PSren egoitza okupatzen jarraitzen dute Seaskako kideek

  • Seaskako 30 guraso eta irakaslek Baionako Alderdi Sozialistaren (PS) egoitzan igaro dute gaua, bigarrenez. Ostegun arratsaldean okupatu zuten eraikina, ikastolen finantzazioaren aferari irtenbidea bilatzeko. Adierazi dutenez, ez dira irtengo Holland presidentearekin edo Peillon hezkuntza ministroarekin hitzordu bat lortu arte. 12:30tan elkarretaratzea egingo dute egoitzaren parean.


2013ko uztailaren 04an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Seaskako kideak Alderdi Sozialistaren egoitza okupatu eta "Lege bat ikastolentzako" leloa idatzia duen pankarta ezartzen. (Argazkia: Gaizka Iroz)

Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariaren ustetan, PSk bi aukera ditu: “Konponbide bat lortu edo egoera gehiago okertu salaketa jarri eta polizia bidalita. Lehen bidea lortuko dugula espero dugu”. Eraikina uzten ez badute salaketa jarriko dutela adierazi du Patrice Laurent PSko kideak.

Sylviane Alaux diputatu sozialistak adierazi duenez, Hezkuntza Ministerioarekin harremanetan jartzen saiatzen ari da. Collete Capdeville sozialista baionarra ere Peillon ministroarekin hitzordu bat lortu nahian dabil, oraingoz arrakastarik gabe.

Alaux diputatuaren hitzetan, bidea "sobera maite" ez badu ere, ulergarria da Seaskakoek egin dutena. "Murgiltze sistema laikoarekin arazo bat izatea deitoratzen dugu, eskeintza hori ez baitugu publikoan ematen. Konponbide bat atzeman behar da Falloux legea murgiltze sistemei egokitua izan dadin".

Iparraldeko Hitzak bildutako adierazpenetan Gorostiagak esan duenez: “Hilabeteak daramatzagu konponbide baten bila prefetarekin eta suprefetarekin biltzen, eta beti konponbideren bat atzemanen dutela erraten digute, sekula atzeman gabe”.

Ikastolak kolokan

Ekainean Hendaiako ikastolaren eraikina herriko etxeak ordaintzea legez kanpokotzat jo zuen Patrick Dallennes Baionako suprefetak Falloux legea oinarri hartuta. Haren hitzetan egoitza pribatuak ezin dira diru publikoarekin finantzatu.

Ostegunean, Ahoan Bilorik Gabe emankizunean gaiaren inguruko galderak erantzun zituen suprefetak: "Ez dago konponbiderik. Bederen ez dago biderik erakunde publikoek eraikin publiko bat ordaintzea aipatzen bada. Ez Hendaian ez bertze ikastolen kasuan". Dallennesen arabera, Falloux legea alda liteke, baina hori "Parlamentuaren lana da".

Seaskako lehendakari Paxkal Indoren ustetan, suprefetak “irizpide zorrotz” hori bera baliatuko balu Seaskak etorkizun hurbilerako dituen ekimen gehienak bertan behera geratuko lirateke, murgiltze ereduaren jarraipena “arriskuan jarriz”.

Ekainaren 22an 3.000 lagunek manifestazioa egin zuten Baionan, suprefetaren erabakia gaitzetsi eta ikastolak babestuko dituen lege bat eskatzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Falloux Legea
Beste urrats bat emateko zapatak lotzeko unea

Pandemiak eragindako bi urteko hutsune behartuaren ostean, Senpereko lakuak Euskal Herriko txoko guztietako pertsonak jasoko ditu igande honetan, 2022ko Herri Urratsen. Itzulera honetan zapatilak lotu eta hainbat ikuskizun eta kontzertuz gozatzeaz gain, Seaskak bosgarren... [+]


Urratsek egiten gaituzte

Manifestazio guziek ez dute zapore berdina. Maiatzaren 4an ikastolen kexua ozen adierazteko antolatutakoak sentsazio goxo batekin utzi gaitu. 7.000 haur, guraso, irakasle, langile eta euskaltzale bildu ginen, danborrada alai eta koloretsu baten bidez, Paristik datorren... [+]


Eneko Gorri
Urratsek egiten gaituzte

7.000 lagun bildu ginen Baionan, iragan maiatzaren 4an, Ikastolen kexua ozen adierazteko. Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoko 36 ikastolak alerta gorrian dira. Zenbait egunez mobilizazio jendetsu eta koloretsuarekin erantzun diete haur, guraso, irakasle, langile eta euskaltzaleek... [+]


Beskoitzeko ikastola
Falloux legearen oldarraldiari eutsita

Beskoitzen ez zen ikastolarik, 2013an inauguratu zuten arte, guraso batzuen etxean, hiru haurrekin. Falloux Legearen mamua hor badabil ere, gaur egun herriko etxeko lurretan, alokairuan, prefabrikatuan, 13 haur daude ikastolan.


2014-05-12 | Iera Aranburu
Seaskak bizi duen egoera larria gogora ekarri dute Herri Urratsen

Senpereko lakuan ospatu da Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoako ikastolen aldeko jaia. Miarritzen lizeo berri bat eraikitzeko erabiliko dute bildutako dirua.


Eguneraketa berriak daude