Galbidea zekarren azalean aurkibidearen ordez, hara noraino zen heterodoxoa Igela aldizkaria. 50 urte joan dira Parisko Saint Germain bulebarreko 15.ean erredakzioa jarri eta aurreneko aldiz publikatu zenetik. Txomin Peillenen eskutik berreskuratu dugu kli-klu bihurriak egin zituen argitalpenaren historia.
Parisko erbestean hainbestetan elkartu ziren Andima Ibiñagabeitia eta Jon Mirande. Literatura zuten hizpide. Hain zuzen, Andimaren bitartez ezagutu zuen Txomin Peillenek Mirande, eta bat egin zuten hirurek. Baita Txominen anaia Robertek ere. Ibiñagabeitiak erbestera bidea –Guatemala lehenik, Venezuela ondoren–, hartu zuen 1954an, Mirande bakar antzean utzirik. Idatzita dagoenez, Txomin Peillenek bihotz eman zion Miranderi 1962ko otsailean, Igela aldizkaria sortu zutenean, Saint Germain bulebarreko 15. zenbakiko eraikinean. Berrogeita hamar urte dira joanak. Iraganera egin dugu bidaia, Txomin Peillenen eskutik. “Parisen jaio nintzen 1932an. Bi urte eta erdi Zuberoan egina nintzen haurretan, beste dozena erdi han eta hemen, bateko Fontenebleaun, besteko armadan… Orotara, hamasei urte neraman Parisen, baina ez dakit ziur nongoa nintzen, edo, hobeki esan, familia bilkuratik irten eta frantses munduan sarturik, esaten nuen: ‘Ni ez naiz hemengoa!’, arrotz zitzaidan erdal mundu hura. Ondoren, 1946tik goiti abertzaletasuna deskubriturik, eta bazterrak kurri eginik, ez nekien nongoa nintzen ere! Hori sarritan pasatzen da…”. Eta zertan ote zen Jon Mirande. Peillenek erantzun digu: “Hura ere Parisen sortua zen, Euskal Herrian ere ibilia, nahiz eta bertan oso gutxi egon 1953tik landa, eta hil arte. Badakit urtero aste bat pasatu zuela Jon Etxaideren etxean, Donostian, eta beste aste bat amaren etxondoan, Sorhüetako Xahoenenean. Oroitzen naiz denbora hartan Aljeriatik itzulia nintzela, amaitua zela hango gerratea Igela sortu genuenean”.
Jon Mirande eta Txomin Peillen, Parisen sortu bi euskaldunak Frantziako hiriburuko kultura giroan murgil eginik. “Parisko giroa garai hartan intelektuala zen. Intelektualak, berriz, Sobiet Batasunaren alde ziren, Jean-Paul Sartre ororen buru... Mirande lanbide aspergarrian ari zen lanean, soldata txiki batekin, baina harrokeriaz, esnobismoz, ez zuen ikasketarik egin nahi, nik ez bezala, bai, irakasle eta titular izateko ikasketak egiten ari nintzen. Paris badakigu zer den, orduan ere bazen besta franko, baina gure bion bestak liburuak ziren. Hala ere, udan, Zuberoan herriko jaietan ibiltzen nintzen, eta aste bat pasatzen nuen Donostian Gotzon Egañaren familiaren etxean, arrotz”. Horrela zirela lotu zitzaizkion bi lagunak idazteari. Jon Mirande 1947. urtean hasi zen idazten, ondoko urtean Txomin Peillen, Txinako kondairaren baten itzuli, haurrentzako ipuinak asmatu eta idatzi, zenbait poema, eta Gauaz ibiltzen dena eleberria, 1953an idatzi zuena. Ordurako, abiarazia zuen bigarren eleberria, Itzal Gorria. Eta, 1962an, Igela aldizkaria hasi ziren egiten. “Euskaldunen eta espainolen zentsurak bultzatu gintuen horretara. Euzko Gogoan artikuluak baztertu zizkiguten, bai Miranderi eta bai niri. Koldo Mitxelenak, berriz, Miranderi idatzi zion esanez ezin zela edozer argitara Eganen, bestela akabo zela aldizkaria”.
Garai hartako bi aldizkari nagusietan idazlanak argitaratzea ukatu zietenez, Igela sortu zuten. Lehenengo zenbakian, 1962ko otsailekoan, irakurri dugu argitalpenaren asmoa, Heterodoxoen xede eta egingai bereiziak artikuluan: “Gure mundu txar hau apostolu gaiztoz betea da. Batak laguna terrorismu egitera bultzatzen du, berak ezer egin gabe; besteak otsemaiten zaitu bertutera, berak aplikatu egin gabe. Igelak ez du iñor, ezetara, deusetara bultzatzen salbu eta pentsatzera predikatzen digutenek, ongiaren bidean, ez dutela guk bezain beste egiten”.
“Jende askok, pertsona anitzek, paradisu bat itzematen dizute. Guk, ordea, infernu bat eskaintzen dizutegu, pozez eta alegrantziaz erre gaiten (…) Zer da bizitzea atseginik eta plazerrak kentzen bazaizkio? Merezi aal du bizitze izena? (…) Bizitze atsegingarriena da, zuurtzia izpirik gabe, joaiten dena”, Erasmusen aipu horrek biribiltzen du aldizkariaren heterodoxia gogoa.
Umoretik jo zuten, Filosofiak eta gaineratekoak alde batera utzirik. “Mirandek esan zidan euskaraz Filosofia hiztegia ez zela nahikoa garatua. Nik, orduan, Igela egitea eskaini nion, errusiar lagun batek Moskuko Krokodilia aldizkaria erakutsi zidalako. Mirandek Madrilgo La Codorniz zuen, eta nik Mad, AEBetakoa”. Horien bidetik helduko zen euskarazko Igela. “Errusiarrek Krokodilia, espainolek La Codorniz, animalia bana hautatu zuten beren aldizkariei izena emateko. Guk, Igela. Mirandek olerki bat egina zion igelari, nola ilargi janez hil zen bat, eta gure igela ‘euli faltaz’ [diru faltaz]. Bestalde, badirudi igelak, ahoa zabal-zabalik, barre egiten duela, eta kantatzen duenean erlijio letania bat bezala egiten duela. Hortik Igela izena”. Aldizkari ‘heterodoxoa’ omen. “Izen hori ezarri genion izenburuaren ondoan, Euskal Herriko kultura denbora hartan, ortodoxia katolikoaren pean bizi zelako”.
Umorezko aldizkaria egitea hartu zuten helburu. “Erabaki genuen herri baten heldutasunerako beharrezko zela autokritika, ezen diktaduretan ere egiten baitzen autokritika, hala Errusian nola Espainian bertan ere. Horra La Codorniz aldizkariak frankismo garaian egiten zuena, esate baterako. Bestalde, horretarako umorea behar zen, gure iritziko, bederen”. Bidea egiten hasi eta ez ziren bakarrik izan, izan baitzuten zenbait sostengu. Bigarren zenbakian irakurri dugu, Afrika Baionan hasten idazlanean: “Exker mila, bere huts larrien gatik, Igela-ri konfiantxa egin duteneri; abonatueri eta berhiziki ohorezko abonatueri hala nola Karl Bouda jauna, Erlangen-eko Unibertsitatean irakasle, Beñat Possompes jauna Paris-ekoan irakasle, Haritschelhar jauna, Musée basque-ko buruzagiari, bai eta Gueraçague, Ibarrondo, Echaide, jaun andereri. Beren adiskide kritikez baliatuz Igela beti obetzen entseiatuko da, egin dioten ohorea merezitzeko”. Artikulu honek, dena den, lehen zenbakiari etorri zitzaizkion kritikak pekoz goratzea zuen helburua, idazkiaren hasiera gozo hori gorabehera.
Lanean hasi ziren, Peillenek egiten zuelarik lan material guzia. “Grapatzea, postatik igortzea, ordaintzea… Izan zen, hala ere, Mauleko biarnes bat, Teule jauna, hein batean lagundu ninduena. Bazuen makina ttipi bat, inprimagailua, eta han inprimatzen genuen Igela. Prentsa banatzen lan egina zen, eta Parisko kai harresietan liburu saltzaile, sasoi hartan”. Aldizkariaren lehen alean ere jasoa dago eskertza, frantsesez eta gaztelaniaz argia ikusi zuten bi artikuluetan. “Len eta azkena frantsesez”, “Len eta azkena erderaz” diote, nahiz eta 6. alean ere, azkenekoan, izan zen frantsesez argitaratu zenik. Geurea dugu itzulpena: “Eskertzen ditugu adiskide bizkaitar, gipuzkoar, zuberotar eta nafarrak, beren konfiantza eta laguntzarengatik. Eskerrak ematen dizkiogu Parisko zuberotar ‘bukinistari’, atergabeko laguntza eta bultzadaren bidez Igela argitaratzea egia bilaka dadin lagundu baitu”.
Teule jauna ez zen zuberotar bakana Frantziako hiriburuan. Zuberotarrak baziren, euskaldun askoren artean, Peillen oroit denez: “Parisen denak ez ginen zuberotar edo ondokoak. Zioten, euskaldunak lau milatik goiti ginela han. Bazen burgesia aberats talde txikia erdaldun edo euskara galdurik, baina abertzale amorratuak ziren besteei aholkatzen euskaraz hitz egin behar zela eta nola eta zer idatzi. Zuberotarrek talde zaharra zeukaten. Eskualduna zen haren izena. Dantzaldiak Eskual Etxe santutik kanpo ematen zituen, eta diruarekin haurrei udako euskal bidaia ordaintzen. Burgesek zioten, gaitzespenez, Mauleko espartingileak zirela, “les sandaliers de Mauléon” baina horiek ia denak euskaldunak ziren eta beren artean beti euskaraz ari. Burgesek zioten zuberotar neskak prostituzioan ariko zirela, baina prostituzioaren arriskua Xarritonek eta beste apezek aipatu zuten, Eskual Etxearen egiteko aitzakia eta kontrol bezala. Sexu turismo mota hori praktikatu zuen Jon Mirandek, eta, behin baizik ez zuen Donibane Garazi aldeko neska bat aurkitu. Garai hartan, euskaldun zaharrenek eliza-mutil, hoteletako zerbitzari, neskame… lan egiten zuten, eta, bakan batzuek polizia lan egiten zuten. Gazteagoek ostatuak kudeatzen. Gero ostatuak erosi zituzten eta aberastu ziren. Zuberotarrak ginen Mirande eta biok ere, baina gu, Igela egiten. Mirandek zer egiten zuen? Gure izterbegiei erantzun, eta aldizkarian idatzi, umore beltza –horra, adibidez, Euskaldun zintzoen balada–, sadismoa, lapurreta egiteko moduaz... Inoiz ez genuen ezer argitaratu gabe utzi, nik dakidanez, gogorregia zelako, edo beste arrazoiren batengatik. Nik ere umorezko eskaintzak egiten nituen, eta testu zahar faltsu bat ekarri aldizkariaren orrialdeetara nire Jon Dane Akherruneren bizitze saindua”. Trufaren bidean abiatu ziren. “Herri literaturatik, hein batean. Azken zenbakietan herri literaturazko kantu, bertso eta beste argitaratu genituen”.
Sei zenbaki kaleratu zituzten. Orduan, utzi zioten argitaratzeari. Dirurik eza, batetik; kritikak, berriz, bestetik. Tartean, Enbata aldizkaritik heldu zitzaizkienak, eta erantzun zituztenak, 4. zenbakian irakurri dugunez: “[Enbatako politikari argituek] nehondik eta nehola ere ez dadukate eskubiderik geuk hautatu dugun zuzenbidean (euskarazko idazkuntzan) guri leitzione egiteko. Horregatik gure bigarren numeroan garbiki erran genduen zer pentsatzen dugun gutzaz egin zuten aiphamen hypokritaz (…) Geu Enbatakoak bezainbat euskaldun nazionalista gara eta hek nazionalismua ediren baino lehen hala ginen. Halarik ere, ari diren bidetik jarraikiz –hemen ere, heien jokhabide morala aiphu dut, ez heien politikaren egia edo gezurra–, uste dugu on baino kalte gehiago egiten ari zaozkiola gure Herriari. Horrengatik, gu ere aholku emaileetarik bagina, gure aholkua heiei hauxe lizateke: ‘pour une auto-suppression d’Enbata’”.
Mirandek eta Peillenek sinatua dator artikulua. Zirimolaren erdian beti aldizkaria, amaiera arte Txomin Peillenek esan digunez: “Eta utzi nuen Igela argitaratzea, gure hogeita bost harpidedunekin eta subentziorik gabe diru galtzen ari nintzelako. Bestela ere, Miranderi esan ondoren uzten nuela aldizkaria berriz egitea, berak, lehenagotik zeuzkan Igelaren azalak baliatu, eta eskuin muturreko usaina zerion azken alea, ni abisatu gabe, eman zuen inprimaturik, justuki Goulvenn Pennaod naziak inprimaturik. Azken ale hura ez nuen nik banatu. Eta bi hilabeteren buruan nuen ikusi. Orduan izan genuen hotzaldia gogortu zen geroago, Hitlerren ‘kultura’ politikoaren kontra gaizki esan nuelako ere. Mirandek Ibiñagabeitiari idatzi zion ez ninduela gehiago ikusten… Andimaren heriotzatik landa berriz gonbidatu genuen emazteak eta biok”.
50 urte iragan dira eta Txomin Peillen ez da damu. Bertan behera utzi zuten Igela sei zenbaki egin eta gero. “Damurik ez. Eskarmentu hartaz zerbait gorde dut, bigarren mailako idazle egiten nauana: hogeita zenbait literatura libururen artean, bost umorezko eleberri gehi hogei bat ipuin eman ditudalako… Bestalde, ondotik etorri ziren Napartheid eta Ostiela! Baina gure aldizkaria baino askoz hobeki eta giro askeago batean ausartago jokatu zuten...”.
Ituren (Nafarroa), 1777. Erramun Joakin Sunbil (1755-1821) arotza Donamariako Joana Mari Ezpondarekin ezkondu zen. Ia 40 urte eman zituzten ezkonduta, Joana Mari 1806an hil zen arte. Eta tarte luze horretan, noizbait, Iturengo arotzak santu baten kobrezko estatua urtu omen zuen... [+]
Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]
Antropologo eta ingeniaria den Yayo Herrerok dioen bezala, datu bat da. Horren jatorria ulertzeko erraza den baieztapen xume batean laburbil daiteke: Lurra agortzen ari da.
Gaia konplexua da. Ikuspegi asko daude, interesak gurutzatzen dira, informazioa desinformazioarekin... [+]
Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]
Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]
Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]
Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula... [+]
Hainbat talde "neonazik" azkenaldian Irunen zabaltzen ari dituzten mezuak salatu dituzte asteazkenean Harrera Sareak eta hainbat kolektibok herrian. Eskuin muturreko "auzo patruilak" antolatzen ari direla salatu dute, eta hauek jendearen jatorriaren arabera... [+]
Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzitako sententzia salatzeko prentsaurreko bateratua egin dute Bilbon. Sententzia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela... [+]
Egun EH Bilduren esku dagoen udalak ia milioi bat euro itzuli beharko lioke foru erakundeari, duela hamairu urte, EAJ agintean zenean, diru-laguntza bat ez zelako behar bezala erabili, baizik eta iruzurra egiteko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi duenez. Eskaerak erabat... [+]
Eusko Jaurlaritzako Ogasuneko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak barne txosten bat egin zuen Ertzaintzak jaso dituen 300 BMWen esleipen kontratuaren hainbat baldintza kritikatzeko. Ezarritako baldintzak zehatzegiak eta murriztaileegiak zirela salatu du ogasunak, eta horrek enpresa... [+]
Bi aste barru hasiko diren hiriko jaietan txosna jartzen utzi ez dietela salatzeko kanpaldia egin nahi zuten Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Andre Maria Zuriaren plazan. 20:30ak aldera, ertzainak oldartu egin dira kanpaldian zeudenen aurka, eta bi... [+]
Milaka pertsonak modu aktiboan parte hartu dute, eta hala jarraitzen dute, XXI. mendeko holokausto telebisatu handienaren aurka protestatzeko, eta pertsona horiei errespetu eta miresmen handiena zor diet. Baina, gizateriaren zoritxarrerako, askoz gehiago dira, egoerarekin... [+]
Jarduera ekonomikoak sinplifikatzeko eta lehiakortasuna indartzeko aitzakiarekin, Europa mailan baita Europar Batasuneko hainbat estatutan ere, klima, ingurunea eta giza osasuna kaltetuko dituzten legeak biderkatzen ari dira 2024tik, askotan interes pribatuen lobbyen eraginpean... [+]