Alderdi Sozialistak gehiengo osoa lortu du Portugalgo hauteskundeetan

  • Antonio Costa lehen ministroaren PS alderdiak parlamentuko 117 eserleku eskuratu ditu –botoen %41,7– , eta, inkestek berdinketa aurrikusten zuten arren, urrun geratu da PSD Alderdi Sozialdemokrata kontserbadorea, 71 eserlekurekin –%27,8–. Nabarmen egin du gora eskuin muturrak: hirugarren indarra da Chega, 12 diputaturekin –%7,2–.


2022ko urtarrilaren 31n - 11:02
Azken eguneraketa: 12:09
PSko Antonio Costak segiko du lehen ministro izaten. / Argazkia: EPA/Miguel A. Lopes.

Ez da bete inkestek ziotena igandeko Portugalgo legebiltzarreko hauteskundeetan. Berdinketa espero zen PS Alderdi Sozialistaren eta PSD Alderdi Sozialdemokrataren artean, baina alde handia atera dio lehenak bigarrenari. Parlamentuko 230 diputatuetatik 117 eskuratu ditu Antonio Costa lehen ministroaren PSk, eta soilik 76 Rui Rioren PSD eskuin tradizionalak. Hirugarren indarra izatera igo da Chega eskuin muturreko alderdia, 2019an eserleku bakarra izatetik orain 12 eserleku eskuratuta.

Jarraian geratu dira Iniciativa Liberal 8 eserlekurekin –bozken %5–, Bloco de Esquerda 5 diputaturekin –botoen %4,5–, eta komunisten eta berdeen koalizioa 6rekin –botoen %4,4–. Parlamentuko hauteskundeok aurreratutakoak izan dira, sozialistek ez zutelako lortu aurrekontu orokorrak onartzeko beharrezko adostasunik.

Portugalen bosgarren aldiz eskuratu du alderdi batek gehiengo osoa, eta PSk bigarren aldiz; dena den, Costak zehaztasun hau egin du emaitza jakindakoan: “Gehiengo osoa ez da botere osoa, ez da bakarrik gobernatzea”. Oposizioari elkarrizketa proposatu dio, eta helburutzat hartu du portugaldarrak “berradiskidetzea”.

Ezkerrak tokia galdu du

Azpimarratzekoa da ezkerrak izan duen kolpea, Bloco de Esquerdak hamalau diputatu galdu baititu azken hauteskundeetatik, eta PCP komunistak, lau. Ezkerreko koordinatzaile Catarina Martinsek nabarmendu du emaitza “txarraren” arrazoia dela PSk “gezurrezko krisi bat” sortu izana gehiengoa eskuratzeko estrategia gisa. Gainera, ohartarazi du “egunero” egingo diotela aurre Chegari, eta gogorarazi du Portugalgo parlamentuan “soberan” daudela diputatu arrazistak.

Andre Ventura eskuin muturreko burua ez dago gustura PSren gehiengo osoarekin: “Emaitzak ez dira onak herrialdearentzat”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Portugal
Eskuinak irabazi ditu Portugalgo hauteskundeak, eta eskuin muturrak emaitzak laukoiztu ditu

Eskuin muturrak elkarrekin gobernatzeko gonbita luzatu dio eskuinari. Luis Montenegro irabazleak adierazi du hauteskundetan egindako promesari eutsiko diola, eta bakarrik gobernatuko duela. Alderdi Sozialistak gainbehera handia izan du.


Tasa gehigarria ordaindu beharko dute etxebizitza turistikoek Portugalen

Mas Vivienda programaren parte dira neurriak, “etxebizitzarako sarbidea errazteko” asmoz hartuak. Besteak beste, %15eko tasa gehigarria ordaindu beharko dute etxebizitza turistikoek eta etxeen erosleentzat bidaiatzeko urrezko bisa murriztuko du.


Suteek 43 hildako eragin dituzte Mediterraneo inguruko herrialdetan

Tenperatura altuek eta lur eremu lehorrek eragin dituzte suteak asteartean. Ondorengo herrialdeak izan dira kaltetuenak: Kroazia, Aljeria, Tunisia, Siria, Italia, Grezia eta Frantzia. Azken orduetan, Portugalen eta Kanariar Uhartean ere zabaldu dira suteak.


Eguneraketa berriak daude