Egunotan, hezkuntzaren inguruko eztabaidak biderkatu diren honetan eta nahiko hausnartzeko denbora adina dugun honetan, eztabaida gai nagusienetako baten inguruan zenbait burutazio mahaigaineratu nahiko nituzke. Ukaezina da larrialdi egoera honetan nekez eman dakiokeela jarraipena hezkuntzaren fluxuari, eta horretan irakasle zein ikasleak ateratzen dira kalteturik, ikasleen hitzetan internet bidezko klaseak ez baitira aurrez aurrekoak bezalakoak.
Besteak beste, EAEko Hezkuntza Sailak eta Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren (Selektibitatea) atzerapena baieztatu dute, eta horrek ikasle askorengan ondoeza eragin du. Unibertsitaterako sarrera ahalbidetzen duen froga honen inguruko ika-mikak ika-mika, euskarari dagokion alderdiaren inguruko nire iritzia azaleratzea natorkizue.
"EAEko Euskarako azterketari dagokionez, egitura honakoa da: korapilatsuegia ez den testu bat, haren inguruko galdera pare batzuk eta 200 hitzeko idazlan bat. Kataluniako ikasleek egin beharreko Katalaneko azterketari erreparatuz, eta horixe EAEko Euskarakoarekin alderatuz, bata eta bestearen arteko aldeak zeharo nabariak direla erraztasunez antzeman daiteke"
EAEko Euskarako azterketari dagokionez, egitura honakoa da: korapilatsuegia ez den testu bat, haren inguruko galdera pare batzuk eta 200 hitzeko idazlan bat. Begirada kanpora zuzenduz, adibidez, Kataluniako ikasleek egin beharreko Katalaneko azterketari erreparatuz, eta horixe EAEko Euskarakoarekin alderatuz, bata eta bestearen arteko aldeak zeharo nabariak direla erraztasunez antzeman daiteke. Bertako ikasleek, esaterako, gramatika eta literatura katalanaren inguruko galderak erantzutera daude beharturik, hau da, urtean zehar jorraturiko gai eta alderdi desberdinak barneratu behar dituzte, idazle katalanak eta haien obrak barne, USE deiturikoan Katalaneko azterketan emaitza on samarra lortu ahal izateko. Honek guztiak agerian uzten du hizkuntzarekiko atxikipen eta konpromiso maila bertoko hizkuntzak dituzten lurralde desberdinetako erakundeetan. Askoren hitzetan Euskara irakasgaiko Selektibitateko froga ikasle guztiei egokitutakoa da, A ereduko ikasleak, noski, aintzat harturik. Argudio hau ulergarria izan daitekeen arren, neuri ez zait onargarria iruditzen, rolak irauliz, Gaztelaniako froga ez baitago D ereduko ikasleentzat egokituta. Berriz ere, horrelako bidegabekeriek argi uzten dute nortzuk diren bigarren mailako hiztunak eta nortzuk ez. Eskolan euskara erabiltzera ohitu direnek ohitura horiek aldatu eta Gaztelaniako irakasgaiaren maila altua lortzera behartuta daude. Aitzitik, A ereduko ikasleek ez dute zertan ahalegin handirik egin euskarazko maila duin bat izatearren unibertsitatera sartzeko garaian. Guzti honi aurre egiteko, Nafarroa Garaiko kasua eredu ona izango litzatekeelakoan nago; izan ere, A eta D ereduko ikasleei, eredu bakoitzari egokitutako froga egiten zaie. Hala ere, egokiena Euskarako frogari hizkuntzak merezi duen duintasuna ematea izango litzateke ikasle guztien kasuan, Kataluniako ereduari jarraituz.
Bestalde, Ipar Euskal Herriko ikasleen auzia dugu. Frantziar Iraultzatik gaurdaino garatu eta inposatu den frantses nortasun eta hizkuntzaren gailentasunak eragindako euskaraz ikasteko zailtasunak ezagunak dira, oinarrizko hezkuntza mailetatik unibertsitateraino. Esanguratsua da, adibidez, Seaskan irakasgaiak euskaraz har daitezkeen arren, Baxoa egiterako garaian, Matematika eta Historiako irakasgaiak (eta Euskarakoa, noski) baino ezin egin ahal izatea euskaraz, eta, beraz, unibertsitatera sartzeko froga horretako atal gehienak frantsesez egitera behartuta egotea. Argi dago Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikasleen artean ere mailaketa bat dagoela ikasle euskaldunen eta erdal elebakarren artean. Frantziako Estatuak, ordea, ez dirudi egoera aldatzeko ahaleginak egiten dituenik, eta afera honetan aurrerapenen bat egin bada, Ipar Euskal Herriko ikasle, irakasle, antolakunde eta familia euskaltzaleen presio eta aldarrikapenei esker izan da, zalantzarik gabe, Baxoa Euskaraz lelopeko aldarrikapena nagusitzen delarik.
"Argi dago Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikasleen artean ere mailaketa bat dagoela ikasle euskaldunen eta erdal elebakarren artean. Frantziako Estatuak, ordea, ez dirudi egoera aldatzeko ahaleginak egiten dituenik"
Aipaturiko guztia aintzat hartuz, nabarmena da Euskal Herri osoan zehar bi ikasle multzo aurki daitezkeela. Alde batetik, lehenengo mailakoak: hizkuntzari dagokionez, ikasteko inongo arazorik ez dutenak. Bestetik, bigarren mailakoak: askotan beren ama hizkuntzan (edo soilik hobeto menperatzen duten hizkuntzan) ikasteko oztopo eta zailtasunak aurkitzen dituztenak. Norberak bere ondorioak atera ditzala eta, bere buruari erreparatuz, erabaki dezala zein taldekoa (izan) den. Aurretik ere eginiko alderaketetara itzuliz, eta beste hezkuntza sistemak kontuan hartuz, behar bada, gure agintariei ausardia eskatu beharko genieke, euskararen normalizazioa zazpi probintzietako ikastetxeetara irits dadin behingoz, eta guk, euskal hiztunak garen aldetik, bigarren mailako ikasle eta biztanle izateari utz diezaiogun.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Komisaldegian paper batzuk eman dizkidate. Izerdi tanta bakarra dakit bekokian behera bularreraino, piztu aire girotua, mesedez. Parrandan ondoegi pasatzearen asuntoak, hurrengo goizean galdutakoak salatu beharra. Inozo aurpegidun munipa batek hurrengo asterako zita eman ahal... [+]
Lau hilabete daramatzagu greba mugagabean, hitzarmen propio baten eta lan-baldintza duinen alde. Lau hilabeteko greba honetan, udaltzainek piketeetan bortizkeriaz zapaldu gaituzte, hirian jarraitzen gaituzten eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzten polizia... [+]
Urtebetetzeek eta urte aldaketek pilaketa bidezko eragina dute: alegia, banaka, gertatzen direnean, nik ez dut ezer sumatzen. Urtebetetzeetan, ondo xamar egin badut segundo batzuez olgatzen naiz (nire baitarako), nire garunaren zati batek ezin dio utzi zoriontzen dutenean... [+]
Etxe pareko lokala itxita, obretan, zerbait berria irekiko dutelako susmoa. Ez da izanen mertzeria bat, ez eta loradenda bat. Kasurik onenean taberna bat, ohikoa, auzokoa, eta txarrenean gastrobarra edo specialty cafe bat. Ez duzu dirurik bost euroko kafea erosteko. Ez duzu... [+]
Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]
Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu
Gaztetxo bati lehen mugikor adimentsuak eskaini beharko liokeena zer izan beharko litzatekeen hasi naiz pentsatzen. Nork daki, beharbada ordenagailuetarako Luberri edota Txikilinux sistema eragile libre euskaldunak sortu ziren bezala, mugikorretarako garatu liteke Linage... [+]
Inoiz Erdi Aroko etxe museifikaturen batean egon bazarete, etxeko altzarigintza egurrezkoa, berniz ilunekoa eta dekorazio landuarekin egina zela konturatuko zineten. Eta etxearen dekorazioari dagokionean, deigarriena da zeinen altzari gutxi zituzten edozein gela motan, baita... [+]
Bilboko 13 konpartsek iragarri dute ez dutela Coca-Colarik salduko Aste Nagusiko txosnetan. Instagramek albiste horri buruzko Deiaren argitalpena iradoki zidan, eta iruzkinak hiru multzotan sailkatuko dizkizuet: konpartsei isekak, halako ekintzek eraginik ez dutela... [+]
Uda honetako erronka omen sare sozialetan: kaka egitea igerileku publikoetan. Ohikoak dira jokabide zikinak sare horietan, eta batzuek beren gorotz fisikoa libratzea, ororen begi-bistan eta eskura, honezkero gaina hartu digun zikinkeria digital erraldoia hezurmamitzea besterik... [+]
Liburuak hasi, utzi… begietatik garunera nagi doaz esaldiak, eta itzali ezin dudan tik-tak bat entzuten dut. Ikus-entzunezkoak pikatzen ari naiz.
Entzun dut burpee, eta Llados, eta body count, eta nahi duzulako zara pobrea, eta Milei, eta Thiel, eta unibertsitatea... [+]
Bolo-bolo dabiltza gugandik zenbait kilometrotara gertatutako pogromoak, hamarkada luzetan −mendez mende− zilegituriko arrazismoa oinarri dutenak. Palestinan, Torre Pachecon eta Hernanin, arazoa antzekoegia da, intentsitate ezberdinez bada ere. Moroak dira behe-laino... [+]
Euskararen balizko etorkizunari buruzko ikerketa bat ezagutzera eman da berriki, eta zalaparta eragin du bertan irudikatzen den paisaia beltzak. Asaldamendu hori auzitan jarriz abiatuko dut nire ekarpena. Zergatik da harrigarria datu hori? Zein mundutan bizi gara, gure egoeran... [+]
Diskurtso erreakzionarioen gorakadaz ari gara azken urteetan. Dela migrazioei buruz, dela feminismoa, euskara eta abarri buruz. Testuinguru horretan, garrantzitsua iruditzen zait jarrera erreakzionarioak edota migrazioei buruzkoak aztertzeko ez gelditzea titularretan, eta gaiari... [+]