Afganistanen “ondorioak” egongo direla esan dute talibanek, atzerriko tropek 31rako alde egiten ez badute

  • Abuztuaren 31 “marra gorria” dela adierazi du Suhail Shaheen talibanen bozeramaileak. AEBak eta Erresuma Batua beren tropak eta milaka afganiar ebakuatzeko prozesua luzatzea aztertzen ari dira. Kabulgo aireportuan 20 hildako zenbatu dituzte talibanek agintea lortu zutenetik.


2021eko abuztuaren 24an - 10:01
Azken eguneraketa: 12:04

Afganistanen dituzten tropak eta funtzionarioak ebakuatzeko epea luzatzea aztertzen ari dira AEBak eta Britainia Handia. G7ko liderrek asteartean egingo dute bilera, talibanen aurkako erantzun bateratua adostu eta ebakuazioak abuztuaren 31rako bukatuko dituzten erabakitzeko.

Talibanek, ordea, mehatxu egin dute. Suhail Shaheen bozeramaileak adierazi duenez, ezarritako data “marra gorria” da, eta atzerriko gobernuek Afganistan uzteko epemuga hori betetzen ez badute, “ondorioak” egongo direla ohartarazi du. Datorren asteartean nazioarteko indarrek bertan jarraitzen badute, “esan nahi du okupazioaren luzapena egiten ari direla, horretarako beharrik ez dagoenean”. Bestalde, AFP agentziari adierazi dionez, gobernu berriaren osaketa AEBetako soldadu guztiek herrialdea uzten dutenean baino ez dute iragarriko.

Bitartean, atzerriko tropak funtzionarioen eta herrialdetik ihes egin nahi duten Afganistango biztanleen ebakuazioak azkartzen ari dira. Beldur dira talibanek ez dituzten Kabulgo aireportuko ateak itxiko. Halere, Shaneenek lasaitasunerako deia egin die herrialdea utzi nahi dutenei: Hilaren 31tik aurrera, beharrezko dokumentazioa aurkezten badute, ez diete “oztoporik” jarriko hegaldi komertzialetan alde egiteko.

AEBek 10.000 soldadu baino gehiago dituzte oraindik ebakuatzeko. Bestalde, Jake Sullivan segurtasun nazionaleko aholkulariak azaldu du 50.000-60.000 afganiar atera nahi dituztela datozen egunotan. Funtzionarioak hilaren 31rako ebakuatu ahal izango badituzte ere, herritar afganiarrak ordurako erreskatatzea zailagoa izango dela adierazi du.

20 hildako Kabulgo aireportuan

20 pertsona hil direla dagoeneko Kabulgo aireportuan, NATOk Efe agentziari komunikatu dionez. Astearte goizaldean tiroketa bat egon da. Identifikatu ez dituzten zenbait lagunek —CNNren arabera, frankotiratzaileak ziren— tiro egin diete soldadu afganiarrei, eta orduan hasi dira istiluak.

Zabihullah Mujahid talibanen bozeramaileak AEBei egotzi die hilketen errua: “Hamid Karzai aireportuan dauden Estatu Batuetako indarrak dira zibilak hiltzearen erantzuleak, haiek gonbidatu dituztelako bertara”. Momentuz, CNNk jakinarazi duenez, 18.500 pertsona daude aireportu barruan pilatuta, eta beste 2.000 ari dira sartzeko itxaroten.

Afganistan osoa hartu dute

Mujahidek twitter bidez adierazi zuen atzo probintzia bakar bat baino ez dagoela talibanen agintetik kanpo: Panjxir. Baina Afganistango Erresistentzia Frontea bertan “setiatuta” dagoela adierazi zuen, eta armak uzteko agindua luzatu dietela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Afganistan
Milaka pertsona hil dira Afganistanen izandako lurrikaren ondorioz

Azken hamarkadetan Afganistanen izandako “lurrikara suntsitzaileenetarikoak” izan dira. 2.530 pertsonal hil eta 9.240 zauritu dira EITBk argitara eman duenez.


Hil gaitzazue

2021eko abuztuaren 15ean, talibanek Kabul mendean hartu zutenean, milaka afganiar ihes egiten saiatu ziren. Soilik hilabete hartan, 35.000 pertsona baino gehiagok zeharkatu zuten Pakistango muga, eta 2022. urtea hasi orduko 145.000 ziren beste aldean. Aldiz, gertakari horien... [+]


Emakumeek hezkuntza jasotzeko eskubidearen aldeko kanpainaren burua atxilotu dute talibanek

Matiullah Wesa aktibista atxilotu dutela salatu du UNAMA elkarteak astelehenean eta Afganistango Gobernuari arrazoia argitzeko eskatu dio. Ekintzaile afganiarrak emakumeen hezkuntza errazteko Pen Pathen kanpainaren sortzailea da. Igandean bideo bat publikatu zuen hezkuntzarako... [+]


2022-12-26 | ARGIA
Unibertsitatean ikasketak egiteko debekuaren ostean
GKEtan lan egitea debekatu diete emakume afganiarrei talibanek

Argudiatu dute Gobernuz Kanpoko Erakundeen lantokietan emakumeek ez dituztela janzkera arauak errespetatzen. GKE ugarik salatu dute emakumeen lanik gabe ezin izango dutela osasun eta giza arreta eman. Joan den astean, talibanek debekatu egin zieten... [+]


Eguneraketa berriak daude