Otu zitzaion norbaiti oraingo honek RBO–Rules-based order garaia izan behar zuela nazioartean. Alegia, arauetan oinarritutako ordenaren aroa. Bejondeiola! Hautsi zitezkeen arau guztiak –eta haustezinak ziruditen batzuk ere bai– birrintzeko pistola-tiroa izan zela lirudike.
Gazakoak bilbatzen ditu adibide gehienak eta okerrenak. Baina badira beste batzuk, apalagoan, gutxietsi behar ez genituzkeenak. Ekuadorreko hiriburuan Mexikok zuen enbaxadan arestian gertatua litzateke horietako bat. Ezjakinean, pentsa zitekeen Glas presidenteorde ohia enbaxada barnean atxilotu eta bertako diplomatikoak egurtu zituzten polizia ekuadortarrak, beren kasa, Police Lives Matter “filosofia” praktikara eramaten-edo arituko zirela. Ez baitira samurrak izaten ari azken asteak Ekuadorreko kaleetan inorentzat. Baina,
“Glas kasuaren” aurrekariak pittin bat aztarrikatzea nahikoa zen testuingurua bestelakoa zela ohartzeko. Eta, bidenabar, enbaxada asaldatzeko erabakia guztiz deliberatua eta goren-gorenetik, alegia, Noboa presidentearen bulegotik, etorri behar zuela jabetzeko. Barne-arazo penal arrunt samarra zena, kanpo-harremanetan lehen mailako iskanbila bihurtu behar zuelako eta delako, ezinbestez. Bidegabekeria burutu, eta gero ikusten ari garenak goitik behera berresten du nahitasunaren hipotesia.
Harreman Diplomatikoei buruzko Vienako Konbentzioa hankaperatzea, ordea, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Assange kasua eta haren Londresko pasadizoa –Ekuador tarteko, hura ere– gogoan duenak badaki, besteak beste, immunitate diplomatikoa eta atzerriko herrialdeen enbaxaden ukiezintasun-bermeak ez direla zirtzilkeriak, ezta lehen mailako potentzien kasuan ere, diplomazia-lan guztiaren kantoi-harrietako bat delako.
Bestelako kontua da bene-benetan aintzat hartzen ote den haren filosofia, beste interes batzuk kontrajartzen direnean. Enbaxaden inguruko mila jazoerek erakusten dute ezetz, mundu osoan. Baina urraketa horien isilpeko tasunak berak frogatzen du itunaren errespetu-itxura lehen mailako betekizunetako bat dela hartu-eman diplomatikoen bilakaerarako.
Urrutikoa ez aspaldikoa ez duenez, Noboak gogoan izan behar zuen Alan Garcíaren aurrekaria, 1992an Liman Kolonbiako enbaxadan babestu eta, ondoren, erbesteratu zenean, Glas kasuaren antz nabaria zuen pasadizoan. Baina alderantziz jokatu eta nazioarteko krisi potoloa ereitea nahiago izan du. Berak jakingo du zergatik; besteok, aieruak egin ditzakegu.
Oraintsu Madrilera egin zuen bisitaldian egin (ez) omen zituenak agian aintzat hartzen hasi beharko genuke.
Edonola ere, Rules-based order garaian geundela ebatzi zuenak ederra bota zuen...