Akordiorik ez Bizkaiko zahar egoitzen gatazkan, bi asteko grebaren ondoren

  • Irailaren 21ean hasitako grebaren azken egunean, negoziazio mahaiaren inguruan jesarri dira ELA sindikatua eta sektoreko hiru patronalak (LARES, ELBE eta GESCA). Azken horiek konponbiderako egin duten proposamena “arduragabekeriatzat eta errespetu faltatzat” jo du  ELAk.


2016ko urriaren 5ean - 17:00
Bizkaiko zahar egoitzetako langileen mobilizazio bat. (Arg.: Manuel Robles-Arangiz Fundazioa)
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Sindikatuaren esanetan, patronalen proposamena onartuz gero langileek eroste ahalmena galduko lukete 2016an, eta %0,7 handitu 2017an. “Soldata bi urtean sei euro ere ez litzateke hobetuko”, adierazi dute ohar batean. Lanaldiak, berriz, bi orduko murrizketa izango luke urtean.

ELAk gogorarazi du aurten 32 greba egun egin dituztela guztira Bizkaiko adinekoen egoitzetan eta urtebete daramatela negoziazio saioetan. Testuinguru horretan, onartezina iritzi diote patronalek egindako eskaintzari: “Alde batera utzi dituzte funtsezko gaiak, esaterako, zuzeneko arretarako langile kopurua handitzeak ekarriko lituzkeen ratio eta lan-kargak”. Patronalak berak egindako azterketa batek agerian uzten du langile falta, bai eta horrek erabiltzaileei zer nolako kalteak dakarzkien ere, ELAren esanetan.    

Bi asteko greba amaituta eta azken negoziazio saioak kale egin eta gero, sindikatuak hurrengo mobilizazioei buruz erabakiko duela iragarri du. “35 orduko lan astea, taxuzko soldata igoera eta lan-karga egokiagoak” lortu arte protestan jarraituko dutela adierazi dute.  Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diote  patronalekin ados ote dagoen argitu dezala, eta grebalariak kriminalizatzeari utz diezaiola.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bizkaiko zahar egoitzetako gatazka
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.