Bost ibilbide oroimenerako

  • Ezagutu isildutako historia, gure arbasoek urratutako xendra eta kaleetan barrena.


2019ko abuztuaren 05an - 11:21

1 Enaren bidea

Mauleko espartin lantegietara joaten ziren emakumeek egindako ibilbideari jarraitzen dio proposamen honek. XIX. mende amaieran eta XX. mendearen hasieran, asko ziren Nafarroatik eta Aragoitik mendiak gurutzatuz lanera abiatzen zirenak Zuberoako hiriburura nola Biarnora, Oloroera; udazkenean zein udaberrian joaten ziren, eta “ainarak” (enarak) deitzen zieten sarritan.

Handik ez zituzten soilik janzkera, orrazkera edo kanta berriak eramaten etxera, migrazio horrek utzitako arrastoa askoz sakonagoa zen. Nekazaritza edo artzantzara ohituriko emakumeek lan guztiz ezberdina egin behar zuten tailerrean, baldintza ez oso honetan; urte erdiz bizi ohi ziren ideia aurrerazaleagoak egosten ziren Zuberoako gune industrializatuetan.

Eta bidean bizi izandako esperientziak ere ez ziren makalak: hiru edo lau egun irauten zuen oinezko bidaian arrisku ugari izaten zituzten –berez, legez kanpokoa zen muga horrela gurutzatzea–, askotan lainoak galduta.

Erronkariko espartingileen ingurukoak zaizkigu ezagunenak; Mendiak Bizirik elkarteak urteak daramatza historia hori berreskuratzen, enarak igarotako tokiak balizatu eta informazioa paratuz. Lau eguneko ibilbide zirkularra osatu dute: Belagua-Linza, Linza-Laskun, Laskun-San Martingo Harria, San Martingo Harria-Belagua. Inguruko gailur ezagunenak igoko ditu bidaiariak (Hiru Erregeen mahaia, Petretxema, Auñamendi...) Txamantxoiako oihan zabaletan edo Larrako paisaje ikusgarrietan barrena.

Berrikitan, eskualdearteko proiektu bat jarri dute martxan, antzerki, erakusketa eta dokumental batekin emakume horien bizimodua ezagutarazteko. Horri esker, Zaraitzu ibarrean haien izenak eta argazkiak biltzen hasi dira orain gutxi.

Non: Nafarroa, Zuberoa eta Biarno

Iraupena: Lau eguneko oinezko ibilbide zirkularra

Luzera: 65 km (Ibilbide leunagoa egiteko aukera, kolore zuriz)

Zailtasuna: Mendian ibiltzen ohituta dagoenari zuzendua

Informazioa: www.larutadelasgolondrinas.com

 

 


 

 

2) Joakin Iturbe bidelapurraren artadian

 

Euskal historiografiak gaizkile gisa irudikatu izan ditu XVIII. eta XIX. mendeko bidelapurrak, agiri ofizialetan ere ez da gauza onik haien inguruan. Manuel Antonio Madariaga Patakon famatua salbu, gainerakoak ahaztuta izan ditugu, eta ahoz aho iritsi izan zaigu haien oihartzun lausoa.

Aitzitik, gero eta froga gehiago ditugu esateko mendian ezkutuan aritzen ziren pertsona horiek ez zirela lapur hutsak, askok bazutela estimurik herritarren artean, bandolero sozialak zirela alegia. Hor dugu, esaterako, Batxi Landa Tretatxu, Bizkaiko lapurren gobernadorea. Hektor Ortegak liburu eder batean azaldu digu botereari erresistitu zitzaiolako egin zutela menpeko klaseek “heroi”, justizia nahi bat zegoelako atzean. Seguruenik, zerikusia izan zuen XVIII. mendean kapitalismoa baserriko lehengaiekin espekulatzen hasi izana.

Arno mendiaren inguruak ere bidelapurren kabi izan ziren. Txomin Beltza ikazkinaren berriak iritsi izan zaizkigu, edo Joakin Iturbe Santua elgetarrari buruzkoak. Azkeneko hau trabukoa eskuan ibili ei zen denbora batez Gipuzkoa eta Bizkaiko mugan dagoen Arnoateko lepoan, Mendaron. Handikiei dirua lapurtu eta maizterrei bueltan itzultzen ziela dio kondairak. Kortsario ere ibilia, Santua-k makina bat aldiz egin zuen ihes korrejidorearen atzaparretatik, lagun zituen herritarrei esker. 1799an harrapatu eta Donostiako Motako gazteluan hil zen giltzapean.

Ibilbide honek, bidelapurraren atzetik garamatza PR Gi-43 xendra jarraituz. Mendaroko Sahatzu baserrian abiatu, Arnoatera igo, eta berriz ere Mendarora itzultzen da. Tartean, bidelapurren ezkutaleku izan zen artadi itxia igaroko dugu, egun Gipuzkoako zabalena. Eta zeinek daki, agian haietako batekin topo egiteko zortea izango dugu.

Non: Gipuzkoa (Mendaro)

Iraupena: Goiz pasa bat.

Luzera: 8,3 km

Zailtasuna: Bidea marra hori-zuriz seinalatuta dago, baina sasiak janda askotan

Informazioa: www.debabarrenaturismo.com

 

 


 

 

3) Martxoaren 3ko memorial ibiltaria

 

Gasteizko hiriaren izaera aldarazi zuen iragan hurbileko gertaera baten berri bertatik bertara jakiteko aukera ematen du bisita gidatu honek. 1976ko martxoaren 3ko langile sarraskiaren eszenatokiak ikusiko ditugu Zaramaga auzoan barrena.

Frankismoaren azken urteetan mugimendu asanbleario zabala sortu zen Gasteizko lantegietan; arriskutsuegia erregimenaren erreformistentzat. Hala, 1976ko greba orokorra odolez zapaldu zuten, bost langile hil eta ehunka zaurituz. Erantzule politikoek oraindik ordaindu gabe daukate krimena.

Ibilaldi honetan bost geldialdi egingo dira eta gida baten eta audioen bidez azalpenak jasoko dituzte bisitariek orduan gertatutakoaz. Toki bakoitzean martxoaren 3ko oroimenari loturiko artelan bat dago paratuta. Manifestariak babestu ziren San Frantzisko elizara sartzeko aukera ere badago, eta collage teknikaz osaturiko proiekzio batekin poliziek irratitik emandako aginduak entzungo ditugu, hormigoizko paretak ere dardaraziko dituen hotzikara bat sentitu arte.

Memoriala osatu daiteke Oroitour tour politikoa eginez. Gasteizen barrena, XIX. mendetik hasita gaur egun arte hiriak izandako bilakaeraren bestelako kontakizuna da, bertsio ofiziala borrokatzeko diseinatua eta ulertzeko 70eko hamarkada ernaldutako langile mugimendu indartsu horren jatorria zein den.

Non: Araba (Gasteiz)

Iraupena: 2 ordu inguru.

Luzera: 1,6 km

Zailtasuna: Ez du inolako zailtasunik.

Informazioa: www.gasteizm3m.org (ezinbestekoa da bisitak egin aurretik izena ematea).

 

 


 

 

4) GR-225: Ezkabako ihesa gogoratuz

 

1938ko maiatzaren 22an Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekuan giltzapetutako 795 preso errepublikarrek ihes egin zuten. 1934tik kartzela-laborategi gisa erabilia, gerra zibilaren beroenean 2.500 lagun pilatu zituzten frankistek, hotza, gosea eta miseriazko baldintza penagarritan.

Ihes egindakoetatik 206 mendian hil zituzten ehizakiak balira bezala, inguruko herrietan antolatutako pertsekuzioen ondorioz; azken urteetan, epaiketa gabe hil eta lurperatutako askoren gorpuzkinak azaleratzen ari dira. Gainerako gehienak harrapatu egin zituzten eta berriz ere gotorlekuan sartu zigor oso gogorrekin –horietatik 14 Iruñean fusilatu zituzten, ihesaldiaren antolatzaileak zirelakoan–. Lau presok baino ez zuten lortu muga igarotzea.

Ihes egitea lortu zuen haietako batek ustez egin zuen bideari jarraitzen dio GR-225 ibilbideak, Urepeleraino. Lau etapatan banaturik (Ezkaba-Olabe, Olabe-Saigots, Saigots-Sorogain, Sorogain-Urepel), Jovino Fernández Leongo anarkistak sasian zela bi astez urratu zituen bidezidorretan barrena, aukera izango dugu “bizipenen arkeologia” egiteko eta hein txiki batean jakiteko zer sentitu zuen kasik hanka hutsik Ultzama eta Arga herioan igaro zituen miliziano hark.

Nafarroako Gobernuak gertaera hura gogoratzeko abian jarritako proiektuaren parte da GR-225 ibilbidea. Europako ihesaldi handiena izan zen Ezkabakoa, baina hala ere orain gutxi arte ilunantzean egon izan da. Zeharkaldian informazio panelak daude eta mendian fusilatutakoen hainbat hobi ere bisitatu daitezke, oroimen ariketa etengabea eginez.ç

 

Non: Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea

Iraupena:Lau eguneko oinezko ibilbidea

Luzera: 53 km

Zailtasuna: Sasoi betean dagoen ororentzat

Informazioa: www.gr-225.org

 

 


 

 

5) Txango bat bunkerren erraietan

 

1936ko Gerran Bilbo eta inguruak tropa faxistengandik defendatzeko eraiki zuten Agirre lehendakariaren gobernuaren aginduz “Burdinazko Gerrikoa”. Muskizko Punta Luceron hasi eta Fikan amaitzen zen gotor-lerroa; gutxi gorabehera 80 kilometro zituen, lubaki, metrailadore-habi eta bunkerrez osaturik.

Ingeniaritzako obra erraldoi hori osatzeko, arkitektu eta aparejadoreez gain, 14.000 langile aritu ziren lanean –tartean adin guztietako emakumeak–; inguruko bide eta errepideak ere hobetu zituzten, komunikazio sare sendoa osatzeko. Lanak 1936ko azaroan hasi zituzten eta 1937ko ekainean frankistek erasoa jo zutenean oraindik erabat amaitu gabe zeuden.

Askoren usterako “menperaezina” zen Burdinazko Gerrikoak, bi egun besterik ez zituen iraun zutik. Euskal imajinarioan traizio baten sinbolo gisa ageri zaigu hesiaren erorketa: Alejandro Goikoetxea ingeniariari egotzi izan diogu errua, planoak frankistei eman zizkielako. Ondoren frogatu den gisan, azpiegiturak funtsezko akatsak zituen, eta taktika militar berriei aurre egiteko desegokia zen. Hala, abiazio italiarraren eta Condor legio alemaniarraren bonbapean gudariek apenas izan zuten aukerarik.

Gerrikoaren zati handienak dinamita bidez lehertu zituzten ondoren, barruko burdina ateratzeko, baina bunkerretako aztarna ugari iritsi da guganaino erdi erorian. Eusko Jaurlaritzaren Gogora institutuak 2016tik bultzatutako lankidetza proiektu bati esker ondare hori balioesteko “Memoriaren ibilbideak” osatzen ari dira seinaletika bateratuarekin. Oraingoz, gerrikoaren zati batzuk zeharkatu daitezke Gueñesen (12 km), Ugaon (2,5 km) eta Galdakaon (6,9 km, 3,6 km eta 1,5 km-ko hiru ibilbide).

Burdinazko Gerrikoaren osagarri moduan, beste hainbat lerro ere jaso ziren 1937an. Esaterako, Artxanda mendian badaude lubakiak eta 2 km-ko zeharkaldia egin daiteke, Bilbo azken unera arte defendatu zutenen omenez Aterpe 1936 elkarteak jarritako eskulturatik hasita. Horrez gain, Larrabetzun, Sopela eta Berango artean, eta Laudion ere badago aukerarik gerrikoari buruzko interpretazio zentroak bisitatu edo ibilbideak egiteko talde memorialisten eskutik.

Non: Bizkaia

Iraupena: Ibilbidearen arabera

Luzera: 80 km (soilik zati batzuk seinalizatuta)

Zailtasuna: Ez du zailtasunik, autoz ere bisita daitezke toki zehatzak

Informazioa: www.gogora.euskadi.eus edo www.cinturondehierro.net (Sancho de Beurko elkartea)

 

[Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak 2019 udako gehigarrian argitaratu da. Eskuratu nahi baduzu, sartu gure Azokara]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2019
Iñaki Lasagabaster
"Estatutu berria autonomiaren aldarrikapena geldotzeko ekimena da"

Hamaika gaiez jardun daiteke katedradun arabarrarekin. Elkarrizketa honetan batez ere Euskal Herriko autogobernua, Katalunia eta hari egindako epaiketa, eta euskal presoen gaia jorratu ditugu. Bere ustez, Espainia nabarmen ari da egiten estatu autoritario baterantz.


G7 Biarritzen
Dekadentziari distira atera nahian

Agorrilaren 25, 26 eta 27an G7aren goi-mailako bilera egingo dute Biarritzen. Nazioarteko politikan aditu Asier Blasek gailurraren nondik norakoak analizatu ditu.  II. Mundu Gerran sorburu izan zuen egungo kapitalismo liberalaren kontrako protestak antolatu dituzte... [+]


Filma
Mendiaren hego aurpegia

2001ean euskal mendizaletasunean gertaturiko tragedia batetik abiatuta, munduko gailur handienak dauden lurretako herritarren sufrimendu eta esperantza ere erakusten digu Pumori, mendiaren alaba dokumentalak, himalaismoan askotan ezkutuan geratzen den hego aurpegia.


Moda industriaren alternatibak
Josturak apurtu bestelako jantzigintza ehuntzeko

Jantzia, berez beharrizan oinarrizkoa dena, kontsumogai bilakatu da. Erosi eta bota logikari jarraiki biratzen duen gurpil kontsumistaren parte izanik, jasangarritasun eza du ezaugarri moda eredu hegemonikoak ere. Ehungintza industriaren etengabeko hazkundea ezin daiteke ulertu... [+]


Eguneraketa berriak daude