“Emakumeen talentu guztia baliatu behar dugu galtzen ari garen klima aldaketaren borrokan”

  • 80 emakume zientzialari espedizio batean ari dira egunotan Antartikan, tartean da Uxua Lopez. Duela bi urte ehuntzen hasi zen 1.000 emakume adituren sareko kide dira. Emakumeen lanari ikusgarritasuna ematea da lehen urratsa. Hurrengoa, klima aldaketaren inguruan erabakiak hartzen diren guneetarako bidea irekitzea, berandu baino lehen.

Argazkilaria: Dani Blanco.
Argazkilaria: Dani Blanco.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Uxua Lopez Flamarique (Tafalla, 1983)

Telekomunikaziotako ingeniaria da. Duela hamabi urtez geroztik Acciona enpresan ari da lanean eta otsailaren 13tik Antartikan dabil Homeward Bound proiektuan parte hartzen. Zientzia eta teknologia alorretako mundu zabaleko 80 emakume bildu dira ekimen horretan, urtebeteko formakuntza saioa egin ondoren. Helburua da 2025erako 1.000 emakumeren sarea eratzea klima aldaketaren aurkako borrokan erabakimen postuetan esku har dezaten.

Zein da zure lana Acciona enpresan?

Azken bost urteotan kontrol zentroan ari naiz lanean. Handik energia berriztagarrien 400 bat estazio kontrolatzen dira, 14 gigabyte-eko energia iturriak. Ia 80 pertsona ari gara lanean atal horretan eta ni sistemaren segurtasunaz arduratzen den taldean nago. Duela bi urte ziber-segurtasun graduondoa egin nuen eta industriarako kontrol sistemak kudeatzea da nire espezialitatea. Alor horretan gerta daitezkeen arazoek eragina izan dezakete fabrika baten jardueran, elektrizitate zentral batean edo semaforoen funtzionamenduan. Ondorioak oso larriak izan daitezke pertsonentzat. Guk orain arte, zorionez, ez dugu ezustekorik izan.

Zer da Antartikako bidaia hori?

Urtebeteko formakuntzari amaiera jartzen dion espedizioa da, Homeward Bound proiektuaren barruan. Ekimen hori duela bi urte sortu zen hamar urtera begirako helburuarekin. Urtero 80 emakume aukeratzen dituzte STEM (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak) alorrekoak. Sare bat osatzen dute eta helburu nagusia da hamar urte barru munduan 1.000 emakume ongi prestatuak izatea, klima aldaketaren inguruko erabakiak hartzen diren guneetan ardura postuak izan ditzaten.

Aurtengoa bigarren edizioa da. Ideia Australian sortu zen. Emakume zientzialari bat, Jessica Melbourne-Thomas, eta trebatzaile bat, Fabian Dattner, elkartu ziren emakumeen lanari balorea emateko asmoz. Zenbait ikerketa garrantzitsutan bildutako datuek erakutsi zieten genero parekidetasuna duten lantaldeen emaitzak %50 hobeak izaten direla gizonak gehiengoa diren taldeetan baino. Bi emakumeok konturatu ziren klima aldaketaren borroka galtzen ari garela eta onuragarria izanen zela parekidetasunaren estrategia aplikatzea.

Zergatik funtzionatzen dute hobeki talde parekideek?

Ikerketa horietan ikusten da emakumeok gure sormenaren eta gure esperientziaren bidez bestelako soluziobideak ematen ahal dizkiegula arazoei. Oso kontu larria da emakumeen talentu guztia alferrik galtzea. Askotan galdetu izan diot neure buruari zer gertatu den hainbat mendetan aprobetxatu ez den talentu horrekin guztiarekin.

Argi dago emakumeok baditugula beste ikuspuntu batzuk, bestelako bizi esperientziak ditugulako. Arazoei aurre egiterakoan, esate baterako, orain arte ohikoak izan ez diren soluziobideak bilatzeko gai gara. Oro har, hobeak gara talde-lana egiterakoan. Batzuetan soluziorik onena ez dator ezagutza tekniko oso altua duzulako, baizik eta hori izateaz gain, kontuan hartzen dituzulako beste gauza asko: elkarlanaren balioa, zer nolako emozioak sorrarazten dituzten hartutako erabakiek, zer ondorio ekarriko dizkien beste pertsonei, esate baterako. Emakumeen talentu eta trebetasun guztiak baliatu behar ditugu galtzen ari garen klima aldaketaren borrokan. Jokoan dagoena ez da emakumeen, gizonen edo pinguinoen biziraupena, denona baizik, planeta osoarena.

“Euskal Herrian udak luzeagoak dira, lehorte latzak ditugu eta espezie inbaditzaileak ugaldu dira”

Nola izan zenuen proiektu honen berri?

Aurten parte hartzen duten emakume gehienek aurreko urteko norbait ezagutzen dute, baina nik irratsaio baten bidez izan nuen honen berri. Carne cruda deitzen da saioa eta oso interesgarria da, trataera bikaina ematen dielako bai genero gaiei baita zientziakoei ere. Klima aldaketa eta generoa nire betiko borroka esparru nagusiak izan dira eta ekimen honetan biak bat eginik datoz. Pentsatu nuen ez nuela haiek nahi zuten soslaia, gehienak zientzia ikertzaileak zirelako, baina hala ere, azken unean bidali nuen proposamena, eta hara non, onartu ninduten.

Argazkilaria: Dani Blanco.

Proiektuaren aurkezpenean sustatzaileek oso ideia polita proposatu zuten. Bideo batean, galdetzen zieten neska eta emakumeei ea zer eginen luketen beren ama gaixorik balego, eta hori lotzen zuten Ama Lurrarekin eta egiten ari garen triskantzekin. Oso hunkigarria izan zen.

Joan den urteko otsailean formakuntza epea hasi zen. Hainbat lan egin dugu urtean zehar taldeka, munduko hamaika tokitan zeuden lagunekin elkarlanean. Dokumentazio pila bat irakurri dugu eta lanak hiru gai nagusiren inguruan egin ditugu: emakumeen lidergoa, estrategia, eta ikusgarritasuna. Oso lan trinkoa izan da. Gogorra, baina oso polita.

Espedizioan zer egin behar duzue?

Lau asteko bidaia da. Otsailaren 13an atera eta martxoaren 13an itzuli. Argentinan itsasontzia hartu eta bi egunez Drake itsasartea zeharkatuko dugu. Esan digute mila kilometroko bidaia garbigailuan egitea bezalakoa dela. Izugarria. Biodramina baino dezente gogorragoa den botika hartu beharko dugula esan digute, eutsi ahal izateko. Gero zientzia estazioak bisitatuko ditugu. Ez da kirol espedizioa, bisita zientifikoak dira. Errusia, Ameriketako Estatu Batuak, Britainia Handia, Txina eta Argentinaren estazioak ezagutuko ditugu. Antartika laborategi erraldoi moduko bat da, oso egokia berotze globalaren ondorioak aztertzeko. Planetako ur erreserba handiena da eta kutsadurarik edo distortsiorik sortzen ahal duen beste faktorerik ez dago.

Acciona enpresak nola lagundu dizu proiektu honetan?

Ekimenean parte hartzeko 16.000 dolar ordaindu behar da, kostu errealaren erdia. Acciona Energíak bere gain hartu zuen gastu hori proiektuaren filosofia bat datorrelako enpresaren helburuekin. Horrez gain, aseguruak, bidaiak eta materiala ordaindu behar nituen nire poltsikotik, baina abenduan Acciona markak Acciona Team sortzea erabaki zuen, espedizioan parte hartu behar dugun partaideekin. Ekipamendua lortzen lagundu digu eta beste partaideei ordaintzeko falta zitzaiena ere jarri du. Gainera, Ternua eta Lorpen enpresek material izugarri ona eman digute eta eskerrak eman behar dizkiet, noski.

Zer iruditzen zaizu klima aldaketa ukatzen duen AEBetako presidente Trumpen jarrera?

Gero eta eszeptiko gutxiago dago. Taldekide batzuek diote jendea konbentzitu behar dugula, baina nik uste hori jada ez dela beharrezkoa. Sinetsi nahi dutenek sinesten dute eta nahi ez dutenek ez. Nik jada ez dut pedagogiarik egiten, propaganda baizik.

Aldaketaren ondorioak begi bistakoak dira. Azken 50 urteetako CO2 emisioetan bada goranzko ikaragarri bat, lehenago inoiz existitu ez dena. Desertifikazioa, euriteak, uholdeak, lehorte gero eta latzagoak, espezie inbaditzaile pila bat zabaltzen eta ekosistema asko erabat suntsitzen… Ondorioak atzeraezinak dira eta horregatik orain da unea gure jokamoldeak aldatzeko, eskuetatik gehiago ihes egin ez dezan. Gauza asko galdu dira dagoeneko eta ez ditugu inoiz berreskuratuko.

Adibidez?

Basamortu bihurtutako eremuak, esate baterako. Txinan azken 50 urteotan 25.000 kilometro koadro gehiago dute mortu. Iberiar Penintsularen azaleraren %80 desertu izateko arriskuan dago, 2016an Espainiako Estatuko Ingurumen Ministerioak argitara emandako txosten baten arabera. Lehengo euri kopuruak berreskuratzea oso zaila da, ezinezkoa dela ez esateagatik.

Eta Antartikan?

Izotz hormak urtzea da berotze orokorraren ondorio nagusia. Glaziarrak ere desagertzen ari dira. Izotza desagertuz gero munduaren topografia alda liteke, izan ere lur zati batzuk ur azpian geratuko lirateke eta beste batzuk oso bero bilakatuko lirateke. Itsas mailaren igoera kezkagarria gertatzen ari da, itsas eta haize korronteak desberdinak dira, itsas ekosistemak aldatzen dira eta denok pairatzen ditugu ondorioak.

Argazkia: Dani Blanco.

Eta hemen, Euskal Herrian?

Hemen udak luzeagoak dira, lehorte latzak ditugu eta espezie inbaditzaileak ugaldu dira. Panpa-lezka edo panpa-belarra (Cortaderia selloana) da inbaditzaileetako bat. Jatorriz Hego Amerikakoa da belar altu hori, Panpan eta Patagonian bizi da eta Euskal Herriko kostaldean gero eta gehiago ikus daiteke. Bertako landare asko kaltetzen ditu.
Zergatik dabil hain emakume gutxi zientzian eta teknologian?

Betidanik emakumeak ikusezinak izan dira alor horietan eta gaur egun berdin jarraitzen dugu. Komunikabideetan agertzen diren adituak, adibidez, ia guztiak gizasemeak dira. Testuliburuetan ere oso gutxi ageri dira. Nobel sarietan soilik %3 izan dira emakumeentzat zientzian. Horregatik guztiarengatik erreferente falta izugarria dago eta horrek ondorio zuzena du neskengan, ikasketak aukeratzerakoan. Askotan neskei sinetsarazten diete txarragoak direla zientzia eta matematiketan. Errealitatea ez da horrelakoa. Emaitzak eta notak hor daude kontrakoa erakutsiz.

Bestalde, zientzia eta teknologia karrera oso gogorra da. “Publish or perish” argitaratu edo hil, esaten da, adierazteko etengabe zure ikerketen berri ematen aritu behar duzula eta ez da amatasunarekin bateragarria. Emakume askok lehia profesionala alde batera uzten dute eta beste askok ama izatea geroko uzten dute lanean toki on bat erdietsi arte. Unibertsitatean emakume askotxo dago, batez ere hainbat gradutan, biologian, adibidez, baina gero ardura postuetara ez dira iristen.

Arrakala handiak daude, eta handiena zaintzak eragiten duena da. Emakumeok Antartikara joan ahal izateko gizonek eraman behar dituzte haurrak medikuarenera, kartetan aritu aitonarekin, erostera joan eta arropa garbitu behar dute. Zaintza lanak eta etxeko lanak partekatzen ez diren bitartean ezinezkoa da emakumeok aukera berdinak izatea gure garapen profesionalean.

Enpresa munduan, ni nagoen alorrean, adibidez, gizon batek haurra izatea gauza ona da enpresarentzat, horrek esan nahi baitu bere egoera pertsonala egonkorragoa izanen dela, ez dela auskalo nora joanen, zentratua egonen dela enpresan. Aldiz, emakume batek umea duenean arazoa dator: orain bere lehentasunak aldatuko dira, ezin izango da beti libre egon, nahasiago ibiliko da, lanetik atera behar izanen du askotan… Arrakala horiek guztiak, eta soldatetan daudenak, desagertzen ez diren arte emakumeok etorkizun zaila dugu.

Soluziobidea?

Aldatu maila guztietan. Gizonezkoek ohartu behar dute pribilegioak galdu behar dituztela eta enpresek neurri batzuk bai ala bai hartu behar dituzte bateragarritasun erreala lortu ahal izateko. Gobernu mailan lege egokiak behar dira emakumeen garapen profesionala sustatzeko. Ameriketako Estatu Batuetako proiektu kide batek esaten zidan han kongresu batzuetan haurrak zaintzeko zerbitzuak dituztela, inor etxean gelditu ez dadin arrazoi horrengatik. Eta zenbait kasutan bazterketa positiboa egin beharko da emakumeen alde.

Desberdina litzateke mundu parekidea?

Nik uste dut baietz. Askoz lasaiagoa litzateke. Gerra, gorroto eta muga arazo askoz gutxiago legoke. Kooperazio eta komunikazio gehiago legoke, zalantzarik gabe.

Greba feminista

“Martxoaren 8an Antartikan ez dakit zer eginen dugun, baina zerbait bai, seguru. Dena den, nik uste dut greba azaroaren 3an hasi beharko genukeela eta urtarrilaren 1era arte iraun. Nafarroan emakumeok lan berdinarengatik %18 gutxiago kobratzen dugu, beraz, kontuak aterata, azaroaren 3ra arte baino ez genuke egin beharko lan”.  
 

Emakumeak, klima aldaketaren biktimak

“Berotze globalaren ondorioak gehien pairatzen dituztenak emakume pobreak dira, haiek bizi baitira lurrari lotuak eta oso baliabide gutxirekin. Adibidez, uholdeetan gehien hiltzen direnak emakumeak dira askok eta askok igerian ez dakitelako”.
 

Berdintasunaren alde

“Berdintasuna lortzeko emakumeen aldeko bazterketa positiboa egin behar da. Agian, hasieran, pribilegioak galtzeak gizon batzuei beldurra emanen die, baina onuragarria izanen da guztientzat. Gainera, pribilegio horiek gizon batzuentzat karga modukoak ere badira, asko eskatzen baitzaie soilik gizona izateagatik”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Matxismoa
92 urteko gizon bati kartzela zigorra ezarri diote, zaintzaileari sexu erasoak egiteagatik

Akusazioa onartu, eta eragindako kalteengatik, kalte ordainak ordaindu dizkio: zigorra jaitsi diote, eta, beraz, ez du kartzelara sartu beharko. Beste gizon batek aitortu du bost urtez bikotekideari sexu abusuak egin zizkiola: zigorra jaitsi diote hamahiru urtetik laura, eta... [+]


20 urteko gazte bat atxilotu dute Beasainen, sexu erasoa egitea leporatuta

Erasoa Loinatz jaietako azken egunean gertatu zen. Goierriko Itaiak elkarretaratze bat antolatu zuen gertakaria salatzeko.


Adin txikiko bat taldean bortxatzea leporatuta hiru gizon ikertzen ari dira Arabar Errioxan

Hiru gizonetatik bi adin txikikoak dira eta epaitegian deklaratu dute. Hirugarrenaren bila ari dira.


Mario Lópezi ezarritako 13 urteko kartzela zigorra berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hamahiru urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri ostean, zigorra berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak. Lópezek helegitea aurkeztu zuen sententziaren aurka, haren errugabetasun presuntzioa eta defentsarako eskubidea urratu zirela... [+]


2025-06-05 | Gedar
Urteko lehen lauhilekoan, ia 2.000 emakumek salatu dute indarkeria matxista EAEn

Sexu-erasoak, bikotekideen edo bikotekide ohien erasoak eta bestelako senideek egindakoak hartu dituzte kontuan zenbaketan. Bizkaian, %29 egin dute gora salatutako sexu-erasoek.


2025-06-04 | June Fernández
Meloi saltzailea
Ulertezina ulertzea

13 urteko mutil bat da Adolescence telesailaren protagonista, bere eskolako neska bat erailtzeagatik atxilotua. Lau kapitulutan zehar saiatuko gara ulertezina ulertzen, baina gidoilariek ez digute azalpen errazik emango, baizik eta bullying dinamika nahasiak, manosferaren eragin... [+]


2025-05-30 | ARGIA
Gizon batek 13 urteko alaba hil du eta bere buruaz beste egin du ondoren, Bilbon

Bilbon, Larraskitu auzoan, familiaren etxean gertatu da. Eztabaida bortitz baten ondoren emakumeak etxetik ihes egin du eta Udaltzaingoari deitu dio. Udaltzainek alabaren eta aitaren gorpuak aurkitu dituzte etxean. Emakumea ospitalera eraman dute zaurien ondorioz.


Baionako gizon bat epaitzen ari da Paueko Auzitegia, zortzi adin txikiko bortxatzea leporatuta

Salatu dute 69 urteko gizonak hogei urtean egin zituela erasoak. Donostian bi gizon atxilotu dituzte, adingabe bat bortxatzea leporatuta; beste bi gizon ere ikertzen ari dira, talde bortxaketako parte izan daitezkeelakoan. Salaketa jarri duen adingabea Gipuzkoako gizarte... [+]


2025-05-21 | Onintza Enbeita
Arlette Apraiz. Militante feminista
“Beste Gernika bat da hau, herriak hasieratik sinistu zion sexu abusuen biktimari”

2023ko abenduan notizietara salto egin zuen Gernika-Lumok: bertako saskibaloi entrenatzailearen kontrako salaketa bat zegoen sexu eraso jarraituak egitearren. Sare Feministaren izenean, zurrunbilo mediatikoan murgildu zen Apraiz.


Gizon bati hamasei urteko kartzela zigorra ezarri diote alaba bortxatzeagatik eta tratu txarrak egiteagatik

Gipuzkoako auzitegi baten arabera 2016 eta 2018 urteen artean bost aldiz bortxatu eta beste hainbat sexu eraso zein tratu txar egin zizkion, neskak 12-14 urte zituenean. Gizonari hamasei urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra eta kalte ordainetan 50.107 euro ordaindu beharra... [+]


Sexu erasoak egiteagatik zigortu dute Gerard Depardieu aktorea, baina ez da kartzelara joan beharko

Hemezortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio epaitegiak, baina ez du zigorra bete beharko. Azken hamarkadan, dozenatik gora emakumek salatu dute aktore frantziarraren sexu erasoen biktima izan direla. 2021ean Les volets verts filmaren grabaketan eraso ziela salatu zuten bi... [+]


2025-05-12 | Euskal Irratiak
“Errientaren apartamentua ikasgelaren gainean zenez, ikaslea hara eraman eta bortxatzen zuen”

Donibane Garazi inguruko herri ttipi batean sortua da Bea, eta 1970eko hamarkadan ondoko eskola publiko batean ikusi zituen bortizkeria, sexu eraso eta bortxaketak salatu dizkigu. Irakasleak eragiten zizkiela tratu horiek ama eskolako eta lehen mailako haurrei, mutikoak bortizki... [+]


2025-05-08 | ARGIA
Iratxe Sorzabal absolbitu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, “tratu gizagabeak” pairatu izana aitortuta

Epaiak dio 2001ean Sorzabalek egindako autoinkulpazioa "tratu txarren ondorioa" izan zela, eta beraz, "baliogabea" dela. 1995ean Irunen lehergailu bat jarri izanagatik atxilotu zuten 2001ean, eta bost egunez inkomunikatuta atxiki zuten, gogorki torturatuz.


Frantziako lehen ministroaren alabak ere salatu du “bortizki jipoitu” zutela Betharramgo ikastetxean

Alain Esquerrek idatziriko Le silence de Bétharram (Betharramgo isiltasuna) liburuan eman du lekukotza Helene Perlantek, François Bayrouren alabak. 1980ko hamarkadan egon zen ikastetxe katolikoan ikasle eta berrogei urte luzeetan isilik atxiki ditu bertan jasandako... [+]


Eguneraketa berriak daude