48 orduko greba Osakidetzan

  • Osakidetzaren eta sindikatuen arteko gatazka ez dago konponketatik hurbilago iazko udazkenaren hasieran zegoena baino. Langileen ordezkarien funtsezko eskari gehienei muzin egin die Osakidetzak, eta egindako eskaintzak onartezintzat jo dituzte sindikatuek. Hala, 48 orduko grebara deitu dute, asteazken gaueko 22:00etatik hasita.


2015eko apirilaren 22an - 11:52
Iazko mobilizazio bat (Arg.: Barakaldo Digital-CC By).
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Grebaren atariko gisa, sindikatuek manifestazioa egin zuten apirilaren 18an, Bilbon. Ordu batzuk lehenago, Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusiak eta Jose Maria Armentia giza baliabideen zuzendariak neurrigabekotzat jo zituzten bai mobilizazio hura bai greba deialdia, prentsaurrekoan.

Osakidetzako lan baldintzak Espainiako Estatuko beste osasun zerbitzu batzuetakoak baino hobeak direla aldarrikatu zuten Etxeberriak eta Armentiak. Sindikatuen zenbait eskari, asteko 35 orduko lanaldia berreskuratzea esate baterako, une honetan ase ezinak direla esan zuten, halaber. Nolanahi, Osakidetzak hilabeteotan egindako eskaintza ona dela defendatu zuten, eta kritika egin zieten sindikatuei, aintzat ez hartzeagatik

Akordiorako aukera egon badagoela adierazi zuten Osakidetzako ordezkariek. Zehazki, apirilaren 20an egindako mahai sektorialaren emaitzaz itxaropena agertu zuten.

Mahaiak ez zuen aurrerapenik ekarri, ordea, eta sindikatuek 48 orduko greba deialdiari eutsi diote.  

“Lan eskaintza ipini digute mahai gainean, baina oso eskasa da, lanpostu gutxi eskaini dituzte, eta ez lan kategoria guztietan”, esan digu LABeko Edurne Agirrek. Gogoan izan behar da Osakidetzak 26.000 inguru langile finko dituela, baina aldizkako lanaldiekin –baja eta oporretako ordezkapenak, behin-behineko zerbitzu indartzeak…– 32.000ra ere iritsi izan dela. Aldi baterako langile kopurua asko txikitu da azken urteetako murrizketen ondorioz. Guztira 3.000 lanpostuko galera kalkulatu dute sindikatuek, eta hain zuzen horiek berreskuratzeko eskaria egiten dute. Edurne Agirrek esan digunez, Osakidetzaren eskaintza ozta-ozta iristen da 1.000 langilera.

Beste eskari garrantzitsu bat garapen profesionalari dagozkion ordainketak egitea da (ikus azalpena hemen). Osakidetzak eskaini du berriro heltzea ordainketa horiei 2015eko urritik aurrera, baina ez du onartu azken urteetan kobratu gabe geratu direnei  –8.000 langile inguru– zor zaiena ordaintzea.

Bajagatiko ordezkapenak bajaren lehen egunetik egiteko ere eskatzen dute sindikatuek. Une honetan, zazpigarren egunera arte ez da ordezkapenik egiten. Osakidetzak laugarren egunetik aurrera egitea eskaini du, baina sindikatuentzat ez da nahikoa. Momentuz ez da akordiorik erdietsi.

Kontzentrazioak ostegunean, manifestazioa ostiralean

Desadostasun horien eta beste batzuen ondorioa izango da gaur abiatuko den bi eguneko greba. Lanuztearekin batera, sindikatuek hainbat mobilizaziorako deia egin dute:

Gaur kontzentrazioak egingo dituzte Gurutzetako (Bizkaia) eta Santiagoko (Araba) ospitaleetan, eta Osasun Sailaren Gipuzkoako ordezkaritzan, Donostian.

Bihar, berriz, manifestazioa egingo dute Bilbon, Arriaga antzoki paretik irten eta Bihotz Sakratuaren plazaraino. Mobilizazio guztiak eguerdiko 12:00etan hasiko dira.


Osakidetza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.