Patrick Melrose

Delirium tremens

  • Bost atalez osaturiko miniserie berri bat jarri nahi nuke erakusleihoan, Showtime telebista kateak ekoiztua eta Benedict Cumberbatch aktorea erabateko protagonista duena. Edward St Aubyn idazlearen bost liburutan oinarrituriko kontakizun honek barrenak nahasi dizkit.

Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre
2018ko uztailaren 08a

Pantaila argitu eta telesailaren lehen segundoetan soinu bat iristen zaigu. Telefono dei bat. Kamera mugitzen den bitartean, telefono zahar baten kable kizkurduna ikusten dugu. Une horretan, dardarka sumatzen dugun besoak telefonoa hartzen du. “Bai?”, dio ahots sakon, ilun eta tristeak. Planoa zabaltzen den heinean, protagonista dela ohartzen gara, Patrick Melrose. “Albiste txarrak New Yorketik, zure aita hil da”, dio atzerapenarekin entzuten dugun ahots batek. Protagonistak telefonoa eskegi, eta haren aurpegi triste eta goibela pixkanaka –ia konturatu gabe– eraldatzen hasten da, tristura hori barre bilakatzen den arte. Kamera bere aurpegiaren lehen planotik urruntzen doan heinean, besotik xiringa bat zintzilik duela konturatzen gara.

Horrela aurkezten da lehen kolpean bai telesaila, baita protagonista ere: Patrick Melrose. Minutu gutxi irauten duen sekuentzia horri esker, Patricken egoeran eta aitarekin zuen erlazioan zerbait arraroa dagoela sumatzen dugu. Luzez aritu ninteke pertsonaiak duen mamiari buruz eta Benedict Cumberbatch aktorearen interpretazio ikaragarriari buruz, baina pertsonaiaren inguruko trazu batzuk soilik emango dizkizuet, irakurtzekoa baino, zuzenean ikusteko eta sentitzeko lana egiten duela uste dudalako.

Alde batetik, diru gehiegi izateak sor dezakeen bakardade jasanezinari buruzko kontakizun gordina dela esan daiteke. Alkohola eta era guztietako drogak erreminta gisa erabiliz, mundu honetan bere tokia aurkitzen ez duen eta bertatik ihes egin nahi duen tipo baten egunerokoa aztertzen du. Baina batez ere, eta gauza guztien gainetik, tipo batek iraganean, haurra zela, bere aitarengandik jasan zituen sexu erasoek etorkizunean utzi ditzaketen ondorioei buruzko ikerketa beldurgarria dela esango nuke. Aipaturiko idazlearen benetako tragedian oinarrituriko telesail hau urteko bortitzenetarikoa iruditu zait.

Bost atal ditu kontakizunak eta bakoitza gertakizun konkretu baterako bidaia bihurtzen da. Trama nagusiaren egituraketak urte eta kokaleku desberdinetara eramaten gaitu hasieratik eta tipoak bizitza osoan jasan duen guztiak balio digu egungo Patrick nolakoa den ulertzeko. Eta batez ere, egiten dituen ekintza hedonista eta autosuntsitzaileekin enpatia izaten saiatzeko. 1980ko hamarkadako New York hirian eta 2000ko hamarkadako Erresuma Batuan bizi izandakoa erakusten digun arren, bigarren atalean azaltzen den 60ko hamarkadako Frantziako herrixka zoragarria aipatu nahi nuke: maisulana iruditu zaidan bigarren atalean, umea denean, herriak eta etxeak berak transmititzen duen argi, kolore eta alaitasun horren azpian, iluntasun absolutua dagoela ohartzen gara, bere gurasoek erakusten baitute –gehiegi azaldu nahi ez ditudan ekintza ugarirekin–, guraso eta pertsona bezala porrot absolutua direla –Hugo Weaving eta Jennifer Jason Leigh aktoreek bikain egin dute hori pantailan islatzeko lana–.

Guztia era ia perfektuan kontatuta dago. Zinemak eskaintzen dituen erremintak era zoragarrian erabili dituzte: hasteko, isiltasunak adieraz dezakeen guztia azken muturreraino eraman dute, ikuslea hasieratik protagonistarekin bat eginaraziz. Teknikoki ere zoragarria da: planoen mugimendu sotilak, atalaren eta protagonistak bizi duen egoeraren arabera argiztapen natural eta artifizialen arteko talka eraginkorra… Muntaia, ikaragarria, ezinbestekoa, batez ere pertsonaiaren burua bere tokian ez dagoen uneak deskribatzeko. Baina nabarmenena: ia ezer ez dagoela hitzen bidez azaldua. Amaieran esplikatiboagoa bilakatzen den arren, telesaila oso modu psikologikoan kontatuta dago; ez dugu zuzenean ezer gordinik ikusten, baina zer gertatzen den sumatzen dugu. Elkarrizketa batean gauza bat esan da, baina azpian beste zerbait antzeman dugu. Pertsonaia batek barre egin duen arren, begiek beste zerbait diote…

Une batean Patrick-ek delirium tremens egoera bat bizitzen du, alegia, abstinentzia-sindromeak eragindako nahasmen une bat. Telesailak, umore beltz apur bat tartekatuz, era horretako muturreko egoerak irudikatzen dituenean, gorroto moduko bat sentitzen dugu protagonistarekiko. Jasanezina izatera heltzen da une batzuetan, enpatiarako aukera kolokan jarriz. Baina bat-batean, bigarren atala burura etortzen zaigun unean, berriro ere bere bihotz eta garunean kokatzen gara eta Patrick Melrose zeharo maitatzen amaitzen dugu.  

Drama lazgarri, tragiko, gogor, baina baita dibertigarri eta oso bizi bat ikusteko gogoz bazabiltza, Patrick Melrose da aukeratu behar duzuna.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Telesailak

Telesailak kanaletik interesatuko zaizu...
2018-06-10 | Gaizka Izagirre
Pantaila txikiaren burbuila
Telesail gehiegi dago?

Netflix, HBO eta Amazon Prime Video bezalako plataforma digitalak orain hilabete batzuk iritsi ziren Euskal Herrira. Telesail mordoa ikusteko aukera, nahi dugun orduan,  mundu guztiaren eskura eta edozein adinetako pertsonek erraz maneiatzeko moduko edukiekin –ziur zure gurasoak ere engantxatu direla eta ehunka mezu jasotzen dituzula haien zalantzekin–. Baina pantaila txikiko ekoizpen zaparrada honek badu mugarik? Netflix “txurro-denda” moduko bat bilakatu al da?... [+]


2018-05-15 | Zebrabidea
"The handmaid's tale" telesailari begirada feminista bat, Pikarako Maria Castejonen eskutik

Azkenaldian zeresan handia eman duen telesail bati buruz aritu zaigu gaurkoan Pikarako kide den Maria Castejon. Kritika ezberdinak izan ditu “The handmaid’s tale” telesailak, batzuk feministatzat dute eta besteek kritika gogor eta zorrotza egiten diote. Zer pentsatua ematen duen istorioa da, eta honen inguruan aritu gara gaurkoan Maria Castejonekin.


2018-04-15 | Gaizka Izagirre
'Wild Wild Country' telesail-dokumentala
Fikzioa balitz, ez nuke sinetsiko!

Netflix plataforma digitalak telesail berri bat estreinatzen duen bakoitzean (Stranger Things, Narcos, Black Mirror…) sekulako ikusmina sortzeko gaitasuna lortu du. Katalogoan ekoizpen propioko film bat sartzen dutenean ere (Annihilation, Okja…), mundu osoa adi egoten da. Baina dokumentalak txertatzen dituztenean, ostrazismoan erortzeko arrisku handia duten lanak bihurtzen dira, promozio kanpainetatik kanpo uzten dituztelako gehienetan eta edukien zerrenda potoloak betetzeko baino... [+]


2018-02-11 | Gaizka Izagirre
Telesail elkarreragileak
Iritsi dira eta geratzeko asmoz

Ikus-entzunezko produktuen arteko lehia geroz eta bortitzagoa izanik, oso konplikatua bilakatzen ari da azken urteotan zinema, telebista edo Interneteko edukiekin jendea harrapatu, harritu eta fidelizatzea. Formatu eta plataforma berriek leihoak ireki dituztenetik, ordea, telebista eta telesailak kontsumitzeko modua eta arauak aldatu dira. Formatu berriak sartu dira pixkanaka gure etxeetan eta, horien artean, azken hilabeteetan geroz eta indar handiagoa hartzen ari den bat. Gu geu fikzioaren... [+]


Zinema eta telebista
Noiz aukeratu batua eta noiz euskalkiak?

Abenduak 8, Durangoko Azokan, Irudienean, lau mahaikide bildu dira galdera horri erantzutera. Olatz Beobidek, Jon Garañok, Patxo Telleriak eta Paul Urkijok ikus-entzunezkoetan bataren edo bestearen alde egiteko hainbat arrazoi azaldu dituzte. Egia esan, euskararen molde bat eta bestea ez dituzte mutur banatan jarri, borrokan, nahasian ere erabiltzen dituzte haien lanetan, eta batik bat fikziozko lanetan, jolas egiteko erreminta bikaintzat dituzte.


2017-11-12 | Gaizka Izagirre
Zergatik den astakeria hutsa espainiar kateetan atzerriko telesailak ikustea

Askotan galdetu izan dute AEBetan sekulako arrakasta izan duten telesailak Espainiako telebista kateetan ematen dituztenean, zergatik egiten ote duten porrot. Argudio ugari okurritzen zaizkit egia esan. Baina labainketa horien kontrako kasuak topatzen ditudanean, The Big Bang Theory, CSI, House edo Bones adibidez, alegia, arrakasta izaten jarraitzen dutenak urtetan parrila horren barruan igerian dabiltzan arren, nire buruan galdera bat pizten da: zergatik hauek bai eta besteak ez?


2017-09-17 | Lander Arretxea
Telesailak idatzi egiten dira

Berez da bulegokoa eta itzalpekoa gidoilariaren lana. Zuzendariak emango ditu elkarrizketak; aktoreek beteko dituzte pantaila eta –halakorik balego– alfonbra gorriak; eta gidoilaria –beste asko bezala– bigarren planoan geratuko da, kredituetako izen-abizen erdi ezezagun, beste ideia bat garatzen, argia ikusiko duen jakin gabe. Dena ez da ilun, hala ere: zirrara berezia sortzen du telebista piztu eta norberak idatzi edo irudikatutakoa pantailan ikusteak. Halakorik... [+]


2017-09-07 | Gaizka Izagirre
Matxismoa 'The Big Bang Theory' telesailean?

Youtube-ko Pop Culture Detective kanalak, estereotipo frikien azpian topiko sexistak erabiltzen dituzten lau tipo ezkutatzen direla frogatu nahi izan du bideo baten bidez.


2017-09-01 | Gaizka Izagirre
Denboraldi berriko telesailen gida

2017/2018 denboraldia hastear da pantaila txikian. Telesailen arloan (turismoarekin gertatzen denaren kontrakoa) udazkena izaten da, goi-denboraldiarekin lotzen den urtaroa. Irailetik aurrera datozkigun telesail guzti horiek, Estatu Batuetan, high season garaia deiturikoaren barruan kokatzen dira.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude