70.000 taupada euskal presoen alde Bilboko kaleetan

  • Espainiako Gobernuko lehendakariaren inbestidura hasi eta astebetera egin da euskal preso politikoen aldeko Bilboko manifestazio erraldoia. Haren ondorioz Espainian eratu den koalizio gobernu berria izan da manifestazioaren ardatzetakoa, eragile guzti-guztiek jarri baitituzte beren eskaerak gobernu berriari begira.

Xabier Letona @xletona
2020ko urtarrilaren 13a

Egia esan, alde horretatik larunbat honetan zerbait historikoa –hitzaren egiazko zentzuan– gertatu da, manifestazio honetan lehenbiziz egon delako Espainiako Gobernuan dagoen alderdi bateko ordezkaritza. “Orain presoak” izan da manifestazioaren goiburua, baina gizarte ordezkarien eskaerak aintzat hartuta, izan zitekeen baita ere “orain Espainiako Gobernua”.

Elkarrekin Podemoseko Josetxo Arrietak hitz egin du ezkerreko koalizioaren izenean Silken Hotelean manifestazioa hasi aurretik egindako adierazpen errondan: “Giza eskubideen ikusmoldetik gaude gu hemen”, azpimarratu du. Presoen eskubideak urratzen ari direla zehaztu du eta egoera horrekin bukatu behar dela. Presoei eskatu die, halaber, egindako mina aitor dezatela eta baita ere ETAren indarkeria bidegabea izan zela”. Espainiako Gobernuan bost ministro dituen alderdiaren ordezkariak esandakoa da. Zertan lagun dezake horrek presoen eskubideen eremuan behingoz urrats esanguratsuak eman daitezen? Manifestazio eta espetxeetara egindako bidaia guztietan munduari hainbat buelta haina eman ondoren, ezkortasuna samur gailentzen zaio bestelako edozein sentimenduri... baina “esperantzara kondenatua” dagoenak, sikiera zirrikito bat utzi behar dio baikortasunari.

EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegi, ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntza, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu, Steilas-eko ordezkari Ana Perez, ERCko Nuria Picas parlamentaria, JxCat-eko parlamentari Eduardo Pujol eta CUPeko diputatu Albert Botranek ere adierazpenak egin dituzte hotel berean. Ñabardurak ñabardura, guztien berbak berdintsuak izan dira, elkartasuna adieraziz presoei eta haien senideei eta Espainiako Gobernuari behingoz urratsak eman ditzala eskatuz.

Euskal gizarteko oso ordezkaritza zabalak babestu du manifestazioa eta, azken urteetan bezala, CCOOk eta UGTk ere sostengua eman diote. Egia esan, ordezkaritzei begira, samurragoa da esatea nortzuk ez duten sostengatu: EAJ, PSOE, Navarrako Sumako indarrak eta Vox.

Rosa Rodero eta Asun Lasa

17:20an abiatu da manifestazioa La Casillatik, eta Autonomia kale osoa jendez gainezka zegoen jada. Txalo zaparrada etengabekoa izan da manifestazio buruak aurrera egin ahala. Etxerat eta Sareko ordezkariek eraman dute pankarta eta erdian Rosa Rodero, ETAk hildako Joseba Goikoetxea ertzainaren emaztea, eta Asun Lasa, GALek hildako Josean Lasaren arreba. Txalo zaparrada eta “Euskal presoak Euskal Herrira” artean ireki behar izan du kalea pankartak. Ohitura bihurtu da jada, bereziki jende asko dagoenean, baina jendetzaren gehiengoa dagoeneko ez dago manifestazio buruaren atzean; La Casillan badira milaka batzuk, baina gehiengoak manifestazioa osatzen du pankartaren aurretik ia udaletxerainoko errepide eta espaloi guztia hartuz. Eguraldi onak beti laguntzen du eta goizean goizetik jendetzak hartu du Bilbo, bereziki Alde Zaharra. Kontaketa zehatzetan sartu gabe, argi dago dozenaka mila pertsona zirela manifestazioan; Gara-ren esanetan 70.000 lagun izan dira. Baionan, antolakuntzak esan duenez, 10.000.

Kostata bada ere, iritsi da burua Zabalburura eta Sareko ordezkariek adierazpenak egin dituzte bertan, esanez errespetatzeko euskal presoen eskubideak, Euskal Herriratzeko presoak, gaixo direnak hurbiltzeko, gradu aldaketak ahalbidetzeko, bai giza eskubideengatik eta bai horrek laguntzen duelako euskal gizarteko bizikidetza prozesua ere. Eta berriz deia Espainiako Gobernuari: orain da unea, “orain ez bada noiz izango da bada?", bukatu du Joseba Azkarragak.

Gaita taldeak hartu du burua Zabalburun, Mikel Laboaren “Martxa baten lehen notak” indarrez aireratuz. Pankarta eta guzti, zaratatsu, gertu zen Madrildik etorritako ordezkaritza: “Madril Euskal Herriarekin dago” oihukatzen zuten gaztelaniaz. Badakigu ez dela egia, baina nola estimatzen dien jendeak elkartasun ausart hori! Erakusleiho aparta da martxa eta hainbat kolektibok baliatzen dute ibilbidea beren aldarrikapenak erakusteko, besteak beste ikusleen artean Marokoko talde bereberretako ordezkaritzak izan dira haien presoen argazkiak erakutsiz. Hurtado Amezagaren erdian ziren Mirentxineko furgonetak: Clairveaux 945 kilometro, Almeria 1040... eta ibilgailuen gainetik pankarta erraldoia zabaldu dute iragarriz aurtengo abuztuan, errepidetik itsasora jauzi eginez, Baionatik Bilbora martxa egingo dutela.

Bilboko Udaletxean amaitu da manifestazioa, Rosa Roderok eta Asun Lasak gaztelaniaz eta euskaraz irakurritako agiriarekin: aro berria alldarrikatuz, giza eskubideak eta bizikidetzaren aldeko mezua luzatu diote jendetzari, haien seme-alabei beraiek izan dutena baino egoera hobeagoa utzi nahi dietela adieraziz. Apurka, euskal gizartea adiskidetzea eta enpatia prozesuetan aurrera egiten ari dela azpimarratu dute, baina ez dela nahikoa ere bai, eta haiek ere dei egin diote Espainiako Gobernuari urratsak eman ditzan. Preso gaixoen egoera ekarri dute hitzaldira eta iaz gaixotasunez hildako Angel Ochoa de Eribe aipatu dute, libre utzi eta lau hilabetera hil zela salatuz, askoz lehenago kalean egon behar zenean.

Urte osorako indarra

Amaitu bezain laster abiatu gara kronika idaztera eta manifestazioaren kontrara egin dugu Hurtado Amezagatik gora. Zabalburura iristear ginenean egin dugu topo –Euskalduna kaleko bidegurutzean– azken manifestariekin. Ekitaldi nagusia amaituta, milaka ziren oraindik kalean behera udaletxea helburu.

700 euskal presotik gora izan dira Espainia eta Frantziako estatuetako kartzeletan, 565 taupada ere entzun ziren uneren batean eta egun 250 askatasun-amets biltzen dira beste hainbat ziegatan. Amaitu da manifestazioa. Bat gehiago, ea azkena den, beste behin ere, ea datorren urtean hemen ikusten ez garen... behin eta berriz esaten direnak behin eta berriz urtero hemen topo egiten duten herritarren artean. Edo, besteak beste, batzuetan entzuten den gisan, “zertarako balio du urteroko prozesio honek?". Ez dut erantazuna kronika bukaera honetan jorratzeko asmorik, baina gaur bederen ni Urtzi Errazkin Etxerateko bozeramaileak hedabideei luzatutako hitzekin geratu naiz. Adierazi du asteburu hau dela bisitarik egiten ez duten asteburu bakarra, “baina gaurko egunetik hartzen dugu urte osorako behar izaten dugun indarra”.

Azken urteetan bezala, Sarek deitutako mobilizazio erraldoiaren ondoren, Bilboko Alde Zaharrean manifestazioa egin zuen Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren Aurkako mugimenduak, "Borroka egitea zilegi da. Amnistia osoa" lelopean.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Euskal preso politikoak  |  Bilbo

Euskal preso politikoak kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude