2022-01-17 15:58
Bizkaiko zahar egoitzetako langileek otsailaren 8rako beste greba egun bat deitu dute (hain zuzen, martxoaren 8a baino hilabete lehenago). ELAk berriro salatuko du iritzi publikoaren aurrean lan hitzarmena berritu beharra dagoela, eredua aldatuko bada, eta eredu berri horren ardatz izan behar dira zerbitzuen publifikazioa, enpleguaren egonkortzea eta hobekuntza, eta ratioaren murrizketa. Aldarrikapenen ardatzak: eredu aldaketaren premia larria, zerbitzuen publifikazioa eta ratioaren hobekuntza.

ELAk zaintzaren inguruko funtsezko puntuak negoziatu eta adostea eskatzen du, esaterako, profesionalak lehen egunetik ordezkatzea, lanaldi osoko kontratazioa, soldata eta lan baldintzak GUFErekin parekatzea eta lanaldi partzialeko kontraturik ez egitea, besteak beste. Haatik, joan den abenduaren 14ko greba deialdiaren ostean Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta patronalek gero eta posizio tinkoagoa markatu dute: 5.000 langileren greba eskubidea ez dute errespetatzen; zeharo nekatuta dagoen lantaldea areago estutzen dute lan karga itzelekin; falta diren langileak ez dituzte ordezkatzen... Horren guztiaren atzean zer dago? Arreta eredu bat zeinak pribatizazioari eta negoziazioari ematen dion erabateko lehentasuna; pertsonak eta zaintza bigarren mailako kontuak balira bezala hartzen dira.
Gaur arte diru kutxa publikoetatik sektoreko patronalei (GESCA, LARES eta ELBE) bideratu zaizkien 255 milioi euroetatik bat bera ere ez da baliatu zaintza hobetzeko, lantaldeak zabaltzeko edota lan baldintzak egokitzeko. Areago, seigarren olatu honetan patronalak, Aldundiaren oniritziarekin, zaintzan inbertitu ordez sektoreko langileen esplotazioa larriagotzen ari dira, lan karga handiagoak ezarriz; beharginak behartzen dituzte egun libreetan, jaiegunetan edo oporraldian lan egitera, lantokietako egoeragatik baja hartu behar izan duten langileen ordezkapenak egiteko modurik ez dagoela eta.
Horrenbestez, bigarren greba egun honekin ELAk 2022. urtean borrokari eutsiko dio, ardatz nagusiak mobilizazioa eta greba izango direlarik. Lortu behar da patronalek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Lan Sailak behingoz har ditzaten erabakiak benetako aldaketa lortzeko gure herriko egoiliar, senide, langile eta gizartearen onurarentzat.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.