26 orduz etenik gabe euskaraz kantuan, munduko errekorra egin dute Zaldibian

  • Adin guztietako jendeak parte hartu du Zaldibiako antzokian 26 orduz, etenik gabe, Izan Kantuz herri erronkan. Azaroaren 10eko 18:00etatik azaroaren 11ko 20:00etara jardun zuten errekorra ezartzeko.

26 orduz euskaraz kantuan eman dute Zaldibian. (Arg.: Izan Kantuz)

2017ko azaroaren 13an - 17:00

“Erronka handia zen baina lortu dugu. Bai horixe! 26 ordu, 500 kantu eta 1.000 parte-hartzaile baino gehiago! Bejondeigula!”. Horiek dira Izan Kantuz herri erronkaren antolatzaileek plazaratu dituzten lehen hitzak. 26 orduz etenik gabe euskaraz abesteko erronka ofiziala da, eta Official World Record erakundeak ziurtatu du dagoeneko. Bukaera hunkigarria izan du ekitaldiak, Kataluniari keinu eginez, Agure Zaharra abestu baitute antzokian bildutako guztiek. Euskal Herriko herri guztiak animatu dituzte erronka gainditzera: “Gustura emango diegu lekukoa”.

Izan Kantuz taldeak nabarmendu du herri erronka bat proposatu zutela eta herriak bere egin duela:  “Belaunaldien arteko transmisioa eta euskarazko kantagintza oinarri hartuta, herri oso bat kantuan jartzea lortu dugu. Herri nortasunaren eramaile izan da kantagintza Euskal Herrian, eta XXI. mendean, osagai horiek guztiak berreskuratu eta etorkizunari begira jartzea lortu dugu”.

Antolatzaileek sei hilabete eman dute dena prestatzen eta oso pozik agertu dira emaitzarekin: “Balorazioa bikaina da, ederra, gogobeteta gaude egindakoarekin”.

Lorpena behar bezala erregistratua gera dadin, Official World Record elkartearen onespena behar zen, eta hori da David Ventura elkarteko kideak bere testigantzarekin ziurtatu duena, “aurrez ezarritako baldintza guztiak bete baitira”.

Erronkak iraun duen bitartean, hainbat pertsonaia ezagun ere pasatu dira Zaldibiako antzokiko oholtzatik: Jose Mari Agirretxe Porrotx, Maider Zabalegi, Mikel Markez, Zuriñe Hidalgo, Jon Urdangarin, Aitziber Garmendia eta Iker Galartza, eta Xabier Saldias eta haren taldekideak, besteak beste. “Zuei ere eskerrak, erronka hau lau haizetara zabaltzen laguntzeagatik”.

Flickerreko helbide honetan jarri dituzte ekitaldiko dozenaka argazki eta beste honetan bideo guztiak ikusgai. Hala ere, antolatzaileek hainbat bideo aukera nabarmendu dituzte: zuzeneko emisioa, Zuriñe Hidalgo abeslariarekin egindakoa eta lehen hamasei orduen laburpena.

 

 

 

Argazkia: Izan Kantuz

 

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kantagintza
2024-02-04 | Castillo Suárez
Kaseteak

Iaz Braham bat ezagutu nuen Delhin. Harritu ninduen garagardoa maite zuela eta gaztelaniaz bazekiela. Nire adintsuko zela esango nuke, baina makil baten laguntzaz ibiltzen zen, poliki. Ea zergatik zekien gaztelaniaz, galdetu nion, eta berak umetan Julio Iglesiasen kaseteak... [+]


Maite Idirin kantari hilberriari azken agurra egingo diote asteazkenean Angelun

Maite Idirin abeslaria urtarrilaren 20an hil da. Angelun bizi zen, eta asteazkenean 10:30ean izango da ehorzketa meza. Euskal kantagintzaren ahots ezagunenetakoa izan da. Emakumeen eskubideen alde borroka egin zuen bere bizialdian.


Fernando Unsain musikari, kantari eta ikusentzunezkoen produktorea hil da

78 urterekin iktus baten ondorioz hil da Donostian Fernando San Jose Arze, kultur munduan Fernando Unsain izenez ezagutua. Pertsona garrantzitsua izan da euskal kantagintzan, diskoen grabaketa eta produkzioan eta ikusentzunezkoetan. ARGIAk Fernando Unsainengan kolaboratzaile... [+]


2023-05-04 | Estitxu Eizagirre
Kantak herri baten historia josten duten hari balira?

Ziburuko Liburu eta Disko azokaren aperitif gisa, Hitzen Ahairea emanaldia eskaini zuten maiatzaren 3an Baltsan elkartean Gotzon Barandiaran idazle musikazaleak eta Rafa Rueda musikari literaturzaleak. Euskal kantagintzan barnako bidaiarekin gozatu zuten bertaratu ziren 40... [+]


Eguneraketa berriak daude