María Victoria Sánchez-Bravo

"Ez dut nahi nire neba José Luisen izena garbitu besterik"

  • María Victoria Sánchez-Bravo Sollak badu iloba bat bost izen dituena: Luisa Ramona Humberta Anjela Juana da. 1975eko irailaren 27an Franco diktadoreak fusilatu zituen bost borrokalarien izenak daramatza neskak. José Luis Sánchez-Bravo Solla fusilatuaren arreba María Victoriak ez du inoiz ahaztuko.

Miel Anjel Elustondo
2017ko abenduaren 31
Argazkia: Zaldi Ero
Argazkia: Zaldi Ero
María Victoria Sánchez-Bravo (1952, Vigo, Galizia)

Arte dramatiko irakasle, oraindik orain sartu da erretretan. 18 urte bete eta ezkondu zen Vigotik Murtziara. Ordurako hila zuen aita. “Ez zuen gerokorik ikusi, zorionez”, esana du María Victoriak, aitak ez baitzuen bizi izan María Victoriak bizitakoa: José Luis fusilatu zutela. Harrezkero, neba José Luisen eta harekin batera fusilatu zituzten lagunen memoriaren zaindari jardun du María Victoriak. Memoriaren institutu osoa da, bera bakarrik, María Victoria Sánchez-Bravo Solla.

1975eko irailaren 27an Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenean fusilatu zituzten José Luis Sánchez-Bravo, Xose Humberto Baena eta Ramón García Sanz.

Trantsizio garaian, dena ezkutuan gordetzea, dena ahaztea erabaki zuten orduko alderdiek, Alderdi Sozialistak, Alderdi Komunistak… eta orain nori erreklamatu behar diot neba hil zidatela? Espainian gertatzen dena lotsamangarria da, ez da inon gertatzen. Horra eskuin muturreko jendea, falangistak, kalera irten eta jendea joka, laidoztatzen, edo hiltzeko mehatxua egiten, Madrilen alkate [Manuela] Carmenari bezala. Eta zigorrik ez. Ez naiz Kataluniaren independentziaren aldekoa, baina ez zait buruan sartzen erreferendumaren antolatzaileak kartzelara sartzea. Aldiz, lapurreta betean ari direnak, jendea jotzen, izuarazten… ez dute zigorrik. Non da justizia? Espainiatik alde egin nahi dut! Sumintzekoa da jendeak behin eta berriz horiexei ematea botoa. Nazkagarria da.

Galiziatik zatoz, Vigon hazi zineten.

Galiziarrak gara amaren aldetik, madrildar jatorrikoa genuen aita. Etxean bigarrena nintzen, hirugarrena zen José Luis, ni baino urte eta erdi gazteago. Ni 18 urterekin ezkondu eta etorri nintzen Murtziara, senarra hemengoa eginda. Artean, Luis, edo Luisiño, institutuan ari zen. Garai hartan ohi zenez, etxean ez zen politikaren gainean hitz egiten. Frankismoa zen. Geroko batean jakin nuen neba politikan sartuta zegoela.

Ezkondu zinen, gurasoen etxea utzi, etxekoekin harremana tartekatu. Urte batzuetara, zuregana jo zuen José Luisek.

Hil aurreko udan. Haurdun zuen emaztegaia eta ezkondu egin nahi zuten. Luis nirekin harremanetan jarri zen, nik Vigora beraren jaiotza-agiria eskatzeko, ezkondu ahal izan zitezen. Ordurako, ihesi zebilen Luis. Vigoko fabrika batean panfletoak banatzea leporatu zioten. Polizia gure etxera etorri baino lehen ihes egin zuen. Ama guztiz jota geratu zen, ez zuen Luisen berririk izan bi urtean. Neba nirekin harremanetan jarri zenean jakin zuen gure amak Luis Madrilen zebilela. Atzetik zebilkion Brigada Politiko Soziala, ez sí eta ez no tiroa jotzen zizun polizia hura, edo polizia-etxera eraman eta torturatzen zintuena. Hori ez da kontatzen. Ez PSOEk, ez PCEk esaten dute zer gertatzen zen garai hartan.

Neba torturatu zutela ikusi zenuen.

Bertatik bertara. Hebain-hebain egin zuten, odola egiten zuen txizatan, soina belztua zuen, aurpegia desitxuratua. Eta nola liteke tortura haien arduraduna, bizi baita oraindik, kalean libre ibiltzea? Lotsamangarria da. Nirekiko, dena den, PPk bezainbat kulpa dute, edo handiagoa, ezkerreko omen diren alderdiek, dena ezkutuan gorde nahi izan baitute. Ezagutzen dugu Alderdi Popularra, nondik datorren, nora doan, baina ezkerra isilik egotea? Lotsamangarria! Herria engainatzen ari dira.

Argazkia: Zaldi Ero.

Ezkondu ondoren, Murtzian, zure etxean izan zenituen Silvia eta Luis, iheslari.

Gure etxe batean bi egun eman zituzten, eta Mazarrón (Murtzia, Espainia) herrira joan ziren gero. Eta [Antonio] Pose guardia zibiletako tenientea hil zutenean Madrilen [1975, abuztuak 17], neba Murtzian zegoen Silviarekin. Nik banuen auto xahar bat, baina ez zebilela eta taxia hartu genuen Luisek, Silviak eta hirurok Murtziatik Mazarrónera joateko. Poseren hilketan parte hartu zuela leporatu ziotenean, taxilariari eskatu nion lekukotasuna emateko, adierazteko nola egun jakin batean eraman gintuen hirurok Murtziatik Mazarrónera. Neba ez zuten hilketaren egile material izateaz akusatu, baina akabatu egin zuten, hala ere. Txikitu egin zuten, eta txikitu egin gintuzten.

Familia, esan nahi duzu.

Gure familia txikitu zuten. Beste neba batek, Manuel Anjelek, bere buruaz beste egin zuen handik urte batzuetara. Hirugarren solairu batetik bota zuen bere burua: hankak hautsi zituen, eta ospitalean eman zuen uda. Ondoko urtean ez zuen huts egin. 1983ko uztailaren 5ean bederatzigarren batetik bota zuen bere burua. Manuel Anjelek ez zuen anaia galtzeak ekarri zion mina gainditu. Carabancheleko kartzelan (Madril, Espainia) eman genuen gau-kaperan gelditu ere ez zen egin Manuel Anjel. Haren sufrikarioa, haren inpotentzia. Eskuak erre zituen zigarroekin… Gorriak ikusi zituen, ez zuen beste anaiarik, arrebak besterik. Nire ahizpa Dolores Fek ere inoiz ez zuen burua jaso. Depresioak jo zuen, pastillaz bete zuten, eta horrelaxe lehertu zen. 1975ean hil zuten José Luis, 21 urterekin; 1983an egin zuen bere buruaz beste Manuel Anjelek, 25ekin; hirugarrena, Dolores Fe izan, 33 urte zituela hila...

María Victoria bere amarekin Madrilen epaiketa egunetan. Argazkia María Victoriak utzia da.

Zer diozu gurasoen minaz?

José Luis zen etxean amari gehien laguntzen ziona. “Ez dut bera bezalako seme-alabarik izan”, zioen gure amak, “Eta kendu egin didate”. Min horrekin bizi izan zen hil artean. Murtziara ekarri nuen bizitzera, nire altzora. Noizean behin esaten zidan: “Zer egiten dut nik bizirik munduan?”. Bera bizirik, eta hiru seme-alaba hilik. Ez zitzaion buruan sartzen. Orduan, nik esaten nion: “Ama, behar zaitut!”. Laguntza behar nuela esaten nion, bestela alde egingo zidala iruditzen zitzaidan, ez baitzuen bizitzeko gogorik. Latza izan da, latza, eta azkenean libre irten dira arduradunak, hemen ez da ezer gertatu, zigorrik ez da ezarri, ahaztu egin behar zela esan zuten, ezin zitekeela besterik egin. Beharbada, garai hartan ezin zitekeen bestela izan, baina gero ere ez? Garbiketa egin behar zen, eta krimen haien arduradunak epailearen aurrera eraman, eta Espainian ezin bada, Espainiatik kanpora.

José Luis eta beraren emazte Silvia Carretero Murtziatik Madrilera itzuli ziren. Hurrena noiz izan zenuen haien berri?

Abuztuaren 29an neba atxilotu zutenean. Prentsan irakurri nuen. Nebaren aurpegia ikusi nuen, ezin sinistuta, artean Mazarrónen zeudela uste bainuen. Gero, jakinekoa, abokatu bila abiatu nintzen. [José María] Gil-Roblesengana jo genuen, onena garai hartan. Hark, ordea, ezetz, baina Paka Sauquillo, Fernando Salas eta hauen bulegoko telefonoa eman zigun. Abokatu zoragarriak. Beraiek arduratu ziren. Saiatu ziren, baina ez zegoen zer egin. Prest zuten dena. Heriotza zigorra. Epaiketa ez zen izan simulakroa besterik. Ez ziguten frogarik onartu.

Epaiketan izan zinen.

Aretotik atera eta, amarekin batera, Madrileko DGSera [Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusia] eraman ninduten, atzetik beste auto batzuk zetozela. Gurearen atzetik, Billy el Niñorena. Atzerago, atzerriko prentsa. Eta eskerrak atzerriko kazetariak zetozen. Nik uste haien lekukotasunaren beldur eraman gintuela poliziak hotelera, ni DGSen utzi beharrean… Artean epaiketa aretoan, nebari heriotza zigorra eman ziotenean nik “Luis!” hots egin nuen, eta berak burua jiratu zidan. Orduan, ondoan zuen polizietako batek kazkarreko bat eman zion, aurrera begira zezan. Ni hoska hasi nintzen: “Hiltzaileak, kriminalak!”. Aretotik atera ninduten.

Gau-kapera etorri zen gero.

Bai. Humberto Baena ziegan alde batean, neba erdiko ziegan, Ramón [García Sanz] beste aldekoan. Abuztuaren 29an atxilotu zuten José Luis, irailaren 27an fusilatu, eta artean odola egiten zuen txizatan, belztuta soina, begirada galdua. Txikituta zegoen. Haren emazte Silvia Yeseriaseko (Madril) kartzelan zeukaten, eta handik ekarri zuten. Nebak Silviaren sabela laztantzen eman zuen gaua, esperoan baitzegoen, lau hilabeteko. Gure familia han zegoen, Baenarena ez zen azken ordu arte iritsi, senideak Vigotik baitzetozkion. Ramón aitazurtza zen eta amaren berririk ez zuten… José Luisekin geunden Silvia, gure ama, nire ahizpa Dolores Fe, neba Manuel Anjel eta bostok, eta banatu egin ginen Baenarekin eta Ramónekin ere egoteko, hauekin abokatua beste inor ez baitzegoen. Ikaragarria izan zen gau-kapera hura. Galiziako kantuak kantatu genituela gogoratzen naiz... Ez diot inori opa. Orain ez dut nahi nire nebaren izena garbitu besterik. Ez zen terrorista, ez zen hiltzailea. Bizi naizen artean esango dut: neba gizon zintzoa zen, gizon ona, zentzuduna.

Argazkia: Zaldi Ero.

Lau hilabeteko zegoen José Luisen emazte Silvia. Alaba jaio zen, eta gaur egun Espainiak Herbehereetan, Hagan, duen enbaxadan idazkari da, aitaren memoriatik aldenduta.

Ez zuen aita ezagutu, jakina. Nire begietako ninia izan zen txikitan, nebaren alaba zelako, eta nik seme bi bai baina alabarik ez dudalako izan. Ez dakit Madrileko Frantses Lizeoan jaso duen hezkuntzak ere ez ote duen aitaren iruditik aldendu. 42 urte ditu, eta 18 urte bete eta lizeo amaierako festa egin zutenean utzi nion harekin harremanak izateari. Festa ikusgarria egin zuten Madrileko Palace hotelean. Hango limusina eta hango Koplowitz-ak. Nire printzipioen kontra zen hura, eta ez nintzen joan. Neskak izena aldatu zuen: Louise Sánchez Rostou ageri da, baina, egiatan, Luisa Ramona Humberta Anjela Juana Sánchez-Bravo Carretero da.

Aitaren izena ez ezik, Humberto Baenarena, Ramón García Sanzena, Anjel Otaegirena eta Juan Paredes Txiki-ren izenak daramatza.

Esan izan du oso pertsona diskretua dela, egunkariek irainka eraso ziezaioketela. Baliteke, ezagutzen dugu-eta prentsa. Baina min eman zidan ilobak izena aldatzea, eta kito, ez nintzen festa hartara joan. Harrezkero ez dut haren berririk izan.

Hoyo de Manzanaresen, Madrilen, fusilatu zituzten Humberto Baena, Ramón García Sanz eta zure neba José Luis.

Eta hantxe izan nintzen. Fernando Salas abokatua eta biok fusilamendu lekuraino abiatu ginen, baina ez ziguten bertaraino joaten utzi. Hala ere, garbi aditu genuen tiro hotsa, barrundatu genituen fusilatuen siluetak. Gero, fusilatze lekutik behera ikusi genituen poliziak, irriz eta karkaila. Ez dakit sustantziaren bat hartua zuten, edo edan zuten, baina pozik zetozen, hala guardia zibilak nola poliziak, exekuzio pelotoiak osatu zituzten boluntarioak. Gorpuak plastikozko poltsan sartzen ari ginenean Fernando Salas eta biok, asto beltzarenak eta bi esan nizkion sententzia eman zuen epaile militarrari. Zuri-zuri zegoen. Haren gustukoa ere ezin izan ikusten ari zena. Prentsari ez zioten igarotzen utzi.

Zure nebaren izena garbitzeaz ari zarela, 2012an Eusko Jaurlaritzak indarkeria politikoaren biktima aitortu zituen Txiki eta Otaegi. Aurten berean, berriz, Kataluniako Parlamentak frankismo garaiko epaiketak ezeztatu ditu.

Espainian pentsaezina da horrelakorik. PP agintean dagoelarik, pentsatu ere ez. Eta PSOEk agindu duenean ere, zer egin dute, bada? Nik ez dut bataren eta bestearen artean alderik ikusten. Non da diferentzia? Eta zer egin zuen PCEk, zer egin zuten [Santiago] Carrillok eta [Dolores] Ibarrurik? Ahaztu egin behar omen zen. Amnistia denentzat, batzuentzat eta besteentzat. Nire neba torturatu zutenentzat ere bai? Amnistia? Utik! Eta orain zer ari gara ikusten? Eskuin muturra gero baino gero harroago dabilela. Utzi egin dietelako. Estatuaren laguntza dute, prentsarena, eta sistema judizialarena. Hau Espainia da, adiskidea, hau Espainia da. Herri honetan jende askok baztertu gaitu. Gure semeak, besteak beste, Sánchez-Bravo direlako. Gu bizi ginen kalean, Vigon bertan, goian zerua eta behean lurra bizi zen batek ni ikusi eta gogoan dut ondoan zuenari esan ziona: “Begira, terroristaren arreba!”. Zer jan ez duenak PPri botoa ematen dionak bezala. Zeinek ulertu? Zoratuta gaude. Mundua azpikoz gora dago. Ez dut ulertzen… Aizu, Otaegi fusilatu zuten, eta bestea? Tiroa jo ziotena? Garmendia zen, ezta?

Bai, Jose Antonio Garmendia Artola.

Gogoratzen naiz…

Tarancón

“Orain Espainiako errege-erregina emeritu direnei telegramak bidali nizkien, eta [Vicente Enrique] Tarancón kardinalarekin hitz egiten ere saiatu nintzen. Gau osoa eman nuen haren jauregiaren atarian, errezibitu zain, beste kondenatu baten ahizparekin. Tarancónen Mercedes beltz handiaren aurrean ere paratu ginen. Aita santua Madrilera etortzeko eskatzen genuen, Franco eskomikatzea. Baina diplomazia nagusitu zen, eta horrela hil zituzten bostak”
 

Zakurrak oinutsik ez

“Lehengo batean, lagun batekin alderdi politikoen gainean ari ginela, leku guztietan zakurrak oinutsik direla esan zidan.
Baina ez da egia. Batzuk lapurreta bizian ari dira. Beste batzuk, aldiz, etxerik gabe daudenen alde ari dira, dirurik ez dutenen alde lanean. Ez, ez, leku guztietan zakurrak oinutsik ez”
 

Podemos

“Podemos-en sartu nintzen, ustez hortik onik etorriko zelakoan, baina ez da etorri. Asmoa zuzena zen, baina gizakiak huts egin du. Manuela Carmena, Ada Colau… miresgarriak zaizkit, baina zaila da inork besteren ongiaren alde bere burua erabat eskaintzea.
Botereak usteldu egiten du gizakia, askok esan dute nik baino lehen, eta ez da gezurra”

Azken hitza: Billy el Niño

“Guztiaren gainetik, gauza bat azpimarratu behar da: kalean libre dabilen Billy el Niño [Antonio González Pacheco, frankismo garaiko polizia, Poliziaren Goi-mailako Kidegoko inspektore Trantsizioan] epailearen aurrera eraman behar dela, justizia egin eta geratzen zaizkion egunak kartzelan igaro ditzan. 70 urte izango ditu honezkero. Igaro ditzala barruan geratzen zaizkion urteak”

Kanal hauetan artxibatua: 1975eko fusilatzeak  |  Frankismoa

1975eko fusilatzeak kanaletik interesatuko zaizu...
August Gil Matamalari mila eskerrez irailaren 28an

Irailak 27, krimenaren +42. urtea. Gezurra dirudi Bartzelona urrunean abokatu zahar bati eztarria korapilatzea, euskaldunok espektakulutan entreteniturik gabiltzan bitartean.


Otaegiren fusilatzea argitzeko eskaerari ezetz esan dio espainiar justiziak, 42 urteren ondoren

Tramitera ere ez dute onartu auzitegiek eskaera. Azpeitiko Udalak eta familiak frankismoaren krimenen kontrako Argentinako kereilara batuko dute kasua.


2016-09-27 | Uztarria
Kereila kriminala jarri du Angel Otaegiren familiak, hilketaren ardura argitzeko

Haren hilketaren erantzuleak zeintzuk diren argitzea eta horiei ardurak eta erantzunkizunak eskatzea nahi dute. Horretarako, sumarioaren kopia bat eskuratzea nahi dute. Bidea "zaila" izango dela azaldu du Angel Otaegiren familiako abokatuak, baina "merezi" duela uste dutela azpimarratu du. Eneko Etxeberria alkateak, bere aldetik, "justizia eta erreparazioa" aldarrikatu ditu. 


2015-09-27 | Juan Mari Arregi
1975eko fusilatzeak
Prentsa klandestinoa elkartasun sortzaile

1975eko salbuespen egoerari eta frankismoaren blokeo informatiboari aurre egiteko sortu genuen "Noticias del País Vasco durante el estado de excepción" buletina. Zenbaki bakoitzetik 50.000 ale banatu ziren isilpean eta eskuz esku, Euskal Herrian,  Espainiako Estatuan, baita Europako beste herrialde batzuetan ere. Hauxe duzue esperientzia klandestino haren atzean egon zirenen historia.


Mertxe Urtuzaga Otaegi
"Pentsatzen ez genuena etorri zen: biktima aitortu zuten Anjel"

Kanposantuko nuarbeko aldapan gora / Orduan haurrak zirenak / Zazpi pinuak zain dauzkate / Kanposantuan ateak beti zabalik nuarbek. Poema gidari hartu eta abiatu gara kanposantuko Nuarbeko aldapan gora, orduan haurra zen Mertxe lagun harturik. Poetak ez dio gezurrik: kanposantuan ateak beti zabalik Nuarbek.


1975. urtea
Hiltamuaren kronika

40 urteko diktaduraren ondoren Francok azken hatsa eman zuen 1975ean. Urte sinbolikoa izan zen inondik ere, frankismoaren aparatuen (polizia, oligarkia, justizia...) eta jendartearen arteko hortik aurrerako pultsuak zedarritu zituelako 1978an ernalduko zen erregimen konstituzionalaren moldeak. Gero eta gehiago dira pentsatzen dutenak “Trantsizio” deituriko aldi horretan sortu zen sistema politikoak muga itzelak dituela, ezin dela estatu bat eraiki beldurra, amnesia eta inposiziotik... [+]


Antonia Manot
"Semearena gertatu baino lehen ere, jendeak ikaragarri lagundu zidan hemen"

1975eko irailak 27. Franco azkenetan, Juan Carlos I.a Borboikoa ordezko izendatua. Bost fusilatu: Txiki, Otaegi, Sanchez Bravo, Baena, Garcia Sanz. Txikiren ama da Antonia Manot. Zalamea de la Serenatik Zarautza, Bartzelonatik barrena…


Miguel Castells: «Ahal nuen guztia eta gehiago eman dut errepresioaren kontrako abokatu lanean»
Miguel Castells Artetxek 1956tik gaur arte abokatu lan asko eta ezberdinak egin dituen arren, gure gatazka politikoaren auzietan lortu du fama. Horietako batzuen arrastoa berak edo bera tartean zela idatzitako liburuetatik segi dezakegu. El proceso de Euskadi en Burgos -Pako Letamendia "Ortzi"rekin bikotean Pierre Celhay ezizena erabiliz- plazaratu zuen Ruedo Ibérico mitiko hartan 1971n, Consejos de Guerra en España, Fascismo contra Euskadi 1976an -berriro seudonimoz-, Los procesos políticos... [+]

2003-01-05 |
FRANCOREN AZKENA
Frankismoaren azken urteetako gizartean eta kulturan gertatutakoaren kronika egiteko, 1973tik 1975era ZERUKO ARGIAn argitaratutako testu esanguratsuenak bildu ditu Pilar Iparragirrek, "Franco hil da" liburuan.

Liburuak, ARGIAk iaz hasitako ildoari jarraipena ematen dio. "Hitzak" izenburupean argitara eman zen liburuaren segida baita hau. Jarraipena izanik ere, bi liburuon artean bada desberdintasun nabarmen bat. Izan ere "Franco hil da" liburua Frankismo garaiko gertaeren inguruko kronika bat da... [+]


2000-09-24 | Mikel Asurmendi
TXIKI ETA OTAEGI
1975EKO IRAILAK 27: HERRI HONEN IRAGAN HURBILA
1975eko irailaren 27a egun gogoangarria da Euskal Herriaren eta borrokalarien historian. Franco diktadoreak ETAko Juan Paredes "Txiki", Angel Otaegi eta FRAPeko Jose Luis Sanchez, Jose Humberto Baena eta Ramon Garcia Sanz militanteak fusilatu zituen.

ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude