Airbnb plataformak 64 milioi euroko isuna ordaindu beharko du, lizentziarik gabe etxeak iragartzeagatik

  • Espainiako Kontsumo Ministerioak 64 milioi euroko isuna jarri dio Airbnb plataformari, besteak beste, lizentziarik gabe etxebizitza turistikoak iragartzeagatik. Iruzurrezko 65.122 iragarki identifikatu dituzte. Isuna ordaindu eta lizentziarik gabeko etxebizitzak ezabatzeaz gain, zigorra jaso duela anuntziatu beharko du plataformak.

Wikimedia Commons

2025eko abenduaren 16an - 10:20
Azken eguneraketa: 13:02
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Espainiako Gizarte Eskubide, Kontsumo eta 2030 Agenda Ministerioak astelehenean jakinarazi duenez, 64 milioi euroko isuna jarri dio Airbnb plataformari, lizentziarik gabe etxebizitza turistikoak iragartzeagatik. Guztira, kontsumo arauak urratu dituzten 65.122 iragarki identifikatu dituzte plataforman. Madrilgo Justizia Auzitegi Gorenak ebatzi du Airbnb-k lau arau-hauste egin dituela: merkataritza praktika desleialak eta publizitate engainagarria; anfitrioien izaera juridikoari buruzko informazioa ezkutatzea; Ministerioak zaintzeko eta ikuskatzeko datuak emateari uko egitea; eta prozeduran zehar inposatu diren betebeharrak eta debekuak ez betetzea.

Ministerioaren salaketaren aurrean, plataformak aurka egin eta gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen, baina magistratuak atzera bota eta epai irmoa eman du. Honenbestez, bukatu egin da bide administratiboa, eta ezin izango da errekurtso gehiagorik aurkeztu. Ondorioz, isuna ordaintzeaz gain, Airbnb-k argitaratutako lizentziarik gabeko etxebizitzak ezabatu eta horiei ezarritako isunak publiko egin beharko ditu. Kontsumo Ministerioaren arabera, isunaren zenbatekoa (64.055.311 euro) Airnbnb plataformak legez kontra lortu dituen irabaziak baino sei aldiz handiagoa da. 

Pablo Bustinduy ministroak adierazi du neurri horren bitartez etxebizitza krisiari aurre egiteko “konpromisoa” demostratzen duela Espainiako Gobernuak, eta irmoki esan du Espainian “legea bete” egiten dela. Gaineratu du, bereziki “espekulazio praktikak mugatzeko” jardungo dutela, horiek “etxebizitza eskubidea bahitzen eta milaka familia langile itotzen” ari direlako.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxebizitza Turistikoak
2024ko azaroaren 6
Lurraldea eta arkitektura
Oinordetzan

Eguneraketa berriak daude