Gatazkarako sendabiderik ez oraingoz

  • Ez da sekula gozoa izan, baina Osakidetzaren eta sindikatuen arteko harremana sano gaiztotu da aurten. Funtzio publiko osoak krisia hasi zenetik jasan duen murrizketei EAEko osasungintzako gatazka zehatz batzuk gehituta, herritarrok larrutik ordainduko dugun egoera sortu da. Ez dirudi, gainera, erraz aurkituko denik adostasunerako errezeta.

Kalitatezko Osakidetzaren aldeko manifestazioa.
Kalitatezko Osakidetzaren aldeko manifestazioa.Satse

Osakidetzako sindikatu gehienek ekainean iragarritako mobilizazio egutegiak bere horretan dirau. Irailaren 15eko mahai sektorialaren bilera zen udazkenaren aurretik gatazkari konponbidea emateko azken aukera, baina emaitza guztiz kontrakoa izan zen: sindikatu guztiak mahaitik altxatu eta alde egin zuten, Osakidetzako zuzendaritzaren eskaintzak irrigarritzat joz. Hiru egun geroago, hamabi orduko itxialdiak egin zituzten EAEko ospitale nagusietan, uda hasieran egindako deialdiari eutsirik. Horrela hasi zen alde bien arteko hurbilketarik ezean luze joko duen mobilizazio sorta. Momentuz, ia ziurtzat jo daiteke urriaren 4an manifestazioa egingo dela, eta hilaren 30etik aurrera lanuzteak egiteko deia berretsi dute sindikatuek.

Krisiaren ondorioz administrazioek ezarritako zenbait neurri dira gatazkaren erroa. ELA-Osakidetzako arduradun Pello Igeregik esaldi gutxi batzuekin laburtu digu sindikatuek salatu nahi duten egoera: “Osakidetzak murrizketa izugarriak aplikatu ditu azken lau urteotan, batzuk Madrilen aginduak betez, beste batzuk bere kabuz. Ondorioa da langileek eroste ahalmenaren %17 inguru galdu dutela denbora tarte horretan. Gure kalkuluen arabera 3.000 lanpostu galdu dira; lanaldia luzatu da eta lan kopurua handitu. Argi dago horrek zerbitzuaren kalitateari eragiten diola. Azkenik, Osakidetzak apirilean erabaki zuen Garapen Profesionaleko deialdia geraraztea”. Zazpigarren orrialdeko koadroan duzue azken esaldi horri buruzko azalpena.

Diru gutxiago etxera

Osakidetzako langileek jasaten dituzten murrizketetako asko gainerako funtzionarioek jasaten dituzten berak dira. Soldatei dagokienez, Espainiako Gobernuak 2010ean eman zien lehen kolpea, artean Zapatero buru zelarik: %5eko jaitsiera ezarri zuen, dekretuz. Geroztik, izoztuta izan dira soldatak. Eta EAEren kasuan, gainera, Itzarriren pentsioetarako osagarriak kendu zaizkie langile horiei.

“Itzarri Eusko Jaurlaritzaren pentsio plana da”, azaldu digu Igeregik, “kendu arte hortik zetorren soldaten %1. Momentu batean Madrilek erabaki zuen ezin zela pentsioetarako osagarririk egin administrazio publikoetan, baina EAJk adostasuna lortu zuen, emendakin baten bidez, ekarpen horiek berriz egin ahal izateko”. ELAk, eta gainerako sindikatuek, salatzen dute baimena berreskuratu arren Jaurlaritzak ez duela borondaterik izan Itzarriko ekarpenak egiteko berriz. Bitxiena da berez Itzarriren ereduaren aurka dagoela ELA. Baita LAB ere, funtsean “langileok ordaindu behar dugun aseguru pribatua delako, Gizarte Segurantza ordezkatu nahi duena”, sindikatu barruko Osakidetzako arduradunak, Edurne Agirrek, esplikatu digunez.

Zenbat langile behar ditu Osakidetzak?

Euskal Herriko enpresa handiena da Osakidetza (juridikoki pribatua da, funtzio publikoa bete arren). Ia 26.000 langile finko ditu, egiturazkoak, esan dezagun. Horietako bakar bat ere ez da galdu azken urteetan; Osakidetzako zuzendaritzak sindikatuen salaketei erantzuteko erabiltzen duen argudioetako bat da hori. “Enplegu publikoarekin konpromiso irmoa daukagu eta 26.000 lanpostu horietako bakoitza mantenduko dugu. Gainera, langile kopurua handitzeko asmoa dugu”, erantzun dio Osakidetzak horri buruz egin diogun galderari. Alta, sindikatuen protestaren muinean daudenak ez dira langile finkoak, aldizkakoak baizik.

“25.800 langile finko daude, baina horiez gain  badira beste milaka batzuk”, diosku Edurne Agirrek, “esan dezakegu langile kopuru funtzionala 32.000 ingurukoa dela”. Aldea behin-behinekotasunean aritzen diren langileetan dago; kasu batzuetan urtean seitik bederatzira hilabete bitarteko lana izaten zutenak, bajan edo oporretan zeudenak ordezkatzen edo garai jakinetan zerbitzua indartzen. Iraganean darabiltzagu aditzok, murrizketen ondorio larrienetako bat, sindikatuen berbetan, ordezkapenetarako gero eta langile gutxiago kontratatzea baita. Lehen bederatzi hilekoak ziren lanaldiak ozta-ozta iristen dira hilabete bat edo bira, Agirreren hitzetan. Eta kategoria guztietan gertatu da: mediku, erizain…  

ELAk uste du Osakidetzak %7ko behin-behinekotasun tasa eduki beharko lukeela gehienez, eta gainerako langileak –32.000 horiez ari gara– egiturazkoak direla onartu; noizbait haien lana baliatu izan bada, beharra dagoelako da. Horren ordez, ordezkapenak gutxitu eta langileen lanaldia handitu da: urtean 1.592 ordukoa zen lehen, 1.614koa orain. Osakidetzak dio sindikatuek kexatzeko arrazoirik ez dutela, testuinguru orokorra zein den kontuan izan behar bailukete. Lanaldia funtzionario guztientzat zabaldu da, ez Osakidetzakoentzat bakarrik. Bestetik, Espainiako estatuko gainerako erkidegoekin konparazioa egiten du Lakuak, protestan ari zaizkienen aldarriei indarra kentzeko. Diotenez, zenbait osasun zerbitzutan 1.650 ordura zabaldu da urteko lan ordu kopurua.  

3.000 lanpostuak eta Deloitteren auditoria

ELAk bere kabuz egindako kalkuluaren arabera –Osakidetzari gardentasun eskasa izatea eta datuak atxikitzea leporatzen diote, izan ere–, ordezkapenak gutxitu izanaren emaitza “3.000 lanposturen suntsipena da”. Duela hilabete inguru ezagutu ziren Deloitte enpresak Osakidetzari egindako auditoriaren emaitzak, eta sindikatuak dio euren kalkuluak baieztatzen dituztela guztiz: ia 1.500 desagertu ziren 2012tik 2013ra.

Osakidetzaren erantzuna sinplea da: langile finkoen lanaldia handitzen bada, logikoa da behin-behineko lanpostu gutxiago egotea. Iraila hasieran ELAren salaketei erantzuteko kaleratutako prentsa oharrean, Osakidetzak alarma soziala piztea egotzi zion sindikatuari. Pello Igeregik ez du dudarik: “Jakina alarma piztu nahi dugula! Osasun publiko sistema ona nahi dugu, eta bai langileak bai gizartea ohartarazi nahi ditugu suntsiketa hau geldiarazteko mobiliza daitezen”.

ELGAren mailan jarri

EAErako osasun publiko sistema ona nahi du ELAk, eta oraingoz behintzat eduki baduela uste du Pello Igeregik. “Defendatu beharreko altxorra”, haren berbetan. Nola, ordea? Inbertsioa ELGAko (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea) herrialdeetako batez bestekoarekin parekatuz. “Gurera ekarrita, urtero 1.000 milioi euro gehiago gastatzea esan nahi du horrek”. Diru horren zati bat zertan erabili ere proposatu berri dute zehazki: 5.000 langile finko gehiago kontratatzeko eskatu diote Osakidetzari. “Makalen dabiltzan zerbitzuak (hortzak, osasun mentala, ginekologia…) hobetzeko balioko luke horrek”, dio Igeregik, “eta 250 milioiko kostua edukiko luke. Arratsaldez aprobetxatzen ez diren zenbait instalazio bikaini etekina atera ahal izango litzaieke, eta itxaron zerrendak asko murriztu”.

Konparazioa norekin egiten den, horra gakoa. Ispilutzat ELGA erabili du Igeregik, baina ohikoagoa da, EAEko egoeraren neurria eman nahi denean, Espainiako Estatuko beste autonomia erkidegoei begiratzea. Deloitteren auditoriaren inguruko ika-mika pil-pilean zebilen aste berean, esaterako, azterketa bat plazaratu zen, besteak beste Osakidetza estatuko osasun publiko zerbitzu onenen artean dagoela zioena. ELArentzat ez da konparazio baliagarria; Osakidetzarentzat bai, esan gabe doa.

Murrizketen eragina herritarrengan

Espainiako Estatuko zerbitzu onenetakoa izateari garrantzia ematen dion beste bat Juan Luis Uria da, osasun eskubidearen alde diharduen Osalde elkarteko presidentea. Harengana jo dugu murrizketek sortuko duten egoera herritarrek zertan igarriko duten galdetzeko. Murrizketek kaltea ekarriko dutela dio Uriak, nahiz eta beraren ustez ondorioak apalagoak izango diren sindikatuek salatzen dutena baino. Nolanahi, gauden-gaudenean haien mobilizazio deialdia erabat justifikatuta dagoela deritzo.

“Argi dago herritarrek murrizketen ondorioak igarriko dituztela zenbait arlotan. Batez ere, ospitale nagusietan. Behin-behineko kontratuekin betetzen ziren 5.000 plaza horiek ez betetzea larria da, eta nahitaez ekarriko ditu ondorioak. Gehienbat larrialdietako arreta espezializatuan, zenbait diagnostiko-probaren itxarote zerrendetan eta ebakuntzetan nabarituko da”. Hori dio Uriak. Haatik, salaketa egiteko orduan zuhurtziaz jokatzearen aldeko agertu da.

Berbarako, sindikatuak kexu dira murrizketek lehen arretaren kalitatea jaitsi izanaz, ospitaleko arretarena ez ezik. Uria ez dator bat: “Osakidetza osoak txarto funtzionatzen duela entzuten diet zenbait sindikatu eta alderditako ordezkariei. Osakidetzan txarto funtzionatzen du… txarto funtzionatzen duenak”. Hain zuzen, eta berriro ere konparazioa Espainiako Estatuaren markora eramanez, Osaldeko presidenteak uste du lehen arretaren kalitatea handia dela Osakidetza sistema onenen artean egotearen arrazoi nagusietako bat. Are gehiago, ordezkapen batzuk egiteari utzi bazaio ere, egoera zerbait hobetu da errezeta elektronikoa ezartzeari esker. “Erizainek batez ere, eta medikuek neurri txikiagoan, denbora gehiago daukate beste zeregin batzuetarako”.

Jarrera malguagoak nahi lituzke Osaldek

Irailaren 15eko mahai sektoriala baino lehenago mintzatu ginen Juan Luis Uriarekin. Haren hitzetatik ondorioztatu genezake bileraren emaitzak ez duela ustekabean harrapatu: “Urteak dira ezer negoziatzen ez dela. Sindikatuek ‘dena ala ezer ez’ politika jarri dute mahai gainean: galdu ditugun eskubide historikoak ematen ez badizkidazu atzera, grebara noa. Ez dizkizut emango, erantzuten die Osakidetzak. Eta sindikatuak altxatu egiten dira mahaitik”.

Altxatzen direnez. Esan dugu arestian: Osakidetzaren eskaintzak irrigarritzat jo dituzte, eta bat ororen gainetik: 60 lanpostu berri sortzeko zuzendaritzak agertutako konpromisoa. “Etorkizuna ilun ikusten dut”, dio Uriak, atsekabetuta. “Gaur egun erakundeetan ditugun agintariek defizitaren aurka borrokatzeari ematen diote lehentasuna, krisi garaian hain zuzen kontrakoa egin behar luketenean: osasungintza publikoan gehiago inbertitu, hori baita kohesio sozialaren zutabeetako bat, hezkuntzarekin eta gizarte babesarekin batera”. Oraingoz antipodetan daude Osakidetzaren eta sindikatuen jarrerak, baina Osaldek dio badela negoziaziorako eremurik: langileentzat pizgarriak (dirutan, formazioan, lanaren aitortzan…) eskaini behar lituzke enpresak, eta sindikatuek jesarri behar lukete horretaz hitz egitera, eskubide historikoak berreskuratzeagatiko borroka baztertu gabe.

Epilogoa

Kasualitatea zer den. Erreportajeari azken ukituak egin aurretik, herriko anbulatorioan izan da hau sinatzen duena, analisirako odola ateratzen. Besoan ziztada sentitzearekin batera, erizainari galdetu dio: “Miren, zer moduz lanean?”. “Bada, ikusten ari zara, bi gaude hiru behar ziren lekuan”. Irtetean ohartu da kazetaria, harrerako hiru langiletik bik “murrizketarik ez” dioen kamiseta daramatela. Udazken luzea dator.

Murrizketak zenbakitan

- Langileek eroste ahalmenaren %17 galdu dute sindikatuen esanetan. Osaldek dio %12 dela. Sindikaturen batek %20raino igotzen du kalkulua.

- 3.000 lanpostu galtzea leporatzen diote Osakidetzari, behin-behineko kontratuak egiteari uztearen ondorioz. ELAk dio guztira 5.000 lanpostu finko berri beharko lituzkeela Osakidetzak. Zuzendaritzak 60 lanposturen sorrera eskaini du azken mahai sektorialean.

- Urteko lanaldia 1.592 ordutik 1.614ra igo da batez beste. Langile batzuen kasuan, igoera 100 ordu ingurukoa da.

- Udan 1.171 ohe itxi izana salatu du ELAk, Osakidetzan dauden guztien %20. Ordezkapeneterako langilerik ez kontratatzearen ondorioz oporraldietan gero eta ohe gehiago ixteaz kexu dira orobat sindikatuak.

Garapen Profesionalaren etena ezbaian

Garapen Profesionala berriz martxan jartzea da sindikatuek Osakidetzari egiten dioten eskarietako bat. Kontua nondik datorren azaldu digu ELAko Pello Igeregik: “2005eta 2006 urteetan egundoko gatazka zegoen Osakidetzan, orduan ere sindikatu gehienak batuta. Hura geldiarazteko, Osakidetzak Garapen Profesionala martxan jartzea erabaki zuen. Hiru parametro hartzen dira kontuan: antzinatasuna, formazioa eta langile bakoitzaren arduradunak langile horretaz idazten duen txostena”. Hirugarren irizpidea guztiz subjektiboa dela azpimarratu du Igeregik; izan ere, ELA eta beste sindikatu batzuk –ez denak– Garapen Profesional eredu horren aurka egotearen arrazoi nagusietakoa da hori. “Kontrolerako tresna dela iruditzen zaigu; bestetik, ez dago norberaren merituak neurtzeko irizpide objektiborik”. Formazioari dagokiona ere auzitan jartzen du Igeregik. Edozein ikastaro motak balio du, eta batzuk oso kalitate txarrekoak izaten dira, haren esanetan.

Kontuak kontu, sistema abian zen Osakidetzak aurten eten duen arte. Hain justu, 2011ko deialdia –oraindik ebaluatu gabe zegoena, bestela beste Jaurlaritzan aldaketak tarteko –utzi du bertan behera. “Horrek esan nahi du langileen arteko diskriminazioa sortu dela Oskidetza barruan: Garapen Profesionalari dagokion zatia kobratzen dutenena eta kobratu ezin dutenena”, azaldu  digu Igeregik. Hori dela eta, sindikatu guztiek –ereduarekin ados egon ala ez– eskatu dute 2011ko deialdia ebatzi eta ordaindu dadin. “Horren ostean, sistema aldatzeko eztabaida zabaldu dadila nahi genuke”.

Osakidetzak adierazi digu gaiari buruzko proposamena egin zutela irailaren 15eko mahai sektorialean: “Hilabete batzuk lehenago eten izan behar genuen 2011ko Garapen Profesional prozesua burutzeko borondatea agertu genuen”. Bistan da, ez zela nahikoa izan sindikatuak mahaian jesarrita jarraitzeko.            

Bizkaiko osasun mentaleko arloaren gatazka

Sindikatuek murrizketen testuinguruan kokatzen dute azken asteotan mobilizazio ugari eragin duen Osakidetza barruko gatazka bat: Bizkaiko Osasun Mental arloaren berregituratzeari dagokiona. Bereziki, Zaldibarko erietxe psikiatrikoko 35 oheren itxierak haserretu ditu (argazkia bertako protesta batean eginda dago).

Osasun Mentaleko ospitaleetan ohe kopurua murriztuz joatea estrategia zabal bati dagokio, zeinarekin printzipioz sindikatuak ados baitauden: zerbitzua deszentralizatzea eta ahal den heinean gaixoak etxean edo etxetik hurbileko zentroetan arreta jasotzea da helburua. Alta, LABeko Edurne Agirrek dio erietxeetakoa ixten hasi direla tarteko egitura horiek oraindik behar bezala osatuta ez daudela. Zaldibarkoa murrizketen testuinguruan bakarrik ez, Osakidetza osoaren pribatizazio estrategia orokor batean kokatzen du Agirrek.

Hala esatea gehiegizkoa dela uste du, aldiz, Osaldeko Juan Luis Uriak: “Murrizketak murrizketak dira eta Osasun Mentaleko aldaketak ezin dira hor kokatu. Komeni da gauzak ez nahastea”. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osakidetzako gatazka
1.431 lanpostu sortzeak ez du Osakidetzaren plantilla handituko, ELA eta ESK sindikatuek salatu dutenez

Eusko Jaurlaritzak Osakidetzan iragarritako lanpostuak behin-behinean dauden langileen plazak formalizatzeko izanen direla esan dute ELA eta ESK sindikatuek.


Auzitegi Nagusiak berretsi du: geldirik jarraituko du Basurtuko bihotz kirurgiaren lekualdatzeak

Osakidetzak jarritako helegitea ez du onartu Euskadiko Auzitegi Nagusiak. Azaroan gelditu egin zuen Gurutzetara lekualdatze prozesua Arabako epaitegi batek.


2022-12-29 | Lide Iraola
Osakidetzako krisia
ESIko zerbitzuburuek bost eskakizun egin dizkiote zuzendaritzari

Zuzendaritza ospitale barruko kideez osatzea, mahai teknikoa osatzea langileen ordezkaritzarekin, "behetik gorako" lan ebaluazioa, langileen egonkortzea eta Onkologikoaren hitzarmen berriaren inguruan azalpenak jasotzea. Bost puntu horietan ardaztu dituzte... [+]


Sindikatuak protestara itzuliko dira, osasun sistema publikoaren alde

Osakidetzako sindikatu guztiek bat eginda, SATSEk, ELAk, LABek, SMEk, CCOOk eta UGTk deialdi bateratua egin dute abenduaren 22an zentro guztien atarian biltzeko. Opor garaiaren ondoren, protestak kalera eramatea ere aurreikusi dute.


Oposizioa haserre: nekagarria da Sagarduik galderarik ez erantzutea

Gidoi itxi-itxiarekin agertu da Osasun sailburua Legebiltzarrean, Donostia Ospitaleko egoeraren berri era xeheagoan ematera berez, baina galdera guztiak saihestu egin ditu. Oposizioko alderdi guztiek etengabe salatu dute lotsagarria eta larria dela jarrera hori izatea, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude