Errusiak eta AEBek zatituta, desagertzear da Aleut herria eta hizkuntza

  • Aleut herriak ez du estatu propiorik, eta azken mendeetan zapalkuntza handia jasan du, hizkuntzaren kalterako. Ehun hiztun soilik ditu gaur egun. Urrian hil da Gennady Yakovlev, aleuteraren aldeko ekintzailea.


2022ko urriaren 27an - 09:30
Azken eguneraketa: 13:24
Gennady Yakovlev zendu berria eskuinean. Argazkia: A. Zvezda / Russia Beyond

Ehun hiztun ditu aleut hizkuntzak. 15.000 inguru dira Aleutiar eta Bering uharteetan bizi den herri honen parte, baina hizkuntza desagertzear dago, urte luzez jasan duen zapalkuntzaren ondorioz. Aleutiarren nazioa Errusia eta AEBen artean banatuta dago ofizialki –Bering uhartea Errusiaren menpeko lurrak dira eta aleutiarrak AEBetako Alaskaren parte, nahiz eta uharteak elkarren jarraian egon–, eta herri hizkuntzak bi herrialdeen arteko gorabehera politiko eta ekonomikoen kalteak sufritu ditu. Aleut hizkuntza hitz egiten duten ehun pertsonak Alaskaren mugen aldean bizi dira; urrian hil da, ordea, Errusiaren menpeko uharteetako azken hiztuna: Gennady Yakovlev. 

Gizonak 86 urte zituen eta bere nazioaren hizkuntza sustatzeko aktiboki lan egin zuen azken urte luzeetan. Errusiako aleut hizkuntza bi dialektotan banatzen da: medny aleut eta bering aleut, hiztunak bizi ziren uharteei erreferentzia eginez. Iaz hil zen beringar hizkeraren azken hiztun natiboa, Vera Timoshenko, eta urrian hil da mednyarena.

Meduza hedabidean irakur daitekeenez, kantak eta poemak idatzi edota hizkuntza eskolak antolatu zituen , eta lagundu zuen, halaber, errusiarren eta aleutiarren arteko komunikazioa errazten. Bere herriaren kultura eta tradizioak ezagutarazten ere jardun zuen, baita Errusian zehar ere. Azkenaldian areagotu da inguruan aleuterarekiko interesa eta kezka, eta hainbat ikerlan egin dituzte hari buruz. Baina bi estatu ofizialen jarrera ez da aleuta sustatzearen aldekoa izan. Adibidez, eskoletan ere ez zen derrigorrezko irakasgaia.

Aleutiarrak hainbatetan izan dira lekualdatzera behartuak, eta aldi horietan hizkuntzak golpe gogorrak sufritu ditu: XIX. mendean Alaskako aldean bizi ziren herritar mordoa mugitu behar izan ziren Asiako uharteetara, Errusia eta AEBen arteko akordio industrial baten ondorioz. Gerora, XX. mende amaieran, aleutiarren bizileku nagusienetakoak ziren Medny eta Bering uharteetan ere migratzera behartu zituzten, eta horrek bi hizkeren gainbehera ekarri du urtez urte.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza gutxituak
Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Carolina Gandulfo, doktorea eta guaraniera ikertzailea
“Haurrak ‘isilak’ ziren, gaztelaniaz, ez guaranieraz, baina hizkuntza honek ez zuen balio”

Carolina Gandulfo doktorea. Argentinan jaioa, Ipar-ekialdeko Unibertsitate Nazionaleko Humanitate Fakultateko irakaslea. Iragan udazkenean Garabidek gonbidaturik egonaldia egin zuen gure artean, eta mintzatu zitzaigun Argentinako guaranieraz. Ikastetxe bateko esperientzia... [+]


Hizkuntza gutxituen artean, euskara hirugarren erabiliena da Europako streaming plataformetan

Netflix, Amazon Prime eta Disney+en, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak onartzen dituen bost hizkuntza baino ez dituzte erabiltzen. Bosten artean nagusi da, alde handiz, katalana. Ondoren datoz galiziera, euskara, luxenburgera eta Eskoziako gaelikoa. EHUko Nor Ikerketa Taldeak... [+]


Eguneraketa berriak daude