AHTren kontrako aldarria Durangaldean, bi gurpilen gainean

  • Dozenaka lagun elkartu dira larunbatean Abadiño eta Elorrio artean antolatutako AHTren kontrako bizikleta martxan.


2020ko uztailaren 6an - 07:42
Dozenaka lagun elkartu dira larunbatean Abadiño, Atxondo eta Elorrion AHTren lanak gelditzea eskatzeko antolatutako bizikleta martxan (arg.: Atxondon AHTrik Ez!)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Abiadura Handiko Trenaren lanak indarrez ari dira Durangaldean, Abadiño eta Elorrio lotuko dituen bi zatiak 2019an esleitu zituzten eta 165 milioi euro kostako dituzte denera. Tartean, hamahiru zubi-bide, hiru pasabide eta tunel bat egitea aurreikusi dute enpresa eraikitzaileek –Sacyr, Tecsa, Mariezkurrena eta Dragados dira horietako batzuk–. “Euskal Y” delakoaren lokarriaren aldeetako bat d honakoa, EAEko hiru lurraldeak trenbide sare hirukoitz batekin lotuko dituena, hain zuzen.

Esleipena duela urtebete egin zen arren, lan astunenek Covid-19aren itxialdiarekin egin zuten bat eta Atxondon, esaterako, herri guztia obratarako margotu zuten. Inguruotan AHTren eraikuntzak paisaian inpaktu handia izango duela aurreikusten dute azpiegituraren kontrako eragile eta mugimenduek. Gainera, duela bi hilabete hainbat baserri eta etxe historiko eraitsi zituzten Atxondon eta Abadiñon.

Kezka handia sortu du egoerak eskualdean, eta mobilizazioak ugaritzen ari dira. Horren erakusgarri larunbata honetan antolatutako bizikleta martxaren arrakasta izan da. Azken hilabeteotan ikustera ohitu gabe gauden irudiak jazo dira: dozenaka lagunek hartu zuten parte Abadiño eta Elorrio lotu zituen ibilbidean.

Mendiola inguruan AHTko obrekin egiten ari diren “txikizioa” ikusten aukera izan zuten parte-hartzaileek. Ondoren, Atxondon hamaiketakoa egin eta Elorrion amaitu zuen martxak: “200 lagunetik gora elkartu gara, haur, gazte zein ez hain gazte, pedalkadaz pedalkada, AHT gelditzera gatozela esateko. Ilusioz eta gogoz jarraitzen dugula esateko eta Durangaldean saretuta eta lanean ekiteko gogoz dihardugula adierazteko”, azaldu du Atxondon AHTrik ez! taldeak.

AHTren kontrako eragileek inoiz baino arrazoi gehiago ikusten dute obra horiek geratzeko, eta gogorarazi dute duela gutxi Europar Batasuneko Kontu Auzitegiak emandako datua: ia 30 urteko atzerapenarekin jarriko dela martxan azpiegitura. “Hori horrela, orain arte egindako azpiegiturak zaharkituak egongo lirateke, eta beraz, berriro dena berritzeko lanak egitera. Honek ez du ez hanka, ez bururik”, diote.

Euren esanetan AHTren trazatuaren herena baino ez dago bukatuta eta oraindik gehiena egiteke dago: “Beraz, gelditu daiteke eta gelditu behar da”.


Abiadura Handiko Trena kanalean gehiago
2026ko apirilaren 1
6850

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.