Administrazioak eskumena du lanpostuetako hizkuntza-baldintzak arautzeko, Kontseiluak gogorarazi duenez

  • Bizkaiko ikastetxe publikoetako garraiorako esleipen batean euskararen eskakizuna baliogabetu du EAEko Auzitegi Nagusiak, "inposiziotzat" joz. Lehen aldia da Justizia arlo publikoko lanpostu baterako euskara eskatzearen aurka agertzen dena. Kontseiluak salatu du "euskararen biziberritzearen aurkako oldarraldi judizialaren urrats berri bat" dela, eta errekurtsoa jartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.


2023ko martxoaren 30ean - 11:32
Azken eguneraketa: 13:17
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Euskararen aurkako beste epai bat kaleratu dute, oraingoan Bizkaiko ikastetxe publikoetako garraiorako esleipen batean. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Hezkuntza Sailaren aurkako sentitentzia atera zuen otsailaren 17an, lanpostu horretarako baldintzetan euskarari lotutako puntu bat baliogabetuta. Auzitegiak argudiatu duenez, kontratazio publiko batean enpresa pribatuari administrazioarekin euskaraz harremantzeko baldintza “inposizio bat” da. 

Euskalgintzaren Kontseiluak "oso larritzat" jo du sententzia, "administrazio publikoek euskaraz funtzionatu ahal izatearen aurka" jotzen duelako. "Euskararen biziberritzearen aurkako oldarraldi judizialean" kokatu du epaia, "ebazpen isolatu bat izatetik urrun". Kontseiluak salatu du azken urteetako sententziak "euskaraz bizitzeko espazioak murrizten" ari direla, herritarren eskubideak kaltetuz. 

Kontseiluak kontratazioetan hizkuntza-klausulek duten garrantzia azpimarratu du, "egun gaztelera nagusi den administrazioa eta zerbitzu publikoak euskalduntzeko urrats gisa". 

"Euskararen biziberritzean eta normalizazioaren alde hartzen den neurri bakoitzeko, epaileak agertzen dira herritarron eskubideak are gehiago murrizteko".

Hizkuntza-eskubideak, arriskuan

Euskalgintzaren Kontseiluak defendatu du administrazioak eskumen osoa zuela harremana euskaraz egin dadila arautzeko, euskara hizkuntza ofiziala den momentutik. "Zerbitzu publiko bat emango duten enpresek ez dituzte herritarrei dagozkien eskubide berberak, eskubideak herritarrei dagozkielako eta ez enpresei". Ohartarazi du eskola-garraio publikoa Bizkaiko ikastetxe publikoetarako izanik, zerbitzu hori jasoko duten herritarren hizkuntza-eskubideak urratzeko arriskua egon daitekeela.

Kontseiluak babesa erakutsi dio epaiketa kudeatu duen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari, ebazpenari errekurtsoa aurkez diezaion.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskaldunen aurkako erasoak
2025eko abenduaren 4
Zenbat Garak 30 urte
Arnasgune bat, Bilboko basamortuan

Eguneraketa berriak daude