59 hildako eta 500dik gora zauritu. Horiek dira igande gauean Las Vegas (Nevada, AEB) hirian gertaturiko tiroketaren emaitzak. Azken urteetako sarraskirik handiena izan da Ameriketako Estatu Batuetan.
Route 91 Harvest country musika jaialdiko ikusleen aurka jo zuen erasotzaileak. Momentu horretan 22.000 pertsona inguru zeuden kontzertuei begira. Kontzertu eremuan inguruan zegoen Mandalay Bay hoteletik egin zuen erasotzaileak tiro.
Stephen Paddock, 64 urteko gizonezkoa, da ustezko egilea. Hala ziurtatu dute polizia iturriek. Hauen arabera, aipaturiko gizona, Mandalay Bay hoteleko 32. solairuko gela batean topatu dute hilda, antza denez, bere buzuaz beste egin du. Hilotzarekin batera, 18 bat suzko arma ere topatu ditu Poliziak. Irailaren 28tik hotel horretan zegoen ustezko erasotzailea.
Estatu Islamikoak bere gain hartu du atentatua, ‘Amaq’ berri agentziaren bidez helarazi duen ohar batekin. Oharrean esan du, “nazioarteko koalizioak Siria eta Iraken erradikalen aurka egiten ari den erasoei erantzuteko” egin dutela atentatua. Hala ere FBIk, gezurtatu egin du erasotzaileak inongo loturarik zuenik atzerriko talde terroristekin.
Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek doluminak adierazi dizkie biktima guztiei. Nahiz eta ez duen adierazpenik egin armen kontrolaren inguruan. Izan ere, erasoaren harira kontrolaren inguruko eztabaida Estatu Batuetako agenda publikoan kokatu da berriz. Donald Trumpek hasieratik argi utzi zuen zein zen bere jarrera gai honekiko, Etxe Zurira iritsi bezain laster, NRA Erriflearen Elkarte Nazionalari esan zion ‘lagun bat ‘ zuela etxe zurian. Hillary Clintonek berriz esan du NRAari “aurre egin behar” zaiola.