"Amarekin itxaronaldiek ordu bat irauten zuten; gaur egun, lasai asko bost ordu"

  • Olatz Mercader duela gutxi artatu dute Donostiako Onkologikoan, eta duela hamar urte bere ama. Azken urteetan kalitatea behera doala salatu du.

Onkologikoko pazienteek manifestazioa deitu dute larunbat honetarako.

2022ko urriaren 14an - 03:00

“Onkologikoaren eredua bizirik mantendu nahi dugu; lehen aparta zen”, esan du Olatz Mercader-ek, Onkologikoko pazienteen eta erabiltzaileen batzordeko kidea da. 2020an bularreko minbizia diagnostikatu zioten, eta Onkologikoan artatu dute berriki; hamar urte lehenago, ama hil zitzaion bularreko minbiziarengatik; Onkologikoan artatu zuten. Azken urteetan nola aldatu den kontatu du, eta nabarmendu du lehen "txikia", "gertukoa", "integrala" eta "oso ondo" antolatuta zegoela: "Prozesu onkologikoko frogak, tratamenduak, ebakuntzak; dena, Onkologikoan bertan egiten zen". Onkologikoa Osakidetzan integratu zutenetik "erabat desberdina" dela dio: “Fusiotik konfusiora pasa gara”. Onkologikoaren egoera salatzeko, manifestazioa dute larunbat honetan 12:00etan; Bulebarretik atera eta Zuloaga plazan amaituko dute.

Bularrean koskor bat zeukala sumatu zuen Mercader-ek, eta lehen arretako medikuarenera joan zen; hark bularreko unitatera bideratu zuen, eta mamografia eta biopsia bat egin zizkion 2020ko azaroaren 24an. “Esan zidaten segur aski gutxi gorabehera abenduaren 4an ginekologoak deituko ninduela emaitzak emateko. Imajina ezazu zer den hori”. Itxaronaldiak “suntsitzen” dituela kontatu du: “Ez daukat hitzik deskribatzeko zer-nolako antsietatearekin bizi dugun hori”. Ez da kasu bakana, “beste askori” ere gertatu zaiela azpimarratu du: “Gaixoek ez daukate erreferentziazko pertsona edo zentro bat jakiteko zer gertatzen zaien”.

Ginekologoaren deia jaso zuenean osasun-etxera joateko esan zion: “Badakizu zer daukazun”. Beste modu batean antolatu eta komunikatu behar dela uste du, eta lehen bezala izatea nahiko luke; alegia, prozesu onkologikoa hasten denetik agenda guztia programatua izatea. “Esaten badizute kontsulta bat daukazula emaitzak jasotzeko, azaroaren 30ean 11:00etan, kito, zure buruak deskantsatzen du”. Horrez gain, azpimarratu nahi izan du bizitzek ez dutela ahalbidetzen etengabe telefonoarekin egon ahal izatea. “Deitzen dizute hartu ezin duzun momentu batean, eta ezin diezu deia itzuli”.

Gaineratu du, kontsultetan ·itxaronaldiak “izugarri luzeak” direla, eta Onkologikoan sartu, analitikak egin, kontsulta pasa eta kimioa jaso arte zenbat denbora egoten diren esperoan kontatu du: “Amarekin joaten nintzenean itxaronaldiek ordu bat irauten zuten; gaur egun, lasai asko bost ordu”.

Lehen froga guztiak Onkologikoan egiten zituzten, baina orain, Zarautzeko osasun-etxean atera behar du odola: “Ehun zarauztar baino gehiagorekin zaude ilaran; lur jota, eta herriko erakusleihoan”.

Labirinto instituzionalean galduta

Osasun arloko langileek dituzten “baliabide urriek” horrelako egoerak ahalbidetzen dituztela esan du; hala ere, salaketa ez doa langileen kontra: “Normalean zoragarriak dira, eta bizirik gaude haiei esker”. Uste du arazoa sisteman dagoela ez dutelako behar beste denbora jendea artatzeko: “Itxaronaldiak luzatzen badira horrek esan nahi du egiturazko arazo bat dagoela”.

Hortaz, Onkologikoaren “izaera monografikoa” mantendu, eta gizartea sentsibilizatu nahi dute: “Jendarteak uste du Osakidetza eta Onkologikoa goi-mailakoak direla, baina hobetu behar ditugu”. Gaixotasun onkologikoak dituzten pertsonen “esperientziak erdigunean” jarri, “beharrak” entzun, eta “horren araberako” osasun zerbitzuak eta zerbitzu sozialak eskaintzea nahi dute: “Ohikoa da ohe artikulatuak edota gurpildun aulkiak behar izatea, eta baliabideak egon badaude, baina gaixoa labirinto instituzionaletan galtzen da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osakidetza
Jaioberrien orpo-probak 14 gaitz bilatuko ditu aurrerantzean EAEn, antzeman daitezkeen 50 gaitzetatik oraindik urrun

Jaioberriaren orpoan zizta eginez, hainbat gaitz aztertzen ditu osasungintza publikoak. Osakidetzak 14ra igo berri du aztertzen diren gaitzen kopurua, baina beste lurralde batzuekin konparatuta, atzeko postuetan dago EAE: Nafarroan 28 gaitz aztertzen dituzte, Galizian 33,... [+]


1.431 lanpostu sortzeak ez du Osakidetzaren plantilla handituko, ELA eta ESK sindikatuek salatu dutenez

Eusko Jaurlaritzak Osakidetzan iragarritako lanpostuak behin-behinean dauden langileen plazak formalizatzeko izanen direla esan dute ELA eta ESK sindikatuek.


Lehen arreta eta lan-baldintzak indartzeko premia

Eusko Jaurlaritzak 277 milioi euro bideratuko ditu ospitaleak handitzeko, eta ESK sindikatuak “desegokitzat” jo du erabakia.


EAEn azpikontratatutako osasun-garraioaren greba mugagabea hasi da

Astelehenean, otsailaren 19an, EAEko anbulantzietako langileek greba mugagabeari ekin diote.


Eguneraketa berriak daude