Neska eta mutilek elkarrekin ala banandurik jokatu behar dute?

  • Pentsa liteke, berdintasunean oinarritutako heziketa bermatu nahi bada, eredu mistoa dela egokiena. Hala uste du adibidez Itsaso Nabaskues futbolari ohi eta EHUko ikerlariak. Datuek, baina, bestelakoa erakusten dute sarri: elkarrekin jokatzen dutenean mutilek hartu ohi dute protagonismoa eta, gainera, ezin esan daiteke eskola kirolean nesken parte-hartzea areagotzen denik. Hori horrela, gaur gaurkoz eredu bananduaren alde egiten du Ainhoa Azurmendi eskubaloi jokalari ohi eta berdintasun gaietan adituak. Bi elkarrizketatuak bat datoz: hezkidetza oinarritik bertatik hasi behar da lantzen.


2017ko irailaren 26an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

“Eskola kirolean partaidetza mistoa ezartzeak ez du esan nahi berez emakume eta gizonen berdintasuna sustatzeko modu onena denik, batik bat, sozializazio prozesuan haur guztiek emakume eta gizon izateari buruz ingurutik jasotzen dituzten muturreko mezuengatik, kirol arloak berezko duen izaera maskulinoagatik, eta hezitzaileek hezkidetza lantzeko dituzten mugengatik”, irakurri dezakegu Eskola kirolean neska-mutilen partaidetza mistoa edo banatua: datuetan oinarritutako proposamena (pdf) txostenaren sarreran. Eta amaieran: “Eskola kirolean neska-mutilek banatuta jokatu dezaten iritzia mantentzen dugu. Egia da tarteko ereduak oso egokiak izan daitezkeela, esaterako, jarduera berezietan (orientazioan, piraguan, herri kiroletan…) elkarrekin eta taldekako kiroletan banatuta jokatzea. Alabaina, eredu horrek erabateko estrategia edo heziketa eredu baten barruan egon beharko luke”. Avento aholkularitza-enpresak egin du txostena, Hernani eta Pasaiako udalen eskari banari erantzunez. Bi udalerriotako eta Astigarraga, Beasain, Zumaia eta Gipuzkoako beste hainbat ikastetxeren jarduna aintzat hartuta, txostenaren egileek diote ez dutela ezagutu eredu mistoak nesken partaidetza handitzea ekarri duen esperientziarik; bai, ordea, kontrakoa eragin dutenak.

Avento enpresako kide Ainhoa Azurmendi.

Txostenaren ondorio nagusiak harritu egin gaituela kontatu diogu Avento enpresako kide Ainhoa  Azurmendiri, ez genuela uste hain argi egingo zuenik neska eta mutilak banatzearen alde. “Ez zara bakarra”, erantzun digu. “Jendeak pentsatzen du, berdintasunaren defendatzaile izanik, partaidetza mistoaren aldekoa behar dudala izan. Ez naiz absolutista, eskola kirolaren ingurukoak etengabe errebisatu behar dira, baina gaur gaurkoz, ez dut uste eredu mistoa egokiena denik. Ez gaude erronkari erantzuteko prest”.

Baloia, mutiletik mutilera

Kirol ez formalaz hitz egin digu, txikiak garenetik plazer hutsez espontaneoki egiten dugun jardueraz; eta nola, oro har, gizarteko beste hainbat esparrutan bezala kirolean ere, espazio publikoa mutilek hartzen duten gehienetan. Tradizioz gizonen espazioa baita kirola. Aipatu dizkigu sozializazio prozesua, gorputzaren jabekuntza, familiaren eragina kirola praktikatzerako orduan, inguruneak gugandik espero duena, estereotipoak… eta horiek guztiek zer nolako eragina daukaten neskek kirolarekin izango duten hartu-emanean.

Jarduera ez formalean gertatzen den gauza bera sumatu du Azurmendik eskola kirolean ere, taldeko kiroletan bereziki: “Mutilek hartzen dute protagonismoa, eta askotan neskek euren espazioa eztabaidatu gabe uzten dute”. Aventoko teknikariek benjamin mailako talde mistoen lau partida behatu zituzten Pasaia-Lezon, eskubaloiko eta futboleko bina. Eta jabetu ziren, besteak beste, pase gehienak mutilen artekoak izan zirela eta hamar goletatik bederatzi eurek sartu zituztela. Halaber, neskek baino iniziatiba jokabide gehiago azaldu zituzten mutilek; esaterako, baloia galdu ostean neskek ez zuten borroka egiten hura berreskuratzeko, mutilek baloia hartzeko keinua egitean orohar azkar etsitzen zuten neskek. “Gizartearen ispilu dira jarrera hauek, emakumeen gorputza eta espazioaren jabekuntza ezaren ondorio”, dio txostenak.

Hezitzaileak hezi beharra

Azurmendik azaldu digu guraso askok agertu diola eredu mistoaren aldeko iritzia, euren alaba koadrilan-eta mutilekin batera ibilita, ulertezina zaielako eskola kirolean bananduta aritzea. “Gaurko ogia biharko gosea, ordea, kadetetara heltzean ezin izango dutelako elkarrekin jokatzen jarraitu”, esan digu. Eredu mistoa jarri nahi bada, kirol ibilbide osoa irauli beharko litzatekeela uste du Azurmendik, eta ez gaudela puntu horretan. Esaterako, ezin esan daiteke hezkuntza sisteman genero ikuspegia barneratuta dagoenik. “Zoritxarrez, genero ikuspegia ez dago curriculumean erabat txertatua”.

Eskola kirolaren inguruan diharduten aditu, irakasle, hezitzaile eta begiraleek, hezkidetzaz nahikoa ezagutza ez dutela dio Azurmendik. Kontua ez da soilik neska eta mutilen parte-hartze orekatua bilatzea; osagai asko dira aintzat hartu beharrekoak: komentarioak, begiradak, bromak, jokalarien sexu joera, jazarpen egoerak kudeatzea... “Hezkidetza ez da neska eta mutilak nahastea eta kitto”. Halaber, badira mutilen taldeetan jokatu baina eredu mistora pasa nahi duten mutilak, “agian ez direlako identifikatzen maskulinitate lehiakorraren ereduarekin”. Zentzu horretan, aipatu behar da mutilek ere mutilen artean bazterketa bizi dutela, arrazoi diferenteak medio. “Ez dut esan nahi emakumeok lehia gogoko ez dugunik e!”, argitu digu.

 

Itsaso Nabaskues

“Galdera ez da ereduak berezitua ala mistoa izan behar duen, baizik eta indarrean duguna aproposa ote den hezkidetzan sakontzeko”

Real, Athletic eta Oiartzun futbol taldeetan jokatu du Itsaso Nabaskuesek, lesio batek erretiroa hartzera behartu zuen arte. Egun, genero berdintasunaren inguruko ikerketa-lanari lotua dago.

Emakumeen futbolaz eta eskola kirolaz hainbat iritzi artikulu plazaratu duzu. Eskola kirola: Zeinentzako kirola? izenekoan (Klitto!, 2016-10-25) kritiko agertzen zara, besteak beste, 10 urterekin neska eta mutilak bereiztearen inguruan.

Zergatik banandu, eskolan denak batera baldin badaude eta gorputz hezkuntza elkarrekin egiten badute? Argi dago hezkidetzari dagokionez lan eskerga dagoela egiteke, badela zer eztabaidatu: Soin hezkuntzan nesken eta mutilen parte hartzea berdina al da? Ala mutilek dute protagonismoa? Eskola kirolean ematen diren jarrerak errepikatzen al dira han ere? Beharbada, eskola kirolean garrantzi handiagoa eman beharko litzaioke hezkidetza sustatzeari, eta ez hainbeste futboleko, saskibaloiko edo eskubaloiko arauak ikasteari.

Hiru kirol “tipiko” horiek egin behar direla nork erabakitzen duen galdetzen zenuen aipatu artikuluan…

Nire ustez galdera ez da eskola kirolak berezitua ala mistoa izan behar duen, baizik eta egiten ditugun jarduerak aproposak ote diren neska eta mutilen parte hartze hezitzailea bermatzeko, hezkidetzan sakontzeko. Eta, agian, hiru kirol horiek ez dira egokienak horretarako. Ez dago legerik behartzen duena eskola kirolean hiru kirol horiek egitea. Zergatik dute orduan horrenbesteko garrantzia? Helburu hezitzaileez gaindiko interesak al daude tartean?

Azken finean, elkar banantzean, neska eta mutilek ikasten dute bereziturik behar dutela egon. Egia da eredu mistoa gaur gaurkoz ezin daitekeela maila eta kirol guztietan txertatu; esaterako, eskola kirola 16 urtera arte luzatzen delarik, klubetan ere elkarrekin joka genezake, baina biologikoki oso desberdinak garela diote eta…

Hori da kontua. Ba al du zentzurik neska eta mutilek elkarrekin jokatzea, 16 urterekin banandu egiten badituzte?

Bananduko naute baldin eta errendimenduaren bidea hartzen badut. Aisialdi talde batera joanez gero mutilekin batera jokatuko nuke palan. Izotz hockeyan elkarrekin entrenatzen dute neska eta mutilek, atletismoan… Kontuan hartuta biztanleen %10ak jotzen duela errendimenduko kirolera, noren interesak behar dira ase, %10 horrenak ala gainerako %90arenak?

Dena den, gauzatxo bat: aintzat hartuta eskola kirolean monitore gisa izan dudan esperientzia [Lezon], eta generoa aldagai oso inportantea dela onartuta ere, esango nuke, orohar, norberak duen abileziaren araberakoa dela talde barruan izango duen protagonismoa; alegia, trebeagoa izan ala ez, bereziki horren menpe dagoela baztertua ala integratua izatea. Bestetik, jende asko senti daiteke baztertua, urritasun bat duelako, sexu-joeragatik…

Monitorearen figura aipatu duzula-eta, hezkidetzan nahikoa trebatuak daudela uste al duzu?

Hain justu horri buruzko ikerketa egiten ari gara Gasteizko campusean, soin hezkuntzako irakasle eta ikasleekin, eta ikusi dugu inklusioaren eta abileziaren inguruan nozio tradizionalak dauzkatela, eta ez direla gai sentitzen etorkizuneko –begiraleak direnean– erronkei erantzuteko. Jarrera positiboa agertu arren mugak dauzkate. Zergatik aritu behar dira neska eta mutilak bananduta? Nola bultza daiteke abilezia desberdineko umeen parte-hartzea?. Gauza askori buruz hausnartu behar dugu.

Bide batez: monitoreei “entrenatzaile” deitu ohi zaie; eskola kirola lehiarekin lotzen dugula erakusten du horrek.

Eskema batzuk barneraturik ditugu oso, subkontzientean iltzaturik.

Hala da. Ez dugunez ezagutzen gauzak egiteko beste eredurik, ondorioez hain kontziente ez garenez, aldatzeko beharrik ere ez dugu ikusten. “Neskei ez zaie kirola gustatzen”. Hori ez da horrela, ez da zerbait genetikoa, ikasitakoa baizik. Subkontzientean dauzkagun gauza horiek dira arriskutsuenak, ez garelako ondorioez ohartu ere egiten.

Kirola, futbola zehazki, tresna eraginkorra izan daiteke balore hezitzaileak transmititzeko, egoki landuz gero bederen…

Hala da, ez dut esaten futbolari boikota egin behar zaionik, baizik eta kontziente izan behar dugula hark duen kutsu maskulinoaz, eta lan egin behar dela balizko jokaera okerrak zuzentzeko, inor baztertua ez sentitzeko… Harremanetan sakondu eta estereotipoak iraultzeko tresna eraginkorra izan daiteke, baina ez abileziaren arabera soilik egituratzen baldin bada.

Askotan, hezkidetzan sakondu aldera, futbola, saskibaloia eta eskubaloiaz gain beste kirol batzuk ere landu beharko genituzkeela hitz egin ohi dugu lankideon artean, baina guraso batzuek errezeloz hartzen dute. Pena da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Auzolanean ikastola eraiki!

Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]


Zigiluen artean elkar ulertu, alternatibak eraikitzeko

Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea, Ekolurra zigilu ekologiko ofiziala, Idoki Iparraldeko etxe... [+]


Nerabeak

Gero eta sarriagotan ikusten ditut nerabeak sufritzen. Irakasle naizenetik Bigarren Hezkuntzan, azken urteotan gero eta kasu bortitzagoen aurrean ikusi dut neure burua, eta hortxe batez ere hasten zaigu irakasleoi korapiloa. Nola lagundu nerabeari? Ikastetxean ordu asko... [+]


Zigiluen artean elkar ulertu, alternatibak eraikitzeko

Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea, Ekolurra zigilu ekologiko ofiziala, Idoki Iparraldeko etxe... [+]


Euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko hizkuntza ofizial gisa aitortzea babestu dute hainbat unibertsitatek

Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari egindako eskaerari Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako 28 unibertsitatek babesa eman diote. Salvador Illa Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Imanol Pradales lehendakariak eskutitz bat sinatu dute eskaerari babesa... [+]


‘Eskumenlagoa’

Hezkuntza Sailak 2025-2026 ikasturtearen antolaketa bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan ebazpena argitaratu du. Urteroko agiria da, uztail hasierakoa; ikasturte-hasierako ebazpena esaten diogu.

Aurtengoan, hauxe jasotzen du euskarazko bertsioak:... [+]


Nagusikeria

Berriz gertatu da. Bartzelonako Unibertsitateko ikerlari batzuek (emakumeak) salatu dituzte beren nagusiarengandik (gizona) jasandako sexu erasoak eta nagusikeria edo botere-gehiegikeria. Eta berriz ere, ospe handiko gizonaren aldeko adierazpena bultzatu dute, baita... [+]


Pediatra, neurologo, psikologo eta psikiatra elkarteak batu dira, deseskalatze digitala eskatzeko

Adituen irizpideei jarraituko dien pantailekiko deseskalatzea premiazkoa da eskolan eta etxean. Osasunaren bueltako Espainiako Estatuko erakunde garrantzitsuenek sortu berri duten plataformak hala dio. Internet eta sare sozialekiko “hiperkonexioa da pandemia berria”... [+]


EIRE euskal unibertsitate-irakasleen elkartearen amaiera

Erakundeek, beren helburua bete ondoren ere, bizirik irauteko ahalegina egiten dute, Max Weber-ek zioen modura. Baina porrotaren kontzeptuaren eremutik haratago joan eta jakinduria eta ausardia behar dira elkarte bat amaitzeko, Alan Badiou gogoratuz.

Euskal Herrian ere... [+]


EHUk euskarazko 32 ikaspostu gehiago eskainiko ditu Medikuntza Fakultatean

2025-2026 ikasturtean, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean euskarazko 32 ikaspostu gehiago eskainiko ditu EHUk. Erakundeak adierazi du kopuru hori lortzea Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarekin izandako... [+]


2025-07-11 | Enbata
Eztabaidaren gainetik… gazte batzuen bizipena

Azterketak euskaraz gaia aktualitatean jarri zen berriz ekainean, baxoaren hilabetean. Etxepare lizeoko ikasleek aldarrikatzen segitu dute Baionako suprefeturaren edo herriko etxearen aitzinean eta euskaraz ari diren irakasleek prentsaurreko bat eskaini dute azpimarratzeko... [+]


2025-07-09 | Hiruki Larroxa
Ikastetxean, taldearen jakituria

Ikastetxeetako ikasgelak, tamalez, espazio gatazkatsuak izaten dira askotan eta, gatazka gehienetan gertatzen den moduan, emozio intentsuak eta minak izaten dira. 2022an, ikastetxeetan aritzen diren beste eragile batzuekin batera, azken urteetan ikasgela askotan bizirik dagoen... [+]


Zergatik ez dago apenas ijitorik unibertsitatean?

Datu latza utzi du Ijito Idazkaritza Fundazioaren azken ikerketak: ijitoen %0,8ak baino ez du unibertsitate titulua lortzen. Espektatiba eta erreferentzia falta, eskola-segregazioa,  aurreiritziak, arrakala ekonomiko eta kulturala… faktore garrantzitsuak dira,... [+]


Etxeko langileen erdiak ez du inoiz lan kontraturik izan, baina enplegatzaileek uste dute “baldintza ezin hobeak” dituztela

EHUk eginiko ikerketaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako etxeko langileen %43,10ak ez du inoiz lan kontraturik izan, baina enplegatzaileen %70ak uste du "baldintza ezin hobeak" ematen dizkietela beren etxeko langileei. Etxeko langileen %27,4 egoera... [+]


Unibertsitatera sartzeko Historia azterketan datorren ikasturterako iragarri berri dituzten aldaketek kezka eta haserrea piztu dute

Unibertsitatera sartzeko azterketa eredu berria estreinatu eta gutxira, datorren ikasturterako azterketa berriz ere “goitik behera” aldatuko dietela eta probak eskakizun maila altua izango duela salatu du EAEko Historiako irakasle talde batek. Azterketa eredua... [+]


Eguneraketa berriak daude