“Aldundiek nahita ez dituzte eginda mehatxupean dauden espezieen kudeaketa planak, agian, eolikoen moduko proiektuak jarri ahal izateko”

  • Aitor Leiza Itsas Enarako eta Zumaiako Natur Taldeko kidea da. Txikitatik du hegaztiekiko zaletasuna eta gaztetan herriko argazkilari baten lanak ikusita txunditu zen: “Dokumentaletan agertzen diren hegazti hauek denak hemen al daude?” galdetu zion bere buruari eta hegaztiei buruz sakonago ikasten hasi zen, liburuetara jota. Maiatzaren 2an Zizurkilen hitzaldia emango du, Ezkeltzu inguruan bizi diren eta Green Capital enpresak bertan ezarri nahi duen zentral eolikoak arriskuan jarriko lituzkeen hegaztiei buruz: “Ezagutzen ez duguna ezin dugu maitatu. Beraz, azalduko dudan lehen gauza da zer hegazti ikus daitezkeen Ezkeltzun. Zein diren hortik pasa daitezkeen migratzaile garrantzitsuenak, zein diren bertan bizi direnak... Ezkeltzun ateratako argazki batzuk ere erakutsiko ditut” iragarri du hegazti zale zumaiarrak.

Miru gorria Zizurkilen. Argazkia: Beñat Ibarbia Oiartzabal.

2023ko apirilaren 28an - 16:38
Azken eguneraketa: 2023-05-02 10:53:50

Andatza-Ezkeltzu Bizirik! Taldeak antolatuta, hitzaldia emango du Aitor Leizak maiatzaren 2an. Plazida Otaño liburutegiko aretoan izango da, 19:30ean hasita. Ezkeltzun ikus ditzakegun hegaztiei buruzko hitzaldi honek emango dio irekiera Andatza-Ezkeltzu Bizirik! Taldeak prestatu duen erakusketari: enpresa pribatuak Zizurkil-Usurbil artean ezarri nahi duen zentral eolikoak izango lituzkeen ondorioak ikusgai egongo dira bi astez, maiatzaren 12 arte.

Maiatzaren 13an, larunbata goizez, Ezkeltzu gainera irteera berezia antolatu du taldeak: hegaztiei, ondare historikoari eta landareei buruzko azalpenak emango dituzten adituen laguntzaz, goiz pasako ibilbide zirkularra burutuko dute, hamaiketakoarekin biribilduz. 9:30ean Zizurkil Goiko Pedro Mari Otaño plazan da abiatzeko hitzordua.

Aitor Leiza hegazti adituari deitu diogu, hitzaldiaz galdezka:

Haize errotek zer eragiten diete hegaztiei?

Euskal Herria Afrika eta Ipar Europaren arteko puntu estrategikoan kokatuta dago: milioika hegazti pasatzen dira urtero Euskal Herri gainetik. Bi fluxu indartsu daude: bata itsasokoa eta bestea lehorrekoa. Hegazti migrariak Afrikara joaten dira negua pasatzera: badira neguan Afrika pasa eta Madagaskarreraino joaten diren hegaztiak eta udan Artikoraino joaten direnak habia egitera. Hegaztiek paso naturalak dituzte, leku batzuetatik gehiago pasatuko dira beste batzuetatik baino. Baina Euskal Herria zeharkatu beharra dute, bai ala bai, eta edozein lekutatik pasatu daitezke. Migrazioak batez ere gauez ematen dira eta gauez ez dira haize errotak ikusten... Beti oroitzen gara hegaztiekin, baina hegaztiez gain xaguzar migrariak ere badira eta hegaztien antzeko arazoa daukate.

Migrariak gure mendietan hiru modutan bizi dira: negua pasatzera etortzen dira Iparraldetik gure kostaldera eta horietako batzuek Afrikaraino jaisten dira baina ale batzuk hemen geratzen dira negua pasatzen. Beste hegazti batzuek bertan bizi dira urte osoan, eta beste hegazti batzuk umatzera etortzen dira hona, Afrikatik gora.

Bestalde, harrapariak daude. Hauen habiak bailaratan egon daitezke, gailurretik 200 metro edo kilometro bat beherago, baina hauen elikatzeko eremuak gailurrak dira. Gailur horietan dauden arratoi, sagu, sugeak jaten dituzte. Askotan ez dute lehen haize errotarekin talka egiten, baina haize errotaren besoek sortzen dituzten haize zurrunbiloen ondorioz, hurrengo haize errotarekin egiten dute talka.

Ezkeltzun bizi diren zein hegaztik eta landarek deitzen dizute arreta? Zergatik?

Ezkeltzun harrapariak dira kaltetuenak izango direnak. Harraparien artean dugu miru gorria: bertan habiak egiten hasi dira eta hori berria da, duela hamar urte ez zegoen ale bakarraren habiarik ere.

Landare aldetik, kontuan izan behar dugu Euskal Herrian benetako basoak oso gutxi direla, basoa oso sistema konplexua baita. Sistema konplexu horiek duela ehun urte suntsitu ziren, hektarea gutxi geratzen dira kontserbatuta eta elkarren artean loturarik gabe. Gainera, nekazaritza galtzeak mendian ditugun belardi, mosaiko eta ertzetako eskaiak (sasi eta zuhaixkaz egindako hesiak) galtzea dakar. Baserritarrekin batera egitura horiek desagertuko dira. Ekosistema horiek ongi datozkien hegaztiak ere gainbeheran daude eta horietako batzuek badaude Ezkeltzun, adibidez, belatz gorria.

Euskal Herriko espezie mehatxatuen zerrendatan badira hainbat landare eta hainbat hegazti. Arriskupean dauden espezie hauen kasuan, legearen arabera ikerketa egin behar da, hauek ez galtzeko zer egin eta inguru hori nola kudeatu behar den zehazteko. Agian, proiektu hauek egin ahal izateko nahita ez dituzte eginda espezie horietako bakoitzaren kudeaketa planak, kudeaketa planak egingo balira agian ezingo bailirateke horrelako jardueretako batzuek egin. Eusko Jaurlaritzari dagokio mehatxupean dauden espezieak izendatzea, baina Aldundiei dagokie espezie hauetako bakoitzaren kudeaketa plana egitea. Eta Jaurlaritzaren zerrendan mehatxupean dauden animalia eta landareen artean, oso gutxik dute kudeaketa plana idatzita. Gainera ez da soilik plana idaztea, hainbat urteren buruan errebisatu egin behar dira, eta ez da egiten.

“Ba, niri zer axola zait halako hegazti edo halako zomorro egon edo ez egon” esaten du tabernan herritar askok. Zer esango zenieke?

Ba al dakigu galzorian dagoen zomorro horrek zer eragin daukan landareengan? Adibidez, argi ikusten dugu erleekin: erleak desagertzen ari dira, eta erleak desagertzen badira polinizazioa galduko da eta ez dugu hainbeste fruiturik izango. Zomorro batek zer eragin izan dezakeen ez badakigu, ez genuke galtzen utzi behar, arriskuan dagoela jakinda.

Pentsa hegaztiekin zer egoeretan gauden: abere bat hiltzen denean, abeltzaina behartuta dago menditik kentzera. Zergatik? Era naturalean, hegaztien artean lehenbizi etorriko lirateke bele, erroi, miken familiakoak, haragi zati bigunak jatera. Eta haiek aterako duten zalapartarekin, sai zuria etorriko da atal bigunak jatera. Putreek ikusiko dute hegaztien jai hau eta haiek etorriko dira hezur arteko haragia jatera. Eta zikloa bukatzeko, hezurra jatera ugatza etorriko da. Hori guztia bultzatu beharrean, gizakiok joaten gara kamioiarekin hilda dagoen aberea jasotzera, eta aldi berean, janlekuak sortzen ditugu hegaztiek jan dezaten.

Ugatza, hezurrak jaten dituena, laster izango dugu gure mendietan. Kate trofikoan gailurrean dago, hezurrak txikitu eta jateko garatu den bakarra da. Aralarren hirukote bat dago, Urbasan beste bikote bat... eta tarteka beste mendietan ikusten dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Parke eolikoak
2024-03-18 | ARGIA
EH Bizirik elkarretaratze zaratatsura deitu du Europako industria eolikoaren kongresuaren aurrean

Martxoaren 20an Barakaldoko BECen egingo du Europako industria eolikoak bere urteroko kongresua, "Wind Europe" deitu diotena. 10:00etan atarian elkarretaratze zaratatsua deitu du EH Bizirik sareak.


Galizian 13 parke eolikoren proiektuak geldiarazi ditu justizia auzitegiak, ingurumenean izan ditzaketen ondorioengatik

Berriztagarriek Galizian ere sukarra bizi dute eta proiektu ugari justizia auzitegietan dira momentu honetan. Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiak haietako hamahiruren gaineko suspentsioa agindu du, eta horretarako bere irizpideak egokitu ditu Espainiako Auzitegi Gorenak... [+]


2024-02-27 | ARGIA
Lurraren defentsan "Hamaika" erakusketa artistiko ibiltaria abiatuko dute Beran martxoaren 1ean

"Hamaika arrazoi lurraldea defendatzeko" izeneko erakusketa artistiko honetan, Euskal Herriko hamaika ilustratzailek parte hartu dute eta makroproiektu eolikoek kaltetutako Euskal Herriko zenbait familia eta bizilagunen hamaika testigantza ere jasotzen dira. Etxalarko... [+]


2024-02-27 | ARGIA
Antzuolan 200 metroko haize errota irudikatu dute giza katean

Irimo mendian Cilda Energy SLU enpresak 200 metroko bi haize errota ezarri nahi ditu, Trekutz izeneko proiektuaren baitan. Dimentsioaz jabetzeko giza katea egin dute Antzuolan otsailaren 25ean, Meaka-Irimo herri plataformak deituta "berriztagarriak bai, horrela ez!"... [+]


2024-02-08 | ARGIA
Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketaren legeaz:
"Hiru alderdi politiko hauek hazkunde ekonomikoa lehenetsi dute klima larrialdiaren aurrean"

Euskal Herria Bizirik sareak elkarretaratzea egin du Eusko Legebiltzarraren atarian, barruan Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketaren Legea onartzen zuten bitartean. Sare horren hitzetan, "EAJ-PNV, PSE eta EH Bilduren aldeko botoekin onartu da, agerian utziz hiru alderdi... [+]


Eguneraketa berriak daude