13/13 sumarioa: ETAren egituretan egon izanaren ukazioek eta jasandako torturen testigantzek markatu dute bigarren auzi saioa

  • Astelehenean abiatutako epaiketak asteartean izan zuen bigarren saioa, eta auzipetuak hitza hartzen hasi ziren. Denek ukatu dute ETAren egituretan egon izana, eta bi auzipetuk deklarazioak torturapean egin izana azpimarratu dute. Asteazkeneko saioan kasuaren hiru lekukok deklaratzea espero da.


2021eko uztailaren 14an - 08:30
Azken eguneraketa: 10:36
13/13 epaiketaren aurkako mobilizazioa Bilbon (Argazkia: EITB)

Astelehenean abiatu zen Espainiako Auzitegi Nazionalean euskal presoen abokatu eta presoen aldeko mugimenduaren parte izandako zazpi pertsonaren aurkako epaiketa, 13/13 sumarioan. Auzipetuen artean daude Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre, Nerea Redondo, Julen Zelarain eta Iker Sarriegi; Juan Mari Jauregi ere auzipetuen artean zegoen, baina bere osasun egoera medio, auzitik kanpo utzi dute. “Halboka, ETAren fronte juridikoa” izatea leporatzen diete. Guztira 77 urteko espetxe zigorra eskatzen die Jose Perals Fiskalak, Altsasu auziko berberak.

Bi aldeen arteko akordiorik lortzea posible litzatekeen ikusteke zegoen, baina herri akusazio gisa aurkeztutako biktimen elkarteek ez zutenez halakorik ahalbidetu, aurrera egin du prozedurak. Lehenbiziko saioan aurretiazko gaiak azaldu ziren, eta bertan, abokatuek azpimarratu zuten auzipetuen zenbait eskubide urratzen dituela prozedurak. Urraturiko eskubide horien artean leudeke errugabetasun presuntzioa, delitu beragatik bi aldiz epaitua ez izatea, eta bidezko epaiketa izatea, besteren artean. Prozesuko irregulartasunak argudiatuz, auzipetuen defentsek epaiketa bertan behera uztea galdegin zuten, baina prozesuarekin aurrera egitearen aldeko hautua egin zuen epaileak.

Epaiketaren bigarren saioan, asteartean, hasi ziren hitza hartzen akusatuen aulkietan eseritakoak. Deklarazioen bidez, auzipetuek ETAko egituretako kide izan izana ezeztatu dute. Horrez gain, gatazkaren konponbidean abokatuek lan garrantzitsua egin dutela nabarmendu dute. Bi kidek jasandako torturen testigantzak ere mahaigaineratu dituzte, deklarazioak torturapean egin zituztela azpimarratuz.

Arantza Zuluetak eta Jon Enparantzak jarri zuten balioan abokatuek gatazkaren konponbidean egindako ekarpena. Biei leporatzen zaie Halbokako eta ETAko kide izatea, eta akusazioa gezurtatu zuten biek. “Ez naiz Halbokako kide izan, ezta ETAko ezein aparatutakoa ere. Ez dut iraultza zerga kudeatu, eta ez dut komunikazio jarraiturik izan ETArekin”, deklaratu zuen Zuluetak, nahiz eta 2019ko irailean hiru urte eta zortzi hilabeteko espetxe zigorra jaso zuen erakundeko armatuko zuzendaritzako kide zela onartuta. Zuluetak azaldu du kidetza hori onartu zuela 11/13 auziko 47 auzipetuetatik 45 espetxera sar ez zitzaten, “demokraziarako, bakerako eta elkarbizitzarako egiten ari den bidean” pauso bat zelakoan. “Asumitu nuen abokatuen kolektiboko kidetza, 1989tik hartu baitut parte horretan. Perspektiba horretatik onartu nuen Koordinazio Taldearekiko kidetza, presoak momentu horretan egiten ari ziren eztabaida koordinatzearen perspektibatik”.

Bestelakorik ere nabarmendu zen astearteko saioan: Naia Zurriarainek eta Saioa Agirrek atxiloaldian jasandako torturen testigantzak eman zituzten, ageriko eginez emakumeen kasuan torturak indarkeria sexualaren eskutik joan ohi direla. Bai Zurriarainek zein Agirrek azpimarratu zuten torturapean egin zituztela deklarazioak, Guardia Zibilak idatzi zituela, eta horietan jasotzen zen edukia ikasarazi zietela.

Bi testigantzen gordintasunak markatu zuen astearteko saioa. Berria-k jazotako bideoan aditu daiteke Naia Zurriarainen testigantza:

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 13/13 sumarioa
2022-04-11 | ARGIA
Milaka lagun kalean 13/13 sumarioko epaiaren aurka

Bilbon eta Donostian eginiko manifestazio jendetsuetan Arantza Zuluetari, Jon Enparantzari, Naia Zuriarraini eta Iker Sarriegiri ezarritako espetxe zigorrak salatu dituzte.


2022-04-08 | ARGIA
13/13 auziaren epaiari erantzun "sendoa eta bateratua" ematea eskatu dute

13/13 sumarioan auzipetutako lagunen hurbilekoek eta zenbait eragile sozial, sindikal eta politikok, larunbatean Bilbon eta Donostian deitutako manifestazioetan parte hartzera dei egin dute. "Guk argi dugu nolako Euskal Herria nahi dugun, baina Auzitegi Nazionalak kontrako... [+]


2022-04-04 | ARGIA
Manifestazioak egingo dituzte apirilaren 9an epaien aurka

Espainiako Auzitegi Nazionalak Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegiri 13/13 auzian jarritako zigorren aurkako manifestazioak egingo dituzte larunbatean. Lehenago, ostegunean, prentsaurreko masiboa egingo dute Bilbon.


13/13 auzia
Hiru eta zazpi urte arteko espetxe zigorra ezarri diete 13/13 auzian epaitutako lau laguni

Zazpi auzipetuetatik lauri espetxe zigorra ezarri die Espainiako Auzitegi Nazionalak eta beste hiru absolbitu egin ditu. Defentsarako abokatuek azaldu dute epaia oraindik ez dela irmoa eta helegitea jartzeko aukera dutela.


2021-11-11 | ARGIA
Ehun legelariren manifestua: "13/13 iraganeko garaietako sumarioa da"

13/13 auzian izandako irregulartasunak salatzeko manifestua argitaratu dute ehun legelarik. Bost puntutan laburbildu dituzte irregulartasun horiek eta gogorarazi dute auzipetuetako batzuek torturak salatu zituztela.


Eguneraketa berriak daude