Hernaniarrek urte osoz eutsiko diote euskarari

  • Lehenengo ehun erronkalariak otsailaren 3an hasiko dira. Gaztelaniaz dituzten harremanak euskarara ekartzen saiatuko dira. Hilero ehun pertsona gehitzea da helburua. Hala, 2018an 1.100 hernaniarrek hartuko dute parte aurrekaririk ez duen erronkan.

Euskara Ari Du kultur elkarteak 2017ko abenduaren 2an aurkeztu zuen Hernanin ‘Baietz Hernanin!’ ekimena. Argazkian ageri dira egun hartan parte hartu zuten herritarrak. Erronkalariak euskaldunak eta euskara ulertzen dutenak izango dira, eta denek ekimenea
Euskara Ari Du kultur elkarteak 2017ko abenduaren 2an aurkeztu zuen Hernanin ‘Baietz Hernanin!’ ekimena. Argazkian ageri dira egun hartan parte hartu zuten herritarrak. Erronkalariak euskaldunak eta euskara ulertzen dutenak izango dira, eta denek ekimenean parte hartzen ari direla ohartarazten duen txapa bera eramango dute paparrean. Argazkia elkarteak berak utzia da.

Hizkuntza ohiturak aldatzeko hainbat ekimen izan da Hernanin azken urteotan. Azken ekinaldia 2016koa izan zen. Donostiako Egia auzoko ekimenari jarraituz, sei astez astekako txandatan 1.800 pertsonak hartu zuten parte indar-proba deitutako egitasmoan. 2017a egoste garaia izan da. 2016koa bizi izan zuten batzuek burua astintzen segi dute, ekimen hark jarraipena behar zuela argi zuten. Hala, jauzi handia eman eta 2018rako urte osoko plana egin dute. Euskara Ari Du kultur elkarteak antolatutako Baietz Hernanik! ekimena otsailaren 3an hasiko da eta abenduaren 31n bukatuko da.

Euskara Ari Du kultur elkarte sortu berrian hamar bat lagun elkartzen dira. 2017an bilerak egiten hasi eta urte osoko erronka prestatzea ez zen lehenengo bururatu zitzaien kontua, baina garbi zeukaten hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimenak iraunkorra izan behar zuela. Azkenean urtebeteko egitasmoarekin aurrera egitea erabaki zuten eta dardara sartu zitzaien asmoak hartu zuen dimentsioaz jabetuta. Prestaketa lanak pilatzen hasi ziren eta erabaki zuten lan boluntarioz soilik ezingo zutela aurrera egin. Udaleko Euskara Zerbitzura jo zuten laguntza eske eta Udalean aho batez erabaki zuten Euskara Ari Du elkarteari 40.000 euroko diru-laguntza ematea. Langilea kontratatu du elkarteak urte osorako. Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari ere ekimena aurkeztu diete, diruz lagundu dezaten. Hernaniko hainbat enpresatan ere atea jo dute babes ekonomikoa lortzeko asmoz. Harreman ekonomiko horien ondorioz baliteke enpresaren batek lantokian bertan ekimena abian jartzea.

Konpromisoa ez, erronka bai

2017an ekimenaren sustatzaileak elkartzen hasi zirenean ez zekiten urte osoko ideia erokeria ala egingarria zen. Beraiek erabaki beharrean, beste herritar batzuekin hitz egitea erabaki zuten eta 30 lagun hurbildu ziren. Haiek aurrera egiteko esan zieten, baina “ez dugu nahi konpromiso hitza erabiltzea, egokiagoa iruditzen zaigu erronka deitzea”. Bigarren bilera ere egin zuten eta are jende gehiago joan zen. Haiek ere ontzat eman zuten ideia, nahiz eta batzuk ez hain baikor izan: “Uste duzue hain erraza dela ohiturak aldatzea?”.

Eragile taldean ari direnek badakite ez dela egun bateko lana hizkuntza ohiturak aldatzea, baina garbi zuten ezer ez egiteak gutxiago balioko zuela.

Helburu nagusia ohiturak aldatzea da, baina Leire Otxotorena, Joxe Artola eta Axun Larbururekin egin dugun hizketaldian poliki-poliki beste helburu batzuk ere mahai gainera atera dira. Esate baterako helburua urte osoan aritzea da, ez 2016an bezala astebeteko erronkari heltzea. Urte osoan aritzeak ez du esan nahi erronkalari guztiak otsailetik abendura arituko direnik. Otsailerako ehun pertsona prest daude erronkarako. Asmoa da ehun horien laguntzaz edo bere kabuz hurbilduta martxorako beste ehunek izena ematea, eta horrela hilero-hilero. Batzuek ia urte osoan eutsiko diote aukeratutako erronka zehatzari eta beste batzuk, parte hartzen hasten diren hilabetearen arabera denbora gutxiagoz. Hilero, ebaluaketa gisa, hainbat galdera egingo dizkie erronkalariei Leire Otxotorena egitasmoko langileak: zer moduz ari diren moldatzen, zein zailtasun izan dituzten eta ea jarraitzeko asmoa duten. Erronka hilabetekoa baita, eta norberak erabakiko du segitu nahi duen ala ez. Erronka abanikoa zabala da; bikotekidearekin, lagunartean, familian, bizitzako eremu guztietan, ezezagunekin... egin daiteke euskaraz aritzeko ahalegina. Hernaniar bakoitzak aukeratuko du horietako erronka bat eta mantentzen saiatuko da. Erronkalariak bi eratakoak izango dira. Batzuk euskaraz ondo moldatzen dira eta euskaraz egin nahi dute. Besteek euskara ulertzen dute, baina ez dira hitz egiten moldatzen. Lehenengoek euskaraz norekin edo zein egoeratan egingo duten aukeratuko dute eta bigarrenek berari euskaraz egiteko eskatuko dute, esate baterako senideei, seme-alabei edo bezeroei.

Egitasmoak hainbat helburu bete ditzakeela esan dugu. Beste xede bat da hernaniarra konturatzea euskaraz bizitzeko aukerak badituela. Datuek ondokoa diote: hernaniarren %80k euskara ulertzen du, %60k badaki hitz egiten eta %30ak erabiltzen du. Ekimenaren eragileek nahiko lukete ondoko helburua lortzea ere: euskara ulertzen dutenak konturatzea harreman asimetrikoak eman daitezkeela eta beraiek eskatu diezaieketela euskaldunei haiei euskaraz hitz egiteko. Erdaldunak ere gogoan dituzte, urrunagoko helburutzat dute, baina nahiko lukete haiek esatea: “Horiek ere ari dira bada zerbaitetan...”, hau da, euskaldunen komunitatera gerturatzeko beharra sentitzea gustatuko litzaieke.

Antolatzaileek uste dute euskarari eusten saiatzen direnak beste gauza batez ohartuko direla: “Batzuek diote euskaraz bizi direla, baina egiaz ezin gara euskaraz bizi egun osoz eta edozein tokitan, agian euskaraz bizi da egunerokoan baina beti ez du lortuko euskaraz egitea. Erronka honekin errazago jabetuko da egoera horretaz”.

Abenduaren 3aren jiran, Eusko Jaurlaritzak eta Topaguneak antolatutako Euskaraldia egitasmoa izango da Euskal Herriko udalerri askotan. Galdetu diegu antolatzaileei ea nola ezkontzen den beraien egitasmoa bestearekin: “Euskaraldia eginda daukagu, 2016ko udazkenean egin genuen antzeko ariketa, aurreratuta goaz eta gure bidea segituko dugu”.

Umorez, gozatzeko asmoz, erronka gosez, heldu nahi diote hernaniarrek ekimenari, euskarak sarri duen zama eta neke kutsua alboratuta. Milatik gora lagun dantzan jarri nahi dituzte euskara mihian dutela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egia eredua
Ikasle gaztelania-hiztunak 48 orduz galegoz

Galiziako Oleiros udalerriko María Casares ikastetxe publikoko ikasleak dira. 12 eta 17 urte arteko 600 ikasletatik inork ez du eguneroko hizkuntza galegoa. Maiatzean erronka jo zuten hainbat irakaslek eta ikaslek: ea gai garen 48 orduz galizieraz aritzeko. 200 ikaslek... [+]


Hizkuntza ohiturak aldatzeko esperimentua

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte egingo da 11 egun euskaraz ekimena. Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskal Elkargoa, Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskaltzaleen Topagunea dira antolatzaile.  Beren datuen arabera,
60.000tik gora pertsonak eman du izena.


2018-10-28 | Igor Agirre
Hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimena
800 hernaniarrek hartu dute parte euskarari eusteko erronkan

Ezohiko egitasmoa dute martxan Hernanin otsailetik: urte amaierara bitarte, orain arte dituzten hizkuntza ohiturak irauli eta harremanak euskarara ekartzeko ahaleginean ari dira ehunka herritar. Hilero, 100 norbanako gehitzen dira ekimenera eta dagoeneko 800 herritarrek baino... [+]


Nerea Redondo, euskaraz bizi den egiatarra
"Edonork ez dauka gaitasunik edo baliabiderik hizkuntza-gatazka bati aurre egiteko"

Nerea Redondo eta bere ahizparen asmoa triatloia probatzea zen. Hala gerturatu ziren ekainaren 23an Donostiako X. Emakumezkoen Triatloira. Epailearen hitzek harri eta zur utzi zituen: “Por mis cojones que vais a hablar en castellano”. Alegia, bi ahizpen artean... [+]


Euskaraldia, hegemoniaren bila

Euskaraldia, EAEko instituzio nagusi guztietan PSErekin gobernatzen duen PNVk Topagunearekin izenpeturiko akordio estrategikoa da, ez nik hala esaten dudako, beraiek publikoki 2017ko Udaltopean horrela aurkeztu eta definitu zutelako baizik. Eta Euskaraldia da PNVk, bere... [+]


Eguneraketa berriak daude