Akelarreak, tortura, deportazioa, kartzela: aurtengo Zinemaldiko euskal pelikulak

  • Hamahiru pelikula lehiatuko dira aurtengo Donostiako Zinemaldian Euskal Zinemaren Irizar Saria  lortzeko. Ostegun honetan aurkeztu da Euskal Herriko zinemari eskainitako Zinemira saila: zuzendari ezagunak eta euren ibilbideko lehen urratsak ematen ari direnak uztartuta, eta aurreko urteetakoa baino tonu politikoagoarekin, apustu indartsuak ikusten dira aurtengo Zinemaldiko euskal eskaintzan.


2020ko abuztuaren 27an - 14:37
Itziar Ituño, Imanol Rayoren 'Hil kanpaiak' filmean.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Aurretik egindako pelikulekin jada zeresana eman duten euskal zuzendari asko agertzen dira Zinemaldiaren aurtengo Zinemira sailean. Amaia Merino, adibidez: 2013an Asier ETA biok filmarekin Irizar Saria eskuratu zuen eta oraingoan, Miguel Ángel Llamasekin batera, Non dago Mikel? ekarriko du Donostiako zitara: 1985ean Guardia Zibilak atxilotu ondoren, 20 egunen buruan hilda agertu zen Mikel Zabalzaren desagerpenari buruzko filma da.

Euskal gatazkarekin lotura estua duen beste dokumental bat ere ikusi ahal izango da: Josu Martínezek eta Txaber Larreategik Alfonso Etxegarairen historia ekarriko dute: ETAko kidea izateagatik Sao Tomera deportatu zuten eta hamarkadetako erbestealdiaren ondoren etxera nola itzuli den kontatuko dute Caminho longe dokumentalean.

Aurretik ere Zinemaldiak ongi ezagutzen duen zuzendari batek, Lara Izagirrek, irekiko du aurten saila Nora filmarekin: Ane Pikaza, Héctor Alterio, Naiara Carmona eta Loli Astoreka aktoreek parte hartu dute istorio familiar baten inguruan eraikitako film honetan.

"Zinema-saiakera" gisa definitu du jaialdiak, bestalde, Telmo Esnalek ekarriko duen lan berria: Urtzen Pablo Azkueren kontakizun batean oinarritutako filma da, elkarrizketak, irudiak eta musika birziklatuz sortua –aurretik Esnalek 2018an Zinemaldiko Sail Ofizialera eraman zuen Dantza pelikula eta Aupa Etxebeste! edo Urte berri on, amona!-rekin ere parte hartu du, besteak beste–.

Zinegile ezagun horiez gain, aurkikuntza berriak egiteko aukera ere eskainiko du aurtengo Zinemirak: Aitziber Olaskoagaren Jo ta ke metraje ertaineko lana, adibidez, zeinak Herrera de la Manchako kartzelara bidaiatzea proposatzen duen, oroimenari buruzko hausnarketa egiteko –film luzea ez denez, ez du Irizar sarirako lehiaketan parte hartuko–.

Saileko film guztiak Donostiako Zinemaldiaren webgunean ikus daitezke jada.

Euskal zuzendariak Zinemiratik harago

Bertako produkzioari eskainitako sailetik harago ere Euskal Herriko zuzendarien lanak ikusteko aukera izango da, gainera; eta film horiek ere Irizar Saria eskuratzeko lehiatuko dute. Horien artean Pablo Agüeroren Akelarre izan da arreta gehien deitu duena, festibalak Sail Ofizialaren barruan proiektatuko duelako.

Laida Lertxundik eta Marina Palaciok berriz, bestelako zinematografiei eskainitako Zabaltegi-Tabakalera sailean estreinatuko dituzte euren azken lanak, Autoficción eta Ya no duermo film laburrak.

Zuzendari Berriak sailean Imanol Rayoren Hil kanpaiak ikusi ahal izango da. Egile iruindarrak aurretik Bi anai ekarri zuen Zinemaldira, Bernardo Atxagaren izen bereko nobela laburrean oinarritutako filma, zeinean estilo pertsonal eta arriskatua erakutsi zuen. Pelikula berri honetan ere literatur lan bat izan du abiapuntu, Miren Gorrotxategiren 33 ezkil, eta aktore ezagunek hartu dute parte, Itziar Ituñok eta Eneko Sagardoyk besteak beste.

Sail horretan bertan David Pérez Sañudoren Ane ere ikusi ahal izango da, 2009an Euskal Herrian girotutako film luzea, zeinak AHTren obretan lan egiten duen ama baten eta haren alabaren arteko harremana duen ardatz.

Ekoizpen-fasean dagoen euskal film bat ikusteko aukera ere emango du aurtengo Donostiako zitak: Arantza Santestebanek 918 gau ekarriko du Donostiara WIP Europa sailaren barruan, egileak berak jasandako atxiloketa eta kartzelan emandako gauak ardatz dituen pelikula. Santestebanen lan hau Ikusmira Berriak programaren barruan hautatua izan zen eta kartzelari buruzko narratiba zinematografikoen inguruko hausnarketa proposatzen du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2020
2020ko irailaren 23
Sail Ofiziala | 6. eguna
Familia, a zer pelikula

2020ko irailaren 23
Bestelako Zinemaldia | 6. eguna
Gauza gordinak beharrezko dira batzuetan

2020ko irailaren 22
Sail Ofiziala | 5. eguna
Etxean bezala

2020ko irailaren 21
Bestelako Zinemaldia | 4. eguna
Dolua egitea film baten bitartez

2020ko irailaren 21
Bestelako Zinemaldia | 3. eguna
Etxe barneko trapuak

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!