikian poto egin ote duen. Jendeak ni koadernoarekin ikusi eta oinak apuntatzen ariko nintzela pentsatuko zuen, batek daki. Ba ni ez naiz konturatu, eta sinistu ezazue saioa arretaz jarraitzen ari nintzela. Aurretik zenbait krakateko izan ditut belarrian, diskurtsoaren inkoherentziagatik batzuetan, hoskidetasunaren hala-nolakotasunagatik besteetan -ea, uste eta truke oinek ez dute errimatzen, ez behintzat nire belarrian, redios-. Kantatzerako garaian ere trabatu diren unetxoak izan dituzte bertsolariek, normalak, baina komunikazioa eteten dutenak. Bada, Zubeldiaren potoarekin ez naiz ohartu, belarrian txirrist! sartu zait. Komunikaziorik ez du eten, jendea ez da ohartu eta ohartu direnak ere zalantza izan dute. Hori zenbateraino da zigorgarri? Nire ustez badira akats askoz nabarmenagoak, eta aldi berean errazago barkatzen direnak. Berriz ere epaileei eta epai-irizpideei, maite zaituztet, oraindik.

Baina tira, gatozen saiora. Kartzelakoan, bakarka gaia emanda: lekuko izan zara nahi gabe, ez dakizu zer egin. Odei Barrosoren potoak pena eman digu, hau bai izan dela belarrira nabarmenagoa, aix! bat entzun da inguruan. Fredik eta Zubeldiak apur bat originalago hartu dute gaia, Fredik presaka kantatu du eta Zubeldiak ez du gozatu arazi. Beste laurek tratu txarren inguruan garatu dituzte euren bertsoaldiak. Beste detailetxo bat; seitik bost zer egin ez zekitela zeuden bai, salatu edo ez salatu. Seitik bakarrak izan du zalantza, lekuko gertatu den gertakarian biktima izan denari lagundu edo ez lagundu. Zein da zein? Zuen esku utziko dut ikerketa lana.

Hauxe saio puntuagarria, gero azken agurrak, oroigarrien banaketa, eta azken puntuazioa: Jon Martin 654 eta zuzenean sailkatua (Gernika-Lumon kantatuko du, orain lau urte bezala), Alaia Martin 653, Nerea Elustondo 639,5, Odei Barroso 632, Fredi Paia 631,5, Iker Zubeldia 607,5. Orain dela lau urte, finalerdietara azken sailkatua, Onintza Enbeita 632,5 punturekin pasatu zen. Orain, denak kontuak ateratzera. Hau hasi da, kontuz inori etxafuegoak eskuetan lehertu gabe.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari Txapelketa 2013
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa: dramatismoa gora, hitanoa behera

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren bilakaera aztertu du IXA ikerketa taldeak, 1986ko sariketatik abiatu eta 2013kora arte. Besteak beste, erabilitako neurriak, doinuak eta euskara alderatu dituzte. Datu bat: 2013an gaien % 77 dramatikoa izan da eta %23 umorezkoa.


Eguneraketa berriak daude