Defentsen eskaerak baztertu ditu epaimahaiak, eta epaiketa egingo da

  • Defentsek prozeduraren hainbat irregulartasun salatu dituzte, epaiketa bertan behera uztea eskatuz, baina Ángela Murillo buru duen epaimahaiak errefusatu egin ditu. Epaiketa ekiditeko akordiorik ere ez da egon defentsen eta akusazioen artean. Orotara 77 espetxe urte eskatzen ditu fiskaltzak auzipetuentzat.


2021eko uztailaren 12an - 13:46
Azken eguneraketa: 15:49
Irudia: eitb.eus

Astelehen goizean hasi da 13/13 sumarioko auzipetuen arteko epaiketa Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Epaitegira sartu aurretik Julen Zelarainek adierazpenak egin ditu akusatuen izenean. Epaiketa “lekuz eta garaiz” kanpo dagoela salatu du, eta delitu berbera egotzita bigarren aldiz epaitu nahi dituztela: “Jada auzipetuak eta epaituak izan ginen akusazio berdinagatik [ETAko kide izatea]”. Hain zuzen hori izan da auzipetuen abokatuek epaiketa bertan behera uzteko egin duten eskariaren argudioetako bat.

Abokatuen eskariak

Epaitegi barruan, hitz egiten lehenak auzipetuen abokatuak izan dira, epaiketa bertan behera uzteko hainbat argudio emanez. Jon Enparantza eta Arantza Zuluetaren abokatu Alfonso Zenonek bere defendatuen aurkako akusazioak Guardia Zibilaren “gezur batetan” oinarritzen direla salatu du, eta errugabetasun presuntzioa ez dela errespetatu. Eskatu du ere epaiketa zuzenean ez emititzea –Youtube bidez ari dira ematen– eta guardia zibilek ez deklaratzea babes neurriekin. Epaimahaiak ez ditu bere eskariak onartu. Naia Zuriarrainen abokatu Jone Goirizelaiak epaitegia non bis in idem printzipioa urratzen ari dela salatu du, Zuriarrain 2019an ustezko delitu berdinagatik zigortu zutelako jada. Julen Zelarain eta Iker Sarriegiren abokatu Aiert Larrartek, besteak beste, salatu du CNIren entzuketak legez kanpokoak izan zirela.

Abokatuen ostean Jose Perals fiskalak eta herri akusazioek hartu dute hitza, eta defentsen eskaera eta salaketa guztien aurka egin dute. Epaimahaiak epaiketarekin aurrera egitea erabaki du.

Auzipetuen deklarazioak bihar edo etzi

Printzipioz astearte goizean auzipetuek egingo dituzte deklarazioak. Dena den, Murillo epaileak jakinarazi du epaimahaikidetako batek COVID-19aren aurkako txertoaren bigarren dosia jaso berri duela eta ondoezik sentitu dela, eta bere osasun egoeraren arabera epaiketa biharko mantendu edo etzira atzeratuko dela. Deklaratzen lehena Arantza Zulueta izango da.

Akordiorik ez

Azkenaldiko makroepaiketa gehienetan ez bezala, honetan ez da defentsen eta akusazioen arteko akordiorik egon. Naiz-ek argitaratu duenez, Fiskaltzako iturriek epaiketan akusazio partikular diren biktimen elkarteen borondate ezari leporatu diote akordio eza. Defentsek aldiz, Fiskaltzari leporatu diote akordioa bilatzeko borondate eza. Aukera aztertu eta negoziatzeko biltzeari ere uko egin diola adierazi dute.

77 urteko eskaria

Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain, Julen Zelarain, Iker Sarriegi, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi dira Espainiako Auzitegi Nazionalak gaurtik aitzina epaitzen ari dituen euskal herritarrak, guztiak euskal presoen eskubideen alde lanean aritutakoak. Orotara 77 espetxe urte eskatzen ditu fiskaltzak auzipetuentzat, 7 eta 19 urte arteko eskaera pertsonalekin. Epaiketa hasi dute astelehenean, zortzi saio aurreikusten dira uztailean eta beste zortzi irailean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 13/13 sumarioa
2022-04-11 | ARGIA
Milaka lagun kalean 13/13 sumarioko epaiaren aurka

Bilbon eta Donostian eginiko manifestazio jendetsuetan Arantza Zuluetari, Jon Enparantzari, Naia Zuriarraini eta Iker Sarriegiri ezarritako espetxe zigorrak salatu dituzte.


2022-04-08 | ARGIA
13/13 auziaren epaiari erantzun "sendoa eta bateratua" ematea eskatu dute

13/13 sumarioan auzipetutako lagunen hurbilekoek eta zenbait eragile sozial, sindikal eta politikok, larunbatean Bilbon eta Donostian deitutako manifestazioetan parte hartzera dei egin dute. "Guk argi dugu nolako Euskal Herria nahi dugun, baina Auzitegi Nazionalak kontrako... [+]


2022-04-04 | ARGIA
Manifestazioak egingo dituzte apirilaren 9an epaien aurka

Espainiako Auzitegi Nazionalak Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegiri 13/13 auzian jarritako zigorren aurkako manifestazioak egingo dituzte larunbatean. Lehenago, ostegunean, prentsaurreko masiboa egingo dute Bilbon.


13/13 auzia
Hiru eta zazpi urte arteko espetxe zigorra ezarri diete 13/13 auzian epaitutako lau laguni

Zazpi auzipetuetatik lauri espetxe zigorra ezarri die Espainiako Auzitegi Nazionalak eta beste hiru absolbitu egin ditu. Defentsarako abokatuek azaldu dute epaia oraindik ez dela irmoa eta helegitea jartzeko aukera dutela.


2021-11-11 | ARGIA
Ehun legelariren manifestua: "13/13 iraganeko garaietako sumarioa da"

13/13 auzian izandako irregulartasunak salatzeko manifestua argitaratu dute ehun legelarik. Bost puntutan laburbildu dituzte irregulartasun horiek eta gogorarazi dute auzipetuetako batzuek torturak salatu zituztela.


Eguneraketa berriak daude