Alternatibarik gabe EAJ garaile

  • Jeltzaleek ondo jakin dute eztabaidaren markoa definitzen eta inposatzen. Denek onartu zuten bere jokoa, denek hitz egin zuten kudeaketaz Espainiari begi bat edo bi jarriaz.


2016ko irailaren 26an - 12:51

Hauteskunde kanpainako tenore berdineko emaitzak izan ditugu igandean. EAJri inork ez zion erabateko oposizioa egin Lehendakaritzarako alternatiba gisa aldarrikatzeko. Jeltzaleek ondo jakin dute eztabaidaren markoa definitzen eta inposatzen. Denek onartu zuten bere jokoa, denek hitz egin zuten kudeaketaz Espainiari begi bat edo bi jarriaz.

Ondorioa argia izan da, garaipen handia lortu du EAJk. Nahiz eta partaidetza jaitsi eta alderdi berri bat sartu Eusko Legebiltzarrean, jeltzaleek 13.000 boto eta bi parlamentari gehiago irabazi dituzte. 29 diputaturekin inbestidura erraza segurtatua dute, nahi izanez gero beste alderdien babesik gabe. Bestalde, legeak eta aurrekontuak aurrera ateratzeko, EAJk alderdi baten babesa baino ez du behar eta negoziatzeko lau ate ditu, horrek botere handia emango dio bere agenda eta politikak nagusitzeko edozein akordiotan. Inoiz baino gehiago euskal politikak EAJren inguruan pibotatuko du.  

EH Bilduk 17 diputaturekin arnasa hartu du. Espainiako azkeneko bi hauteskundeetako emaitzak amesgaiztoa baino ez zirela izan berretsita, Otegik oso irakurketa baikorra egin du, bidean 50.000 boto eta lau diputatu utzi dituzten arren. Urruti dago baina 2012ko agertokia. Horregatik, EH Bilduk atera dituen emaitzak ulertzeko 2015eko foru hauteskundeekin alderatzea litzateke egokiena. Urtebetean 18.000 boto galdu ditu, 1998an Euskal Herritarrok-ek atera zuen boto kopuru antzekoa lortzeko. Halere, badira diferentzia garrantzitsu batzuk, oraingoan Ezker Abertzalea EArekin eta Alternatibarekin doa koalizioan eta horrek nabarmen moderatu du bere diskurtsoa. Herri akordioak eraikitzeko adostasunaren espazioa murriztu da, agenda independentista eta ezkertiarraren kaltetan. Beste diferentzia bat da EH Bilduk dituen emaitza desorekatuak eskualdez eskualde. 1998an EHek boto dezente gehiago zituen Bilbo Handian, gaur egun galera hau EH Bilduk konpentsatu egiten du eskualde euskaldunagoetan irabazten duenarekin. Hau kezkatzeko datua da ikuspegi nazionala duen alderdi batentzat.

Elkarrekin Podemos indartsu sartzen da Eusko Legebiltzarrean, baina espektatibak ez ditu bete. Koalizio morea ez da gai izan 2015eko hauteskunde foraletan Ahal Duguk eta Irabazik atera zituzten emaitzak errepikatzeko, 20.000 boto inguru utzi dituzte bidean eta Espainiar hauteskundeetan lorturiko botoen erdira ere ez dira iritsi. Hautagai ahulek eta mezu lausoek ez dituzte lagun izan, nahiz eta arazo nagusia Espainia osoko alderdi guztiek pairatzen duten berdina izan duten: partaidetza baxua.

Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan inoiz izan dugun partaidetza baxuena 1994koa izan da, ordutik aurtengoa da kaskarrena %62,26rekin. Borroka ardatz nazionalean tentsiorik ez dagoenean, alderdi espainolistek zaila dute bere hautesleria mobilizatzea. Horregatik, kaltetu nagusia PSE-EE izan da, baina baita ere PP. Bien artean botoen %22,1 lortu dute eta Eusko Legebiltzarreko ordezkarien %24. Bestalde, erabakitze eskubidearen aldeko botoak %73,71 izan dira eta parlamentuko eserlekuen %76. Eusko Legebiltzar autodeterminazio zaleena izango da hurrengo legegintzaldikoa. Halere, gauza bat da alderdiek gai horren inguruan duten posizio politikoa eta beste bat da erabakitze eskubidea lehenesteko borondatea. Ez dirudi Elkarrekin Podemos, izan duen emaitzarekin, gai hau lehenesteko asmoz egongo denik eta antzera pentsa daiteke EAJri buruz. Izan ere, horrelako gaiak mahai gaineratzeak tentsioa igoko luke eta egun EAJk duen hegemonia politikoa galtzeko aukerak sortu ditzake.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Eguneraketa berriak daude