"Kontrasalaketekin, erasotzailea eta biktima maila berean jartzen dira"

  • Indarkeria matxistagatik salatutako gizonezkoek biktimaren aurkako kontrasalaketa jartzea gero eta ohikoagoa dela nabaritu dute genero indarkeriaren aurka lanean ari direnek. Juana Balmaseda Ripero abokatuaren esanetan, emakumearen salaketari sinesgarritasuna kentzeko estrategia da. Elkar salatu badute, maiz etxe barruko liskartzat jotzen da gertatutakoa, indarkeria matxistatzat hartu ordez. Genero indarkeriari eta sexu erasoei aurre egiteko Emakundek koordinatutako lantaldean, abokatuen arloaren ordezkaria da Balmaseda.

Argazkia: Aritz Loiola.
Argazkia: Aritz Loiola.

Erasotzaileek biktimaren kontrako salaketa jartzea, estrategia judizial gisa, gero eta ohikoagoa da?

Zuzenbidearen munduan ibilbide luzea egin dut eta argi eta garbi esan dezaket, azken urteetan ikusi dudanaren arabera, erasotzaileek asko ikasi dutela. Beren aurkako salaketei aurre egiteko garatu dituzten estrategien artean, ohikoa da salatuak ere salaketa bat jartzea, hau da, ustez tratu txarrak eman dituenak biktima salatzea gero eta gehiago ikusten ari gara.

Zer arrazoi daude estrategia horren atzean?

Batetik, jakina, prozesu judizialera begirako estrategia da. Bestetik, biktimari indarra kentzeko asmoa ere badago, edo haren sinesgarritasuna zalantzan jartzea, duda sortzea. Honek eragin ditzakeen perbertsioak oso handiak izan daitezke, prozesu guztia desitxuratzeraino.

Badirudi estrategia horrek emaitza ona ematen diela batzuetan.

Salaketa jaso duten gizon askok biktimatzat dute beren burua. Emakumeari mesede egiten dion sistema batek kalte egin diela uste dute, eta justizia arloko hainbat eragilek mezu horiek aintzat hartzen dituzte. Sistemak bere oinarri patriarkala agerian uzten du, interes hutsagatik ipinitako salaketa batetik abiatu eta gizonaren alde jartzen denean. Garbi dago honek mesede egiten diela estrategia horri ekiten diotenei, bestela ez lukete egiten segituko.

“Tratu txarrak jasan eta, hala ere, indarkeriagatik emakumeak berak kondena bete behar izan duen kasu bat baino gehiago ezagutzen dut”

Egokiak dira gaur egungo legeak?

Hemen badugu arazo nabarmen bat, ze biktimei babesa emateko legea badago, Lege Integrala esaten zaiona, kritikagarria izanda ere neurri eraginkor asko eskaintzen dituena. Baina legea izatea ez da nahikoa, emakumeen aurkako indarkeria ulertzeko eta haren aurrean nola jokatu jakiteko zinezko kultura kritikoa ere behar da, legea aplikatu eta interpretatzeko formakuntza. Genero ikuspegia eta ikuspuntu feminista kontuan hartu behar dira. Gizartean zabaldu da feminismoa jarrera ideologiko erradikala dela, gizonen aurkakoa. Ezta pentsatu ere, hain zuzen ere, feminismoa halakotzat hartzea ikuspegi matxistatzat joko nuke. Feminismoa behar dugu ikuspegi kritikoa izateko legea irakurtzeko orduan. Legea interpretatzen ere jakin behar baita, itxuraz neutroa da legea, baina ezer neutrorik ez da, are gutxiago auzi honetan. Epaileek, fiskalek, abokatuek eta abarrek formakuntza teknikoa izatea ez da nahikoa, genero gaiak ulertzeko formakuntza ere behar dugu.

Formakuntzarik ezean, gizartean hedatutako aurreiritzien menpe dago justiziaren arloa?

Prozesuan parte hartzen duten guztiek gogoan izan behar dituzte hainbat aldagai, esate baterako, maiz erasotzailea eta biktima ez direla posizio berean egoten. Justizia administrazioan txipa aldatzeko nolabaiteko erresistentzia sumatzen dut batzuetan, alor guztietan daude aurreiritziak. Autokritikarik egin ezean, gizartera zabaltzen dira funtsik gabeko zurrumurruak, adibidez emakumeek salaketa faltsu asko jartzen dituztela. Kontrara da, oraindik indarkeria mota asko guztiz isilduta daude. Emakumeentzat ahalegin handia da salaketa jartzea, ez doaz arinkeriaz epaitegira nik ez dakit zer onura eskuratzeko. Zoritxarrez, epai batzuk irakurrita nabarmena da aurreiritzi batzuk oraindik badaudela. Horregatik, erasotzaileak biktima salatzen badu, lagundu egiten du aurreiritzi horiek indartzen.

“Beharbada bai, emakumeak egin du erasoa, baina atzean dagoena ikusi behar da, defendatzeko egin duen adibidez”

Erasoa jasan duten emakumeak salaketarik ez jartzera bultza ditzake horrek?

Pentsa emakume batek ikusten duela bera ere zigor dezaketela, etxe barruko indarkeriagatik. Beharbada bai, egin du erasoa, baina atzean dagoena ikusi behar da, defendatzeko egin duen adibidez. Halako kasuetan sistema judizialean zuen konfiantza galdu egiten du. Pentsa zer den erasoa salatu eta, azkenean, norberak kondena jasotzea eta beste partea epaiketatik onik irtetea. Tratu txarrak eman dituena da garailea kasu horietan. Beste indarkeria mota bat da, sistema judiziala tratu txarrak emateko erabiltzea da.

Azken batean, biktimak, gehienetan, ez dira biktima perfektuak, antzezlana edo filma balitz bezala. Izan liteke gertatutako guztiaz ez oroitzea, kontraesan batzuk izatea, bere egoera ondo azaltzen ez jakitea edo frogak une egokian ez aurkeztea. Hori da errealitatea, eta erasotzaile askok hori baliatzen dute, kasua beren alde jartzeko. Abokatu garestiak hartzen dituzte. Botere asimetria dago eta hori salaketaren ondorengo prozesuan igarri egiten da.

Erasotzaileek, epaiketan erruduntzat jota ere, behar luketena baino kondena txikiagoa jasotzen dute kontrasalaketaren estrategiari esker?

Bai, tratu txarrengatik aurrez egon den salaketari indarra kentzeko modua da. Aurrekaririk ez badago edo emakumeak lehenago ezer ez bazuen salatuta, epaileak pentsa lezake bikotearen barruko liskar bat baino ez dela izan. Eraso matxistari larritasuna kentzen zaio. Epaile batzuek nahiago izaten dute bide errazetik jo eta biak absolbitzea. Beste zenbaitetan, ordea, epaileak ikusten du biek erabili dutela indarkeria, eta biei ezartzen die zigor berdina. Egoera hori ikusita, biktima askok akordioa egitea erabakitzen dute, azkenean erasotzailea eta biktima maila berean jartzen dira eta, gainera, epaiketak ez du aurrera egiten.

Egokiena borrokatzea litzateke, baina beti ez da gertatzen, askok nahiago dute aurrera ez egin, ondorioen beldur direlako. Tratu txarrak jasan eta, hala ere, indarkeriagatik emakumeak berak kondena bete behar izan duen kasu bat baino gehiago ezagutzen dut. Normalean ez dira zigor gogor-gogorrak izaten, baina kezka ugari datozkio emakumeari burura: Seme-alaben zaintzarekin zer gertatuko den zalantza eragiten dio, esaterako.

“Epaileek, fiskalek, abokatuek eta abarrek formakuntza teknikoa izatea ez da nahikoa, genero gaiak ulertzeko formakuntza ere
behar dugu”

Nola animatu egoera horretan dauden emakumeak borrokan segi dezaten?

Emakumeak salaketa jartzera animatu behar ditugu, baina zer aurkituko duten garbi azaldu behar zaie. Babes egokia eman behar zaie, ez bakarrik legearen arloan. Baita osasunean, psikologian eta beste alor askotan ere. Era honetako prozesu bati aurre egitea gogorra da eta emakumea prest egotea komeni da, ahalduntze kontu bat da. Konpromiso politikoa eta soziala behar da, biktima ezin da bakarrik utzi egoerari buelta emateko ahaleginean.

Eraso egin dioten emakume bati zer gomendatuko zenioke, prozesuan ahalik eta bermerik gehien izan dezan?

Aurrena, eraso fisikoa bada behintzat, osasun zentrora joatea gomendatuko nioke, lekukotza egon dadila, eta ondoren salaketa jarri. Aholkularitza juridiko aproposa bilatzea ere ezinbestekoa da, salaketa jartzeak zer dakarren ezagutu behar du. Gainera, segurtasunaz arduratzea komeni da, maiz salaketa jartzea eta etxera bueltatzea norbere burua arrisku handiagoan jartzea da. Emakumeei orientazioa ematen dieten guztiek erantzukizun itzela dute, aholku egokiak emateko eta biktimaren ikuspegia errespetatzeko. Tsunami judiziala dakar salaketak, horri ezin zaio edonola aurre egin.

Epaiketetan ari zaretenontzat, aldiz, zein da salaketa faltsuak atzemateko bidea?

Ustezko erasotzaileak salaketa jarri izanak ez du esan nahi faltsua denik. Berak bere ikuspegitik azalduko ditu gertaerak, izan liteke biktimak erasotzailea jo izana bere burua babesteko. Baina bereizi egin behar da zer den defentsarako erabilitako indarkeria. Horretarako, frogei kasu egin behar zaie, perituen edo lekukoen esanei. Salaketan deskribatzen diren gertakariak benetan hala gertatu diren begiratu behar da, batzuetan agerikoa da kolpe edo zauri bat defentsarako baino ez dela izan. Tratu txarren berri izaten dugunean, ezinbestekoa da ulertzea hori ez dela gertakari isolatu bat, arazo sakonago baten ondorioa baizik. Hori barneratu ezean, ez da erraza ikustea nor den benetako biktima, honek zer laguntza behar duen eta zer baliabide eskaini behar zaizkion.


ASTEKARIA
2017ko azaroaren 19a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Indarkeria matxista
2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Psikologo gutxiago indarkeria matxisten biktimak artatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeak Babesteko eta Familiei Laguntzeko zerbitzuan, lau psikologotik hiru kendu dituzte. Are gehiago, langileek salatu dute indarkeria matxistaren biktimak artatzeko plan berriak emakume ugari uzten dituela kanpoan.


2024-04-16 | ARGIA
Gizon bat atxilotu dute Ziburun, emakume bat hotel bateko bosgarren solairutik jausi ondoren

Emakumea oso larri dago erietxean, Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. Haren bikotekidea izan daitekeen gizona fidantzarik gabeko atxiloaldian sartu dute, aurrekariak dituelako.


Nafarroan sexu indarkeria pairatzen duten emakumeen %70ak 30 urte baino gutxiago ditu

Indarkeria matxistaren datu "onartezinak" salatu ditu Txibite presidenteak. Izan ere, Nafarroan erregistratutako salaketen %17 sexu-indarkeriagatik dira. Hartara, bihar zabalduko duten Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentro "seguru eta konfidentzialaren"... [+]


Eguneraketa berriak daude