argia.eus
INPRIMATU
Alderdi Sozialistak gehiengo osoa lortu du Portugalgo hauteskundeetan
  • Antonio Costa lehen ministroaren PS alderdiak parlamentuko 117 eserleku eskuratu ditu –botoen %41,7– , eta, inkestek berdinketa aurrikusten zuten arren, urrun geratu da PSD Alderdi Sozialdemokrata kontserbadorea, 71 eserlekurekin –%27,8–. Nabarmen egin du gora eskuin muturrak: hirugarren indarra da Chega, 12 diputaturekin –%7,2–.

Leire Artola Arin 2022ko urtarrilaren 31
PSko Antonio Costak segiko du lehen ministro izaten. / Argazkia: EPA/Miguel A. Lopes.

Ez da bete inkestek ziotena igandeko Portugalgo legebiltzarreko hauteskundeetan. Berdinketa espero zen PS Alderdi Sozialistaren eta PSD Alderdi Sozialdemokrataren artean, baina alde handia atera dio lehenak bigarrenari. Parlamentuko 230 diputatuetatik 117 eskuratu ditu Antonio Costa lehen ministroaren PSk, eta soilik 76 Rui Rioren PSD eskuin tradizionalak. Hirugarren indarra izatera igo da Chega eskuin muturreko alderdia, 2019an eserleku bakarra izatetik orain 12 eserleku eskuratuta.

Jarraian geratu dira Iniciativa Liberal 8 eserlekurekin –bozken %5–, Bloco de Esquerda 5 diputaturekin –botoen %4,5–, eta komunisten eta berdeen koalizioa 6rekin –botoen %4,4–. Parlamentuko hauteskundeok aurreratutakoak izan dira, sozialistek ez zutelako lortu aurrekontu orokorrak onartzeko beharrezko adostasunik.

Portugalen bosgarren aldiz eskuratu du alderdi batek gehiengo osoa, eta PSk bigarren aldiz; dena den, Costak zehaztasun hau egin du emaitza jakindakoan: “Gehiengo osoa ez da botere osoa, ez da bakarrik gobernatzea”. Oposizioari elkarrizketa proposatu dio, eta helburutzat hartu du portugaldarrak “berradiskidetzea”.

Ezkerrak tokia galdu du

Azpimarratzekoa da ezkerrak izan duen kolpea, Bloco de Esquerdak hamalau diputatu galdu baititu azken hauteskundeetatik, eta PCP komunistak, lau. Ezkerreko koordinatzaile Catarina Martinsek nabarmendu du emaitza “txarraren” arrazoia dela PSk “gezurrezko krisi bat” sortu izana gehiengoa eskuratzeko estrategia gisa. Gainera, ohartarazi du “egunero” egingo diotela aurre Chegari, eta gogorarazi du Portugalgo parlamentuan “soberan” daudela diputatu arrazistak.

Andre Ventura eskuin muturreko burua ez dago gustura PSren gehiengo osoarekin: “Emaitzak ez dira onak herrialdearentzat”.